Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzaren patruila ibilgailu berriak erabiltzen hasi dira

2011.eko azaroak 30

Seat Altea XL ibilgailuek sistema elektroniko eta informatiko aurreratuenak eta punta-puntako segurtasun dispositiboak dituzte

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuak Ertzaintzaren Seat Altea XL patruila ibilgailu berriak aurkeztu ditu gaur, Erandioko egoitzan. Urtea bukatu aurretik, horietako 140 unitate martxan jarriko dituzte. Altea modeloko autoak polizia agenteen beharrizanetarako erabat egokituta daude eta Polizia askotan erakutsi dute zein erabilgarri eta eraginkorrak diren. Ertzaintzarentzat garatu duten bertsioak herritarren segurtasunerako agenteek berek egindako ekarpenak biltzen ditu; izan ere, laguntza estua eman dute ertzainek autoa garatzeko. Abian jarritakoan, Ertzaintzak ibilgailu modernoa izango du eskura, komunikazio sistema aurreratuenekin eta segurtasun aktibo eta pasiboa bermatzeko aukera guztiak dituena.

Seat Altea XL da, gaurtik aurrera, Ertzaintzak herritarren segurtasun lanetarako erabiliko duen patruila ibilgailu ofiziala. Ibilgailu erabileraniztuna da eta, Estatuko hainbat polizia talderen lanean erakutsi duenez, polizien lanerako modu bikainean egokituta dago. Ertzaintzak 140 unitate jarriko ditu martxan 2011. urtea bukatu aurretik, eta aurrerantzean gaur egungo patruila ibilgailuak ordezkatzen joango da, apurka-apurka. Hurrengo urteetan, patruila auto guztiak ordezkatuko dira, hainbat txandatan.   

Ertzaintzak 243 patruila auto ditu gaur egun, blindatu gabe. Ibilgailu horiek 14 urte dituzte, batez beste, baina zenbait unitatek 19 urte ere badituzte; ibilgailu zaharrak dira, hortaz. Berriztatzeko, Herrizaingo Sailak ahalegin handia egingo du, Seat Altea berrietako bakoitzaren kostua 33.443 euroko baita, ekipamendu tekniko osoa kontuan hartuta.  

Patruila ibilgailu berri hauek erosteko, Herrizaingo Sailak lehiaketa publikoa egin zuen, herrialde osoko auto eraikitzaile guztiei zabalik, baina azkenean Seat izan zen bere eskaintzan baldintza tekniko eta ekonomiko guztiak eta autoak emateko epeak bete ahal izan zituen ekoizle bakarra.   

Ertzaintzaren Altea ibilgailuen fabrikazio prozesuak hiru pauso dauzka: fabrikazioa bera, karrozeria eta barrualdea egokitzeko lanak eta polizia eginkizunetarako baliabide tekniko eta informatikoak jartzeko egin beharrekoak.

Polizien beharrizanetarako ibilgailu bikaina

Altea ibilgailu zabal, bizi eta indartsua da. Ertzaintzarentzat egindako bertsioaren neurriak hauek dira: 4,667 m luze, 1,768 zabal eta 1,785 altu. Gainera, Volkswagen motorra (1,6 HDI) eta Audik egindako abiadura aldagailua ditu. Halaber, bateria sistema bikoitza eta alternadore indartua ditu, jarritako ekipamendu elektriko guztien elikadura bermatzeko. Serieko modeloaren esekidura ere indartu dute Poliziarentzako bertsioan.  

Ibilgailuaren barrualdeari dagokionez, atxilotuak garraiatzeko espazio berezia du atzealdean, horretarako segurtasun elementu guztiak kontuan hartuta (ateak eskuz zein modu elektronikoan zabaltzeko aukera, atxilotuak kontrolpean edukitzeko argiak, segurtasun uhal egokituak, erauzgailua sabaian, aireztatzeko...).

Maletategian bi modulu daude, herritarren segurtasun lanetarako eta istripuetan parte hartzeko behar den material guztia eramatekoa batetik, eta sistema elektronikoetako batzuk eta segurtasun aktiboko elementuak gordetzekoa bestetik. 

Ibilgailuaren aurrealdeak bi agenterentzako (gidaria eta kopilotua) ekipamendu osoa dauka. Espazio zabal eta erosoa da; oso erraz hel daiteke gai elektroniko eta informatiko guztietara eta komunikazio sistemetara (GPS bilagailua daukan ukipen pantaila bat, besteak beste). Gainera, beren beregi armak, esku argiak eta polizia lanetarako beste elementu batzuk garraiatzeko diseinatutako espazioak ere baditu. Horrez gain, megafonia eta larrialdietarako argi seinale birakariak kontrolatzeko aginteak bolantean bertan daude.     

Ekipamendu informatikoari dagokionez, baldintza txarrenetan ere funtzionatzeko hobetutako ordenagailua dauka, Tetra, 3G, wifi eta bluetooth komunikazioak dituena. Gainera ukipen pantaila du, baita Mifare irakurgailuaren (polizia txarteletan daude horiek integratuta) bidezko sarrera kontrola ere. Sistema horren bidez, Poliziaren datu baseetan kontsultak egin daitezke, eta Ardatz Ertzaintzaren Koordinazio Zentroarekin informazioa partekatzeko modua ere ematen du. Gainera, nabigatzailea automatikoki zabaldu ahal da, gertakari bat dela eta parte hartzeko abisua jaso bezain laster.   

Ibilgailu batzuetan kamerak ere jarri dituzte. Kamera horien bidez, matrikulak kontrolatu egin daitezke, karaktere ezagutza optikoko softwarea baitaukate. Zirkulazioa zaintzera bideratutako autoei esker, gainera, errepidean bertan kobratu eta salaketa orriak eman ahalko dituzte. Aurrerantzean, halaber, Poliziaren datu baseetatik informazioa bidaltzeko izapideetarako protokoloak ezarri ahalko dira. 

Azkenik, frekuentzia inhibitzaileak, ekintza bandalikoen aurkako kristalak eta beste segurtasun sistema aktibo eta pasibo batzuk ezarri dituzte autoetan, agenteen segurtasuna indartzeko.   

Patruila ibilgailu berriek izan beharreko ezaugarri tekniko guztiak lan talde batek ezarri zituen, eta bertan Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako Alorreko agenteek parte hartu zuten, behin unitateak beren esku jarrita ibilgailu horiek erabiliko dituzte horiek, hain zuzen ere.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)