Tabako Kerik Gabeko Euskadi
qrcode

Euskadik lortu du 2022an azken hamarkadan hasitako etxebizitza babestuen kopuru handiena

2023-02-03
  • Sektore publikotik eta pribatutik babes publikoko 2.245 etxebizitza sustatzen hasi ziren 2022an, 2021ean baino % 35,3 gehiago
  • Etxebizitzen % 41,3 alokairuan hartzeko izango dira eta % 58,7 erosteko

 

 

Eusko Jaurlaritzak, 2022an, babes ofizialeko 2.243 etxebizitzaren sustapenaren hasiera* erregistratu du, etxebizitza mota horien kopururik handiena, bai erosketa-erregimenean, bai alokairu-erregimenean, 2011tik, orduan 3.151 izan baitziren. 2021ean baino % 35,3 gehiago da, eta joan den hamarkadako krisi ekonomikoaren ondoren hasitako erritmoa berreskuratzea dakar, kontuan izanik orduan izan zuela sorburua higiezinen sektorean eta etxebizitzen eraikuntzan. 2022ko hasieren kopururik handiena Bizkaian erregistratu zen, 1.147 etxebizitzarekin; ondoren, Gipuzkoan, 652 etxebizitzarekin eta, azkenik, Araban, 444 etxebizitzarekin. Iaz hasitako etxebizitza guztietatik, % 41,3 (926) alokairurako izango dira eraikitzen amaitzean, eta % 58,7 (1.317) salmentarako izango dira.

Salmentaren bigarren modalitate horren kasuan, hasitako etxeak honela banatzen dira lurraldeka: 821 Bizkaian, 277 Gipuzkoan eta 210 Araban. Etxebizitzaren Euskal Legeak jasotzen duen bezala, salmentaren alternatiba 2020tik sektore pribatura mugatuta dago, administrazio publikoek alokairuko parke publikoa handitzen zentratu behar baitute soilik. Sektore pribatuak sustatutako salmentako babes ofizialeko etxebizitzek babes publikoko etxebizitzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzte, eta etxebizitza babestuei buruzko araudiaren prezioei jarraitzen diete. Azken horiek 2022ko uztailean eguneratu ziren, hamabi urtez geldituta egon ondoren, salgai eta tasatuta dauden babes ofizialeko etxebizitzen prezioak egokitzeko helburuz, hau da, benetako kostuetara egoki zitezen eta, horrela, etxe-tipologia horren promozioa sektore pribatuan sustatzeko asmoz. Etxebizitza babestuen mota desberdinen artean, sustatzaile pribatuek hasitakoak 1.171 dira, 2011tik, 1.955 erregistratu zirenetik, lortu ez den zifra.

Alokairua, 2008tik izandako zifrarik onenak

Alokairurako hasitako 926 etxebizitza babestuen kopuru handiena (375) Gipuzkoan kontzentratzen da, ondoren Bizkaian (326) eta Araban (225). 2022an baino hasiera altuagoak dituen urtea aurkitzeko, estatistikak 2008ra egin du atzera, 1.125 etxebizitza erregistratu ziren urtea. 1990ean hasitako serie historikoan, alokairuen hasierei dagokienez, 2022koak gainditu dituzten urteak hauek bakarrik izan dira: 2008, 2007 (1.842) eta 2005 (1.409).

Merkatuan etxebizitza-eskaintzarik ez egotearen arazoa —bai alokatzeko bai jabetzan eskuratzeko— gako nagusietako bat da argitzeko Euskadin etxebizitza eskuratzeko dauden erronkak eta dagozkien prezioak” Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik azaldu duenez. “Euskal gizartearen premiei erantzuteko beharrezkoak diren hasierako erritmoak berreskuratu direla egiaztatzen dute 2022ko datuek, eta hauxe erakusten dute, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Legearen garapenean egindako arau-aldaketak, besteak beste alokairu eskuragarriaren figura sortzea edo etxebizitza babestuen prezioak eguneratzea, funtzionatzen ari direla sektore pribatua eraikitzera bultzatzeko orduan, arrazoizko prezioekin alokatzeko eta, azken batean, sektoreko eragile nagusiek Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean hartzen ditugun konpromisoetan aurrera egiteko orduan, kontuan izanik itun horren helburu nagusietako bat etxebizitza babestuen parkea handitzea dela”.

Euskadin, gaur egun, 69.000 BOE inguru daude, publikoak eta pribatuak, eta horietatik 55.500ek kalifikazio iraunkorra dute.

Hasieren artean alokairu eskuragarriaren espezialitateko lehen proiektuak daude, eta horien ordena joan den udazkenean onartu zen. Horrek alokairuko tarte bat ezartzen du 21.000 eta 39.000 euro bitarteko urteko errenta haztatuak dituzten bizikidetza-unitateentzat, eta 18.000 eta 45.000 euro arteko dirulaguntzak sartzen ditu etxe bakoitzeko, kolektibo horrentzat etxebizitzak eraikitzeko apustua egiten duten sustatzaile pribatuentzat (7.000 familia inguru daude erregistratuta Etxebiden). Administrazio publikoek, berriz, parke hori errenta txikienetarako handitzen jarraitzen dute, batez ere 12.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenentzat (alokairuko hamar eskatzailetik ia sei Etxebiden).

 

*Estatistikoki administrazioaren behin-behineko kalifikazioa lortzen duten sustapenak kontutan hartzen dira.  

 

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @IKERSANROMAN1
    2023-02-03

    Comentario de Twitter:
    Euskadi registra el mayor número de viviendas protegidas iniciadas en la última década https://t.co/iHTeJD2G5h

  • Argazkia SN Robot
    @EtxebizitzaEJGV
    2023-02-03

    Comentario de Twitter:
    🏠Euskadik lortu du 2022an azken hamarkadan hasitako etxebizitza babestuen kopuru handiena
    🔗https://t.co/09Tf9V69q8https://t.co/AoevDeugkh

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak