Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan diharduen Aminetu Haidar-ek jasoko du René Cassin saria

2011.eko azaroak 29

Saria emateko ekitaldia bihar egingo da Lehendakaritzan

Ekintzaile honen ospea mundu osora iristen da. Inork non zegoen jakin gabe, espetxeratuta egon zen 1987tik 1991ra, eta 2005ean zauri larriak egin zizkioten manifestazio batean. Ospitalean sendatzen ari zela, atxilotu, espetxera eraman eta han eduki zuten hainbat hilabetez; han zegoela, gose-greba egin eta oso makaldu zitzaion osasuna. Giza eskubideen Sajarov saria jasotzeko hautagai izan zen, eta kondena betetzen ari zela Juan Maria Bandres saria eman zioten, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeko Errefuxiatuekiko Elkartasunaren eta Asilo Eskubidearen Defentsaren saria, alegia.

Ekintzailea “saharar herriaren borrokaren ikurra” dela adierazi du epaimahaiak. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Idoia Mendiak, Giza Eskubideen René Cassin saria emango dio bihar Lehendakaritzan (19:30etan) mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan diharduen Aminetu Haidar-i.

Orain dela gutxi, Solidar GKEen nazioarteko aliantzaren Silver Rose saria eman diote, gizabanakoen askatasun eta duintasunaren alde egin duen lanagatik. 2009ko azaroan, New Yorken Train fundazioaren Kuraia Zibilaren 2009ko saria jaso ondoren bere herrira bueltan zihoala, polizia- eta segurtasun-indar marokoarrek berriz atxilotu zuten, oraingo honetan El Aaiun-eko aireportuan, Mendebaldeko Saharako lurralde ez autonomoan. Gero, El Aaiunetik kanporatu zuten eta beste gose-greba bat egin zuen Lanzaroteko aireportuko terminalean bertan.

Saria emateko erabakiaren irizpen arrazoituak azpimarratzen duenez, saharar herria egiten ari den giza eskubideen aldeko borrokaren ikurra da Haidar. Errealitate gordinak argi erakusten duenez, lan zaila eta arriskutsua da giza eskubideen aldeko borroka hori, agintari marokoarrek setati jarraitzen baitute Nazioarteko Zuzenbideak giza eskubideen defendatzaileei aitortutako eskubideak zapaltzen eta hitz egiteko, biltzeko eta elkartzeko eskubideak urratzen.

Epaimahaiak, era berean, azpimarratu du defentsa-lan hori are zailagoa eta arriskutsuagoa dela saharar emakumeentzat, izan ere bizimodu tradizionalari jarraipena emateko funtsezko eginkizuna dutenez, haien giza eskubideen aurka gehiegikeri handiak egin izan eta egiten baitira.

Saria Aminetu Haidarri emateko, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako giza eskubideen aldeko ekintzaile-taldearen ordezkaritzat bera jotzen dela ere hartu da kontuan.

Sariaren epaimahaia, Idoia Mendia andreak (Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburua), María Victoria Cinto andreak (Justiziako sailburuordea), Inés Ibáñez de Maeztu andreak (Giza Eskubideen zuzendaria), José Ángel Cuerda jaunak, Edmundo Rodríguez jaunak, María Oianguren andreak, Silvia Escobar andreak eta Gorka Landaburu jaunak osatu dute.

Ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza eman duten pertsonak edo gizataldeak jendaurrean aitortzea eta saritzea da sariaren helburua, eta saridunak ohorezko aipamena, jendaurreko aitorpena eta 16.550 euroko diru- zenbatekoa jasoko ditu.

Sariaren izena 1887ko urriaren 5ean Baionan jaio zen René Cassin jaunaren oroimenez ezarri da. I. Mundu Gerrako zorigaiztoko esperientziak eragin nabarmena izan zuen berarengan eta borrokan ibilitakoen eta gerrako biktimen defendatzaile porrokatu bihurtu zen. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen 1948an, eta 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean funtsezko zeregina izan zuen. 1968an Bakearen Nobel saria eman zioten giza eskubideen alde atsedenik hartu gabe buru-belarri ibili zelako; sari hori Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen.

Iruzkin bat
  • @museodelapaz
    2011.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    Aminetu Haidar has been awarded yesterday the Prize René Cassin 2011 by the Basque Government. She is a defender... http://t.co/zNN9yXvM

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, Aminetu Haidar