Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Lana eta Enplegua
qrcode

Laneko Ikuskaritzak mugagabe bihurtu zituen 8.760 kontratu 2022an Euskadin

2023-02-06
  •  Aurten, Laneko Segurtasun eta Osasuneko baliabideak areagotuko dira, ikuskatzaile eta ikuskatzaileorde lanpostu gehiago sortuz

Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok eta Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Iciar Gonzálezek joan den urteko Laneko Ikuskaritzaren balantzea aurkeztu dute gaur Bilbon. Ikuskaritzari esker, 8.760 kontratu mugagabe eta lanaldi osoko bihurtu dira. Gainera, 2023rako aurreikusitako kanpainak aurreratu ditu; besteak beste, ikuskatzaileen eta ikuskatzaileordeen plantilla handitzearen ondorioz segurtasun- eta osasun-jarduerak areagotzea.

Iaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Ikuskaritzak 25.948 kontratu berrikusi zituen, 14.559 kontratazio-iruzurraren aurkako borrokaren baitan, eta beste 11.389 kontratu, talka-planaren esparruan. Horietatik 8.760 kontratu mugagabe eta lanaldi osoko bihurtu ziren, 3.027 ohiko jarduerakoak eta 5.733 talka-planekoak.

Pérez Barredok azaldu duenez, Laneko Ikuskaritzaren eginkizuna “ez da zigortzailea, langileen eskubideak bermatzea baizik, eta, jarduten duen neurrian, enpresek egoera jakin batzuk zuzentzen dituzte, beren ekimenez”. Ildo horretan, adierazi du “iaz onartutako lan-erreforma, zalantzarik gabe, faktore zuzentzailea dela berez, izan ere, bere ustez, kontratuek mugagabeak izan behar dute, eta oso ondo azaltzen du zein izan daitezkeen aldi baterako. Horregatik, langileen egoera argitzeaz gain, Laneko Ikuskaritzak kontratazioa kontrolatzeko egiten duen lana errazten du”.

Aldi baterako kontratazioko iruzurraren aurkako kanpainak 2018tik egiten ari badira ere, iaz lehen aldiz jarri zen abian kontratazio partzialaren arloko ikuskapen-jarduera bat. Iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresnak lortutako datuen arabera, sektoreko batez bestekoa baino lanaldi partzialeko langile gehiago zituzten enpresei dagokienez, azken lauhilekoan 4.946 gutun bidali zitzaizkien beste hainbeste enpresari, 11.436 langileri eragiten zietenak. Antzemandako irregulartasun posibleak zenbat konpondu dituzten jakiteko zain gaude, dagokion jarduketa hasi aurretik.

Era berean, hildakoak eragin dituzten ezbehar-tasa murrizteko talka-plan bat garatu zen Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Estatuko Erakunde Autonomoarekin (OEAITSS) lankidetzan eta Osalanekin koordinatuta, besteak beste, honako sektoreetan: eraikuntzan, hondakinen bilketan, instalazio elektrikoetan, errepideko garraioan eta etxe-aldaketetan.

Iazko beste berrikuntzetako bat izan zen udako plan bat martxan jartzea, batik bat prebentziorako, berotegietan, garbitegietan, tindategietan, eraikuntzan, ostalaritzan eta aire zabaleko hainbat jardueratan tenperatura altuen eraginpean egoteagatik. Aurten berriz egitea aurreikusita dago, baina ingurumen-baldintza txarretara zabalduta.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna

Lan-harremanak eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeari buruzko guztia ere Ikuskaritzaren jardueraren parte dira. Ildo horretan, Iciar Gonzalezek nabarmendu du 2023an jarraituko dela 2022ko martxotik aurrera 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan berdintasun-planen ezarpena egiaztatzen, eta enpresetan jazarpen-protokoloaren kanpaina areagotzen, aurten lortutako emaitza onak direla eta. Ordainsari-desberdintasuna eta sexuan oinarritutako diskriminazioaren arloko ikuskapena ere jarduketen xede dira.

Era berean, aurten ostalaritzako gelak garbitzeko kanpaina bultzatuko da, 2022an egin ez zena. Kanpaina horren helburua laneko arriskuetan eragitea da, batez ere arazo muskulueskeletikoetan, bai eta kontratazioa eta azpikontratazioa, lanaldiak eta soldatak kontrolatzea ere.

2023ko aurreikuspenen artean, nabarmentzekoa da, halaber, enplegu-zentro berezietan jardutea, eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2021-2026 Euskal Estrategiarekin bat etorriz, Segurtasun eta Osasun arloko ikuskapen-jarduketak areagotzea. Hori posible izango da, legegintzaldiaren hasieran Ikuskaritzan lanpostu gehiago sortzeko hartutako konpromisoari esker, zeina gauzatzen ari baita. 2022ko itxieran, 51 ikuskari-plaza eta 20 ikuskatzaileorde zeuden. 2023an bi lan-ikuskatzaileorde eta zazpi Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaile lanpostu gehitzea aurreikusten da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)