Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak: «Euskadin zerga-erreforma premiazkoa da»

2011.eko abenduak 02

Lehendakariak adierazi du azken urteotan «ez dela diru-xahutzerik edo gastu-gehiegikeriarik egon, berreskuratzerik egon ez den baliabide publikoen galera izugarria baizik»; hortaz, nabarmendu du zerga-erreforma «premiazkoa» dela, «dirua biltzeko eta, bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren arabera, zerga-ahaleginen bidezko banaketa bermatzeko».

Lehendakariak gaur berretsi du EAEko zerga-erreforma «premiazkoa» dela ongizatearen estatuari, zerbitzu publikoei, eusteko, bai eta ekoizpena laguntzen jarraitzeko eta enplegua sortu ahal izateko ere. Patxi Lópezek fiskalitate berria defendatu du «hazkunde ekonomikoa zigortu gabe eta EAEren ingurunearekin lehia-desabantailak eragin gabe»; halaber, azpimarratu duenez, erreforma ezinbestekoa da, «dirua biltzeko, eta, gure ahalmen ekonomikoaren arabera, zerga-ahaleginen bidezko banaketa bermatzeko».

Patxi López lehendakariak goizean egin ditu adierazpen horiek, gobernu-kontrolerako Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran.

Lehendakariaren iritziz, «krisiari aurre egiteko, gastu-partidak murrizten dituzten politikak ezartzeaz gain, diru-sarrerak nola handitu eta hobetu ere eztabaidatu behar da».

Gainera, lehendakariak gogora ekarri du krisialdi honetan EAEk presio fiskaleko bost puntu baino gehiago galdu dituela, 2012. urterako baimendutako defizita baino gehiago; alegia. «Aurrekontuaren desoreka diru-sarreratik etorri da, baina gastuaren bidez egokitu behar izan da, eta horrek gure eredu sozialaren finantzaketan ondorioak izan ditu», adierazi du. «Gurearen antzeko ongizate-estatuaz gozatzen duten europarrek jasaten duten presio fiskaletik oso urruti gaude, eta jakin badakigu gure herrian iruzur eta itzurpen fiskal handiagoa dagoela», erantsi du.

Doitzeko neurriak administrazio publikoan

Lehendakariaren ustez, kontu publikoak doitzea eta gastuari eustea «ezinbestekoa» da. Eusko Jaurlaritzak hori lortzeko aurkeztutako neurrien bidez, 100 milioitik gora euro aurreztuko lirateke.

Lehendakariak nabarmendu duenez, neurriok herri administrazioko langileen «sakrifizioa» eskatzen dute, baina gogorarazi du «eskubide-itxaropenik»  besterik ez dela murrizten, eta 2012rako bakarrik. Lópezek gaineratu du arlo honetan Eusko Jaurlaritzak «akordioa lortzeko gogor egingo duela lan».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria