What the Basque?!
qrcode

Euskal ekonomiak hazkunde handiko eremuan jarraitzen du urtearen hasieran

2023-02-09

Euskal ekonomiak “hazkunde sendoko” eremuan finkatuta hasi du urtea, 100 puntutik gora mantendu baita urtarrileko erregistroa (110,9) ezagutu ondoren. Datu hori, hala ere, abendukoa (113,1) baino bi puntu txikiagoa da, Ekonomia eta Ogasun Sailak urtarrilean prestatutako termometroan jasotakoaren arabera.

Kontsumoak, publikoak zein pribatuak, gorakada txikia izan du, eta inbertsioak, berriz, moteldu egin du pixka bat bere hazkundea. Bestalde, merkataritza-saldoak okerrera egin du, esportazioen hazkundea inportazioena baino gehiago murriztu baita. Eskaintzaren osagaien arabera, industriak eta zerbitzuek intentsitatea galdu dute, eta badirudi eraikuntzak pixka bat gora egin duela. Enplegu-sorrerak aurrera jarraitzen du, baina dinamismoa galdu du.

Ukrainako gatazkaren lehen urtea betetzeko egun gutxi falta direnean, Errusiaren inbasioaren ondorioak adierazleen bilakaeran nabarmentzen dira oraindik ere, munduko ekonomian dezelerazioa izan baita, eta horrek isla izan du euskal ekonomian, eta, ondorioz, zaildu egin da pandemia amaitu ondorengo suspertzea.

2021eko apiriletik, EAEko ekonomia “hazkunde sendoko” eremuan mantentzen da. Urte horretako maiatzean lortu zuen bere daturik onena (145,5 puntu) euskal ekonomiaren termometro horretan.

Termometroa hilero egiten da, euskal ekonomiaren 100 adierazletik gora oinarri hartuta, eta hilabete bakoitzaren lehen egunetan argitaratzen da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan