Hauteskundeak 2024
qrcode

Garamendik emakumeen lana ikusaraztearen garrantzia azpimarratu du, baita zientziaren eta teknologiaren arloan ere

2023-02-10
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Metro Bilbaoko Abandoko geltokian dagoen ‘Euskal Emakumeak Zientzia eta Teknologian’ erakusketaren irekieran parte hartu du
  • Itelazpik sustatu du erakusketa, Eusko Jaurlaritzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Metro Bilbaoren laguntzarekin. Zientzia eta teknologian erreferente diren euskal emakumeen irudiak biltzen dituzten 13 panel daude
  • Zientzian Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Garamendik adierazi du zientzian emakumerik ez egotea edo emakume gutxi egotea iraganeko kontua izan behar dela: “Nire Sailetik eta Eusko Jaurlaritzatik apustu sendoa egiten dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde esparru guztietan”

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak ‘Euskal Emakumeak Zientzia eta Teknologian’ erakusketaren irekieran parte hartu du gaur, Abandoko geltokian, Bilbon. Olatz Garamendik zientziaren eta teknologiaren alorrean emakumeen lana ikusaraztearen garrantzia azpimarratu du eta berretsi du bere Sailak, eta oro har Eusko Jaurlaritzak, apustu sendoa egiten dutela emakumeak arlo horretan duen talentuaren, ezagutzaren eta potentzialaren alde.

Garamendik Metro Bilbaoko geltokia bisitatu du gaur eguerdian. Bertan, zientzia, teknologia eta ingeniaritza arloetan erreferente diren euskal emakumeen irudiak dituzten hamahiru panel daude ikusgai. Arlo horietan, emakumearen presentzia ikusezina izan da historian zehar, eta erakusketak bere iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko lanaren garrantzia azpimarratzen du. “Zientzian emakumerik ez egotea edo emakume gutxi egotea iraganeko kontua izan behar da; izan ere, gizarte gisa, ezin diogu uko egin emakumeok eskaintzen dugun ezagutza, kosmobisio, talentu eta potentzial guztiari”, adierazi du Sailburuak.

Ildo horretan, gaineratu du erakusketak aukera ematen duela emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egiten duten lana ikusarazteko, eta, horrela, emakumeentzako erreferenteak sortzen dira, arlo horiek karrera profesional gisa aukeratzen eta esparru zientifikoan genero berdintasuna lortzen lagun dezaketenak. “Erakusketa honen bidez, emakume horiek ikusarazi nahi ditugu, eta beste eremu batzuetako neskek eta beste emakume batzuek beren burua begiratzeko ispilua” izan daitezela nabarmendu du.

Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Errektore Eva Ferreirak, Itelazpiko Zuzendari Nagusi Matxalen Lauzirikak eta Metro Bilbaoko Zuzendari Nagusi Eneko Arruebarrenak. ‘Euskal Emakumeak Zientzia eta Teknologian’ izeneko erakusketak berdintasunean sentsibilitzeko asmoz egin ohi duen mahaigaineko egutegian argitaratutako irudiak biltzen ditu. Egutegi horrekin, Itelazpik (Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako telekomunikazio azpiegituren sozietate publikoa), eta bereziki bere berdintasun taldeak, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso irmoa erakusten du urtez urte.

David Fernandez marrazkilariak prestatutako ilustrazioetan, euskal unibertsitate publikoari lotutako curriculum oparoko 24 irakasle eta ikertzaile agertzen dira, zientziaren, robotikaren, telekomunikazioen, ingeniaritzaren, matematikaren edo fisikaren esparruan lan egiten dutenak, besteak beste. Formatu handiko panelak dira, otsailaren 28ra arte ikusgai egongo direnak Abandoko metro geltokiaren instalazioetan. Ondoren, Bilboko beste metro geltoki batzuetara eramango da erakusketa. Aldi berean, martxotik aurrera, erakusketa UPV/EHUko hiru campusetan ere paratuko da.

Emakumeak, gutxiengo - Erakusketako protagonistetako batek, Itziar Cabanes sistemen ingeniaritzan eta robotikan Katedradunak, aurkezpen ekitaldiarekin bat egin du, eta bera azaltzen den ilustrazioaren aurrean adierazi du “emakumeok beti izan garela ingeniaritzan gutxiengo, nabarmen, eta horrek gure gaitasunak eta talentua gizonen aurrean gehiago erakustera behartu gaitu”. Horregatik, zientzia eta teknologia maite dituzten neska eta nerabeei dei egin die “ikasketa eta etorkizun zientifiko eta teknologiko baten aldeko apustua” egin dezaten.

Bestalde, Eva Ferreira Errektoreak (matematikan lizentziaduna eta UPV/EHUko Katedraduna) adierazi duenez, erakusketa “aukera paregabea da euskal gizarte osoak, eta bereziki gure gazteek, bertatik bertara ezagutu dezaten Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialariek eta teknologoek egiten duten lana”. Ildo horretan, beren jakintza arloan “karrera bikainak egiten ari diren zientzialarien lana zabaldu” behar dela gaineratu du.

Azkenik, Metro Bilbaoko Zuzendari Gerenteak, Eneko Arruebarrenak, adierazi du egunero 300.000 pertsona inguru ibiltzen diren garraio publikoko zerbitzu bat garela kontuan hartuta, horrelako erakusketek sendotu egiten dutela metroa, “garraiobide gisa ez ezik, gazteenei inspirazio iturri izango zaizkien ekimenak zabaltzeko laguntza plataforma gisa ere”.

Bihar, otsailak 11, Emakumeak eta Neskak Zientzian Nazioarteko Eguna ospatuko da eta egun horren bezperan dator Abandoko metro geltokiko erakusketa hau.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak