Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal gizarteak garrantzia gehiago ematen dio udal- eta foru-hauteskundeei baina gehiago parte hartzen du hauteskunde orokorretan

2011.eko azaroak 30

Azaroaren 20an jasotako %69ko parte hartzearen aldean, elkarrizketatutako pertsonen %86k adierazi zuten botoa ematera joan zirela, agerian jarriz 17 puntutako abstentzioaren ezkutatzea

Elkarrizketatutako pertsonen %43k diote hauteskunde hauen gaineko interes “handia” edo “nahikoa” izan dutela, eta parean, %36k “nolabaiteko interesa” edo “interes gutxi” izan dutela. %21ek diote ez dutela “batere interesik” izan. Aurreko maiatzeko hauteskundeetakoekin alderatuta, datu hauetan agertzen diren ezberdintasun esanguratsuek, hauteskundeen aurrean Euskadin ematen den ohiko jarrera bat agerian jartzen dute: hauteskunde orokorretan ematen den parte hartzea udal- eta foru-hauteskundeetan ematen dena baino handiagoa da.

Víctor Urrutiak, Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen arduradunak, 2011ko azaroko Hauteskunde Orokorren ondoko inkesta aurkeztu du gaur Lehendakaritzan (Gasteiz). %71k diote “alderdi edo koalizio bat bozkatzea erabakia zutela”; hauen parean, %15ek  diote (258.000 hautesle) aukera desberdinen artean zalantzak izan zituztela (alderdi ezberdinen artean, abstentzioa, boto-zuria). %11k diote “abstenitzea erabakia zutela” eta %3k “boto-zuria ematea” erabakia zutela. Botoa ematea erabakita zutenak gehiago dira 65 urtetik gorakoen artean, gainerako taldeetan baino. Botoa eman edo ez, zalantza gehien adierazi zituztenak 18-29 urte bitartekoak izan ziren, eta abstentziorako joera handiena agertu zutenak 30 eta 45 urte bitartekoak izan ziren.

Bi alderdi edo koalizioren artean zalantza egin zutenen artean, %19k PNV eta Amaiurren artean zalantza izan zuten, %14k PSE-EE eta PPren artean, %12k PSE-EE eta IU-Ezker Anitzaren artean, %11k PSE-EE eta PNVren artean, %8k PP eta UPyDren artean, %5ek PNV eta PPren artean, %4k PSE-EE eta Amaiurren artean, eta portzentaje berdinak (%4) Amaiur eta IU-Ezker Anitzaren artean. Azkenik, %12k ez dute galdera hau erantzun.

Botoa ezkutatzea: abstentzioa, PP, Amaiur

Azaroaren 20an jasotako %69ko parte hartzearen aldean, elkarrizketatutako pertsonen %86k adierazi zuten botoa ematera joan zirela, agerian jarriz 17 puntutako abstentzioaren ezkutatzea.

Hauteskunde emaitza errealak eta elkarrizketatuek bozkatutako alderdi edo koalizioaren gaineko iritziak alderatzen baditugu, honoko alderdi eta koalizioetan desberdintasun/ezkutatze esanguratsuak azaltzen dira:

- Partido Popularra (-5,2 puntu)

- Amaiur koalizioa (-3,5 puntu)

Gainerako alderdiak, IU-Ezker Anitzaren +0,5 puntu eta beste+zuriak-en +1,5 puntu artean, eta PNVren -0,8 eta PSE-EEren -1,8 artean mugitzen dira.

Botoa eman dutenen artean, botoa nori eman erabakitzeko garaian faktore nagusia, beste hauteskundeekin bat eginez, alderdi politikoa da oraindik ere (%47entzat). Proposamenak edo programak hiru boto-emailetik batek aipatzen ditu (%29). Hautagaia hirugarren tokian agertzen da, %9arekin. %7k “beste erantzun” batzuk hautatzen dituzte, eta %8k ez dakitela edo ez dutela erantzungo adierazi dute.

Abstenitu direnen artean, gehienez bi arrazoi eskatuta, botoa ez emateko arrazoien artean hauek aipatu dituzte: alderdi edo politikoetan konfiantza galdu izana (%37), politikaz eta hauteskundeetaz nazkatuta egotea (%28), “botoa ematea ala ez berdin diola pentsatzea, ezertarako balio ez duelako” (%20), bere gustuko aukerarik aurkitu ez izana (%20), desadostasuna agertu nahi izatea (%13). Hauteskunde orokorrei garrantzia gutxi ematea eta nori botoa eman jakin gabe desorientatua egotea portzentaje txiki batek baino ez dute aipatu (%2), eta elkarrizketatutako lau pertsonatatik batek “beste arrazoi” batzuk eman ditu (%24).

Gehienek (%54) positiboki baloratzen dituzte azaroaren 20ko Hauteskunde Orokorren emaitzak

Behin hauteskundeetako emaitzak ikusita, elkarrizketatutako pertsona gehienek (%54k) “gehienbat positiboki” baloratzen dituzte emaitzak, %21ek “gehienbat negatiboki” baloratzen dituzten bitartean. Elkarrizketatutako lau pertsonatatik batek (%24) ez du baloraziorik egiten jakin edo ez du egin nahi izan.

Diputatuen Kongresurako boto gehien lortu duen alderdi edo koalizioaz galdetuta, berriz, %41ek Amaiur izan dela adierazi dute, nahiz eta PNV izan boto gehien lortu dituen alderdia (alderdi hori elkarrizketatuen %29k aipatu dute).

Emaitzak ikusita, gehiengo zabalak (%97) emandako botoarekin konforme daudela adierazi dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)