Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Etorgai programak bere deialdia aurreratu du % 40ko gehikuntzarekin (2011-11-29(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko azaroak 29

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeari buruzkoa. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoan izaera estrategikoko industria-ikerketa eta garapen esperimentaleko proiektu integratuak egiteko laguntza-programa finantzatzea, 2012ko ekitaldian zehar. Etorgai Programa

Etorgai programak 42 milioi euro baino gehiago biltzen ditu industria-ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko hainbat urtetarako proiektu integratuak garatzeko.

2009az geroztik 513 enpresatako 89 proiektu babestu dira.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatuta, izaera estrategikoko eta lankidetzarako I+G+B bultzatzeko Etorgai programetarako laguntza-deialdiaren aurrerapena onartu du gaur, 42,1 milioi euroko hasierako aurrekontuarekin.

Etorgai programaren helburua euskal enpresa-sektoreari laguntzea da, izaera estrategikoko industria-ikerketako proiektuak egiteko. Dimentsio eta hedadura zientifiko-teknologiko garrantzitsua duten arlo estrategikoetako proiektuak finantzatzera zuzenduta dago ekimena, eta etorkizuneko jardun estrategikoko eta nazioartean proiekzioa izan dezaketen arloetan lankidetzan oinarritutako ikerketa planifikatua lortzera bideratua dago, eta baita garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzera ere.

2012ko ekitaldirako 42.119.631 euroko partida bildu da aurrekontuan, eta horri esker azken urteotan lehen lerroko industria-partzuergoek erakutsitako eskari handiari behar bezalako erantzuna emango zaiola espero da.

Laguntza horiek itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen formularekin emango dira, eta lehiarako diru-laguntzatzat hartuko dira. Erakunde onuradunak ETEak nahiz enpresa handiak dira, baita fundazioak eta enpresa-elkarteak ere.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 28 milioi eurorekin hornitu zuen programa hori 2011-2013 aldirako (hainbat urtetarako proiektu horiek gehienez 3 urteko burutzapen-epea dute). Uztailean, Eusko Jaurlaritzari beharrezkoa iruditu zitzaion funts gehigarrien programa indartzea eskari handira egokitzeko eta euskal enpresek I+G+Bko beren inbertsioan, egungo egoera ekonomikoan, atzerapauso bat ematea saihesteko, eta beste 6 milioi euro gehiagotan gehitu zuen partida.

Irizpide berari jarraiki, % 40 gehitu dute diru-kopurua 2012ko deialdirako, honako zenbateko hauetan banatuta deialdi berriak biltzen dituen 3 burutzapen-urteetarako: 21,8 milioi 2012rako; 12,3 milioi euro 2013rako; eta 8 milioi 2014rako.

2011ko deialdian lagundutako proiektuen I+Gko enpresa-inbertsioa 241,2 milioi euroko zenbateko garrantzitsura iritsi da. Deialdi berriak 300 milioi eurotik gorako enpresa-arloko I+Gko inbertsioa mobilizatzeko gai izatea espero da.

Aurreko deialdietan, proiektuak hainbat arlo estrategikotan dibertsifikatu dira, biozientziak, nanoteknologiak, energia, garraio adimenduna, manufacturinga, material berriak eta IKTak barne.

Programa hau 2020rako Europako helburuak bete nahi dituen 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Planarekin lerrokatuta dago, eta horrenbestez, ekonomia lehiakor eta dinamiko bihur dezake Euskadi, jakintzan oinarriturikoa, ikuspegi kualitatibo eta kuantitatibo batetik enplegua sortzeko gai dena. Inbertsio horrek Euskadiren lehiarako abantaila lortzen eta herrialde-proiektu estrategikoak gauzatzeko beharrezko esparrua sortzen lagunduko du.

Deialdien aurrerapena

Programa hauen deialdiaren aurrerapena duela bi urte hasi zen enpresek I+Gko proiektuen jarduera-gastuak aribideko ekitaldiaren hasieratik egotzi ahal izateko bideraturiko neurri gisa. Politika horrekin geldialdiak saihesten dira I+Gko jardueran. Etorgai 2012 deialdirako, 2012ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra arteko gastuak egotzi ahalko dira deialdiaren aurrerapenari esker.

Deialdia aurretik ixtea

Enpresa-arloko I+Gko gainerako programetan (Gaitek, NETs eta Hedatu) bezala, Etorgaiko deialdiak eskaerak aurkezteko muga-eguna izango du, martxoaren 30a, hain zuzen ere. Deialdiaren ebazpena ere aurreratu ahal izatea da deialdia ixteko egunak aurreratzearen arrazoia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan