Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza

Hiru mila boluntario “Garbitu dezagun mundua” kanpainan

2011-11-30

63 hektarea lur berreskuratu dira eta bi tona hondakin batu, eta horietatik %60 birziklatu da.

Euskal Autonomia Erkidegoko ia hiru mila boluntariok parte hartu zuten irailaren 16tik azaroaren 16ra Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Ingurugelarekin eta Unesco Etxearekin lankidetzan sustatutako "Garbitu dezagun mundua" kanpainan. 

"Gure ingurunea, gure planeta, gure erantzukizuna" izan da Ingurumenerako Nazio Batuen Programak (INBP) sustatutako ekimen honen hogeita batgarren urteurrena ospatzeko aukeratutako leloa, eta xedea honakoa gogoratzea da: gure ingurunea garbitu, lehengoratu eta artatzen badugu, eragina du planeta osoan.   

Hogeita sei euskal udalerri izan dira boluntarioen lanaren onuradun. Boluntariook talde batzuetara batzen ziren, besteak beste, ezgaituen taldeetara, prestakuntza ziklo guztietako ikasle eta irakasleen taldeetara, langile eta enpresaburuen taldeetara eta ikertzaileen taldeetara.  

Boluntarioek 50 jarduera baino gehiago egin dituzte, alegia, hondakinak batu, birziklatu eta lehengoratzea, bertoko basoak artatu eta lehengoratzea, baratzeak eta lorategiak egokitzea, mugikortasun jasangarrirako ekintzak, sentsibilizazio eta informazioa eta abar.  Guztira, 63 hektarea lur berreskuratu dira eta bi tona hondakin batu, eta horietatik %60 birziklatu da.

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak azpimarratu duenez, "kanpaina mota horrek erakusten du euskal jendartea guztiz dagoela konprometituta ingurumenaren babes eta zaintzarekin".  

Pilar Unzaluk halaber txalotu du Gipuzkoa bereziki kaltetu zuten arestiko uholdeen hondakinak batu eta kentzen ibili diren boluntarioen lan eskerga.

Sailburuaren aburuz, herritarren erantzun hori pizgarria da kontzientziatze eta hezte programekiko -Eskolako 21 Agenda (Euskal Autonomia Erkidegoko derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen %70 dira parte-hartzaile), Azterkosta eta Ibaialde- konpromisoa indartzeko. Programotan, gure kostaldeko eta ibaietako eboluzioari buruz aztertu eta hausnartzen da. Beste programa batzuk biodibertsitate zentroan, ekipamenduetan edo ingurumen interpretazioko zentroetan gauzatzen dira besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)