Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzako ikerketa-proiektuetan diharduten pertsonen % 66 emakumeak dira

2023-02-10

OTSAILAK 11, ZIENTZIAKO EMAKUMEEN ETA NESKEN NAZIOARTEKO EGUNA

 

Gero eta gehiago dira Bioaraban, Biocruces Bizkaian, Biodonostian eta Kronikgunen ikerketa-jarduerak zuzentzen dituzten emakumeak

 

Osakidetzak 40 urte bete ditu, eta markako datuak aurkeztu ditu ikerketa-proiektuetan parte hartzen duten emakumeei dagokienez.  Izan ere, Osakidetzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planean jasotako ekintza nagusietako bat da Osakidetzako ikertzaileen artean eta ikerketa-taldeen lidergoan emakumeen presentzia sustatzea.

 

Osakidetzako zentroetan osasunaren esparruko ikerketan diharduten 2.703 pertsonetatik, 1.803 emakumeak dira, hau da, % 66. Guztiek bikaintasuneko osasun-ikerketa egiten dute Euskadin, Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune izeneko osasun-ikerketako institutuetan. Gainera, azpimarratu beharra dago gero eta emakume gehiagok hartzen dutela beren gain proiektu horien lidergoa. Zehazki, ikertzaile nagusien % 56 emakumeak dira, hau da, 453tik 252.

 

Bioaraba, Biocruces-Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune osasun-ikerketako institutuek ikerketa translazionala egiten dute, hau da, haien jarduera ezagutza zientifikoak jardunbide klinikora eramateko prozesua bizkortzera bideratuta dago (nazioarteko gomendioen arabera), baita ikerketan eta berrikuntzan prestatzera ere.

 

Eta, hori guztia, honako hauekin bat etorriz: Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2022-2025, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 ZTBP Plana, Espezializazio Adimentsuko Estrategia (RIS3) eta Estatuko eta Europako esparruan ezarritako estrategiak.

 

Ikerketetan lantzen diren gaien artean, onkologiako I+Ga eta neurologiako I+Ga nabarmentzen dira, sistemaren jardueraren % 16 eta % 15 hartzen baitute, hurrenez hurren. Bigarren maila batean, ikerketaren % 4tik gorako proportzioarekin, azpimarratu beharrekoak dira endokrinologiako, psikiatriako eta arnas sistemako arloak.

 

Azpimarratu beharra dago, halaber, garatzen ari diren proiektuen kopuruak, saiakuntza klinikoak barnean hartuta, % 23ko igoera izan duela azken lau urteetan. Proiektu horien artean, euskal enpresekin eta eragile zientifiko teknologikoekin lankidetzan egindako proiektuak nabarmentzen dira. Izan ere, 59 izan ziren 2018. urtean, eta 136 izan dira 2022an.

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak, ikerketan diharduten zentroetako profesionalekin batera, bat egin dute aurten ere Zientziako Emakumeen eta Nesken Nazioarteko Egunarekin. Egun horren bidez, emakumeek eta neskek zientzian bete-betean eta berdintasunez parte hartu ahal izateko helburua lortu nahi da, sektore horretan dagoen genero-arrakala murriztu ahal izan dadin.

 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 10a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan