Hauteskundeak 2024
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2023/02/3)

2023-02-03

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Alaitz Zabala Zarate Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak egindako aparteko ekarpen ekonomikoen balorazioari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Euskadin, hasiera-hasieratik, premiazko neurriak aktibatu direla COVID-19ak eragindako krisiak pertsonengan eta familiengan, enpresetan, saltokietan, ostalaritzan eta sektore behartsuenetan izan dituen ondorio nabarmenak arintzeko. Urkulluk azaldu duenez, neurri horien balantze eguneratuak, hiru urte geroago, erakusten du ohiko baliabideez gain, Jaurlaritzak 1.730 milioi euro gehiago bideratu dituela pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko. “Ahalegin handia egin du euskal gizarte osoak gure ongizate-estatua zaintzeko”, adierazi du.

“Apaltasun osoz, uste dut Gobernua ardura handiarekin jardun dela eta bere esku zuen guztia egiten saiatu dela, beti ere gizartearen egoera gertu-gertutik ezagututa. Badakigu pandemian jarraitzen dugula, baina egoera ondo bideratzen ari da, hemen eta mundu osoan. Seguru nago hobetzen jarraitzeko baliagarria izango zaigula orain arte ikasitako guztia”, esan du. 

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskararen aurkako azken epaiei buruz.

Urkullu Lehendakariak gogorarazi du herritar orok duela euskaraz arreta jasotzeko eskubidea eta, hori horrela, ziurtatu du Jaurlaritzak ez duela atzera egingo herri-helburu eta legezko betebehar horrekin. “Hori da gizarte honek erabaki duena eta, beraz, guri egitea dagokiguna. Gobernu honek, ez du atzera pausu txikiena emango. Gure egitekoa da eskubide horiek bermatzen jarraitzea eta esparru guztietan betearaztea, herritarrek bi hizkuntza ofizialak esparru guztietan egon daitezen nahi dutelako. Herritarren eskubideak, eskubide guztiak, defendatzen jarraituko dugu”, adierazi du. 

Zentzu honetan, Herri administrazioek, elebiduna den herri honetan, bat egiteko deia zabaldu du gure herritarren eskubideen defentsa proaktiboarekin, baita hizkuntza eskubideekin ere,” epelkeriarik gabe”. “Horretarako, bidean lagun behar ditugu gure Herriko administrazioak, guztiak. Gizartearen eta legebiltzar honen gehiengo nagusiaren adostasunak balio dezala dei ozen gisa”, gehitu du. 

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskal osasun publikoko fakultatiboen esklusibotasunari buruz.

Lehendakariaren arabera, gaur egun euskal sistema publikoan lan egiten dutenentzat esklusibotasuna ezarriz gero, lehia gogorra izango genuke gaur egun Euskadin lan egiten duten profesionalengatikt. “Lehia hori gure aurrekontu publikoekin ordaindu beharko genuke osasun publikoaren kasuan, eta kuoten igoerarekin, pribatuaren kasuan. Gainera, asistentziaren kalitatea murriztu egingo litzateke, bi sistemetan profesional gutxi izango genituzkeelako”, azpimarratu duenez.

Gainera, gogorarazi du gai hori dagoeneko araututa dagoela Euskadin, besteak beste: 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzkoa; 2003ko Osasun Zerbitzuen Estatutu Markoa; Osasunari buruzko Lege Orokorraren 84. artikulua; eta 2007ko akordioa euskal funtzio publikoko sindikatuekin.

Lehendakariak nabarmendu duenez, asistentziaren eremuan, Euskadiko osasun-sistema publiko eta pribatuen bizikidetza normalizatuta dago.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariak De Miguel kasuan duen inkoherentziari buruz.

Lehendakariak De Miguel kasuarekin lotutako hitzen eta gertaeren arteko “koherentzia-prozesua” errepasatu du. Azaldu duenez, 2010eko apirilaren 1ean, Euzko Alderdi Jeltzaleko presidente gisa, berehala adierazi zuen gertatutakoa gaitzesten zuela eta lehen kautelazko barne-neurriak hartu ziren. Une horretatik aurrera, Urkulluren arabera, bera eta EAJ jokabide-kode etiko eta koherente bati jarraiki aritu dira, honako irizpide hauetan oinarrituta: errugabetasun-presuntzioa errespetatzea; inplikatuta egon daitezkeen pertsonak erantzukizun politikoko edo barneko edozein kargutatik baztertzea; justiziarekin, polizia-ikerketarekin eta zerbitzu juridikoekin elkarlanean aritzea eta auzian pertsonatzea; Justiziak hartutako erabakiak errespetatzea, onartzea eta betetzea; eta gizarteari barkamena eskatzea.

“Gertaera horiek gogorarazten digute printzipio etikoak eta zintzotasunekoak ekintza politikoaren eta zerbitzu publikoaren aginduzkoak direla”, amaitu du. 

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoa korrupziorik gabeko lurraldea izatearen gainean Lehendakariak duen usteari buruz.

Lehendakariak adierazi du, tamalez, herrialde bat bera ere ez dagoela ustelkeria-kasuak jasateaz libre, “ezta gurea ere”. Hori dela eta, gogorarazi nahi izan du zintzotasuna eta eredugarritasuna ezinbesteko bi baldintza direla jarduera publikoan. “Alderdi politikoak eta horiek ordezkatzen ditugun pertsonak eredugarriak izan behar gara gure lanean eta kudeaketan. Gure betebeharra da. Hori da euskal gizarteak eskatzen diguna eta zor dioguna. Zero tolerantzia legez kanpoko portaerekin”, azpimarratu du.

Iñigo Urkulluren arabera, ustelkeria gaitz bat da, eta ez luke lekurik izan behar gure demokrazian. “Inoiz ez gara saiatu kontrakoa euskal herritarrei helarazten. Guztiz kontrakoa. Kasu baten berri izan bezain laster azkar, irmo eta argi jokatu dugu. Kasu horiek prebenitzeko, kontrolatzeko, salatzeko eta zigortzeko neurriak hartu ditugu. Idatziz hartu dugu kudeaketa gardenarekiko konpromiso publikoa, printzipio etikoei eta jokabide onari lotuta”, adierazi du.

Galdera, Josu Estarrona Elizondo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Jaurlaritzak jardunbide egokien alde eta praktika desegokiei aurre egiteko duen jarreraren inguruan.

Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak ustelkeriari aurre egiteko erabateko jarrera proaktiboa daukala, “hartutako erabakiak eta ekinbideak horrela erakusten dute”. Horrela, Urkulluk baieztatu du gizartearen interesak defendatzen dituztela eta ez dituztela legez kanpoko jarrerak onartzen, “gizarteak jarrera hauek onartzen ez dituen bezal-bezala”. Hau guztiagatik, azpimarratu du “aurrean izango gaituzte beti legea bete nahi ez dituzten pertsonek, bereziki arduradun edo langile publikoak direnean”. 

Oso zaila da, ezinezkoa dela esango nuke, Erakunde batek bere baitan legez kanpoko jokabiderik gertatuko ez direnik bermatzea, Urkulluren ustez. Hori horrela eta horregatik, Eusko Jaurlaritzak 2013garren urtean onartu zuen kargu publikoen Etika eta Jokabide Kodea eta sortu zuen Etika Publikorako Batzordea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak