Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

2023. urtean euskara industria arloan indartzeko konpromisoa berretsi eta Innobasqueri ongietorria eman dio Indeusek

2023-02-02
  • Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoaren egoitzak hartu du Indeusen urteko Batzar Orokorra, Energiaren Euskal Erakundearen eta Spriren Zuzendari Nagusien eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen parte-hartzearekin

Urtero legez aurten ere, Industriaren Euskal Plataformak Batzar Orokorra eginez eman dio hasiera urteari. Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusia eta Aitor Urzelai, Spriren zuzendari nagusia, buru izan dituen bileraren hasieran, Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatuak ongietorria eman die Indeuseko kideei, Batzar Orokor hau berak zuzentzen duen Sailaren egoitzan egin baita. Batzar honetan gainera, lehen aldiz hartu du parte Innobasquek, gaurtik aurrera ekimeneko kide bihurtuta.

Aurten bost urte bete dituen ekimeneko kideek 2023. urtean egin beharreko lanetan jarri dute azpimarra eta bereziki bi arlo nabarmendu dituzte:

  1. Enpresetan derrigorrezko ikuskaritzak egiten dituzten enpresekin lanean jarraitzea ikuskaritzok euskaraz egiteko aukera bermatzeko.
  2. Euskadiko erakunde publiko eta pribatu askok erabiltzen dituzten softwareetan hizkuntza-eskaintzan euskara txertatzeko eskatzeko kanpaina abiarazi.

Horrekin batera, euskararen erabilera maila txikia duten Indeuseko kideei euren enpresetan euskara txertatzen laguntzeko konpromisoa hartu da, batzuen praktika onak partekatuz eta bertatik bertara ezagutuz.

2023rako erabakitako erronken artean, berriz, Plataformaren “laguntzaile sarea” osatzen eta sendotzen joatea dago, Indeusen harreman esparrua zabalduz bai euskalgintzako eremura, baita tokian tokiko eremu sozioekonomikora ere.

 Zer da Indeus?

INDEUS Industriaren Euskal Plataforma da, 2018. urtean sortua, Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bultzatzen dutena. Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. Eta ibilbide honetan, INDEUSek euskararen presentzia txikia duten enpresei ere ireki dizkio ateak, aurrekoen eskarmentua besteen eredu izango delakoan.

31 dira Industriaren Euskal Plataforman parte hartzen ari diren enpresa eta elkarteak: AMPO, BATZ, BIELE GROUP, BRTA, CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBATGROUP, EGA MASTER, EGA SOLUTIONS, EGOIN, EIKA, ELAY, ENERGIA KLUSTERRA, ESLE ELKARTEA, EUSKAL HERRIKO ITSAS FOROA, FAGOR, GAIA KLUSTERRA, GOIZPER, IKERLAN, INNOBASQUE, MAIER, OREKA IT, ORKLI, ORONA, PETRONOR, SISTEPLANT, TECNALIA, ULMA CONSTRUCCIÓN eta VICOMTECH.

Erakunde publikoak, berriz, sei: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Spri-Enpresen Garapenerako Agentzia, Energiaren Euskal Erakundea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru aldundiak.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-02-04

    Hizkuntzaren eta industriaren garapenagatik, trabak jartzea jabetza intelektual industriala beste leku batean kopiatu ahal izateko Know how, konpentsaziorik gabe, baita araudia ziberdelinkuentzia-bazkarako berme juridikorik ez dagoenean ere.

  • Argazkia Xaver
    2023-02-04

    Por el desarrollo de la lengua y de la industria poner trabas a que la propiedad intelectual industrial pueda ser copiada en otro lugar el Know how incluido sin compensaciones siquiera donde la normativa no queda desplegada falta de garantías jurídicas pasto de ciberdelincuencia.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)