Zeinu hizkuntzaren eguna
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, urtarrila hotza eta oso hezea izan da

2023-02-01
  • Hilabeteko lehenengo egunean tenperatura maximoen errekorrak hautsi ziren arren, bigarren hamabostaldian denborale batek neguko lehenengo elurrak ekarri zituen

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, urtarrila hilabete hotza eta oso hezea izan da, eta Euskadin batez besteko tenperatura batez besteko normala baino 0,3 °C baxuagoa izan da.  Hala eta guztiz ere, urtarrileko lehenengo egunean erregistratu ziren tenperatura maximoek serie klimatologikoetako errekorrak ezarri zituzten estazio askotan. Hilabeteko bigarren hamabostaldian, aldiz, negu beteko tenperaturak erregistratu ziren eta denborale batek neguko lehenengo elurrak ekarri zituen.

Euskalmeten datuen arabera, urtarrileko batez besteko tenperaturak 9 ºC eta 10 ºC inguruan ibili dira kostaldean eta 4 ºC inguruan Arabako Lautadan. Balio horien arabera, beraz, Euskadin 0,3 ºC-ko anomalia negatiboa izan da 1981-2010eko batez besteko normalarekiko.

Hilabetea hotza izan bada ere, lehenengo bi egunetan oso tenperatura altuak erregistratu ziren, batez bestekoaren gainetik 8-10 ºC inguru. Horrela, urtarrilaren 1ean hilabeteko tenperatura maximo absolutuak erregistratu ziren, eta estazio azkotan, bereziki Bizkaian eta Araban, serie klimatologikoen errekorrak hautsi ziren. Horietako askotan duela urtebeteko errekorra gainditu zen, besteak beste, Gardean, 23,7 ºC-ko tenperatura maximoarekin, eta Punta Galean, 23,1 ºC-rekin.

Bestalde, intsolazioa urte-sasoi honetan ohikoa dena baino baxuagoa izan zen, eta Bilbon 77 eguzki-ordu erregistratu ziren, Donostian 91 eta Gasteizen 80.

Prezipitazioari dagokionez, urtarrilean zehar erregistratutako kopuruak kontuan hartuta, oso hezea izan da Euskadi osoan, eta nabarmentzekoak dira Bizkaiko itsasertzeko eskualdeak (Enkarterri ekialdea) eta Araba iparraldea, prezipitazio-kopurua espero zitekeena baino bi aldiz handiagoa izan baita (Arteaga 406,8 l/m²; Ordunte 342,1 l/m²). Kalifikazio horrekin bat etorriz, euri-egunen kopurua normala baino handiagoa izan da: 14 egun Donostian eta Gasteizen eta 18ra iritsi da Bilbon.

Urtarrilaren 15etik 19ra izandako neguko denboralean 200 l/m²-tik gora metatu ziren Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, eta ibaien maila igotzea ekarri zuen, bereziki Butroeko arroan. Denborale horrek berak elurra ekarri zuen nahiko maila baxuetara, eta zenbait lekutan 100 metroko altueran gatzatu zen, eta 10-20 zentimetro metatu ziren isurialde mediterraneoan.  

Hain zuzen ere, egoera horrek bultzatuta aktibatu zituen Eusko Jaurlaritzak 4 alerta laranja, 2 elurragatik eta beste 2 nabigaziorako olatuen altueragatik. Horrez gainera, 44 abisu hori ere aktibatu zituen, horietatik 11 elurragatik, 10 itsasaldeko arriskuagatik, 9 izotzagatik, beste 9 haizeagatik, 4 prezipitazio iraunkorrengatik eta, azkenik, beste 1 baso-sute arriskuagatik.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @arriskeus
    2023-02-01

    Comentario de Twitter:
    @Euskalmet califica el mes de enero como frío y muy húmedo https://t.co/Gg6ptpeBJH https://t.co/Z6CR6W52ee

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak