Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintza Euskadik bizi duen egoera berrira egokitu ditu bere lan-prozedurak

2011.eko azaroak 29

''53. Instrukzioa'' erreformatzeak segurtasun neurriak gaurkotu ditu eta erabakiak hartzerakoan agenteen parte-hartzea handitu du

ETAk bere ekintza terroristak behin betiko amaitzea iragarri eta gero Euskadin gaur egun bizi den egoerak Ertzaintzari bere baliabideak berriz egokitzeko aukera eman dio, delinkuentzia mota guztien kontrako borrokan horiei probetxu hobea ateratzeko. Baliabideak berriro zehazteko politika hau argi geratu da jarduteko prozeduretan segurtasunaren gaineko barne araua, ''53. Instrukzioa'', aldatzean. Miguel Buen Segurtasun sailburuordeak gaur sinatu duen erreformak, halaber, segurtasunaren gaineko erabakiak hartzerakoan agente guztien parte-hartzea sustatu eta hobetuko du.

 "53. instrukzioa" edozein gertaeraren aurrean Ertzaintzaren jarduteko prozedura guztiak barrutik zehazten dituen araua da. Esku-hartze polizialaren efikazia mailarik gorena eta agenteentzako segurtasun mailarik gorena uztartzea du helburu. Instrukzioa (ia hamar urte daramatzate praktikan erabiltzen) ETAk 2001eko azaroan Beasainen Ana Isabel Arostegi eta Javier Mijangos agenteak hil ostean Herrizaingo Sailak eta Ertzaintzaren sindikatuek adostu zituzten akordioen emaitza izan zen.

Abian jarri zutenetik gaur arte, Instrukzioa askotan aldatu da, Ertzaintzaren eguneroko lanak eta adituen azterketek zenbait prozedura eta xehetasun aldatzeko aholkatu ahala. Arrisku handiko jarduerak (toki egonkorretako kontrolak, herritarren larrialdi deien estaldura -gaueko orduetan bereziki-, atentatu terroristen aurrean berehalako esku-hartzea, lehergailuak indargabetzea, lehergailu-mehatxuak, eta abar) protokolo batean zehaztutako prozedurari jarraituta bideratzen dira. Prozedura horiek Instrukzioan jasota daude, eta ertzainentzako arrisku guztiak aztertzen ditu eta horiei aurrea hartzen diete.

Gauza bera egiten da "eguneroko" jardueretan (herritarren segurtasunerako patruiletan, trafiko istripuetan egiten diren esku-hartzeetan eta zirkulazioa zuzentzen denean, esate baterako), lanerako prozeduretan ohiturak ezartzeak agenteentzat arrisku eta babes gabezia eragin ahalko bailuke. Lanerako filosofia prebentibo honi esker azken hamarkada honetan nabarmen hobetu da agenteen segurtasun maila, jarduera terroristaren eta kale borrokaren kontrako borrokan bereziki.

Hamargarren aldaketa

Segurtasun sailburuordeak gaur onartutako aldaketa jatorrizkoak jaso duen hamargarren aldaketa da eta bi helburu nagusi ditu: bata, Ertzaintzaren baliabideen erabilera Euskal Herrian bizi den egoera berrira egokitzea eta, bestea, euren segurtasuna kudeatzerakoan agenteen eta horien ordezkari sindikalen parte-hartzea handitzea eta hobetzea.

Lehen helburuari dagokionez, egungo segurtasun mailari beste formula batzuen bidez eusteko pentsatu dute Instrukzioaren erreforma. Horretarako, jarduteko zenbait irizpide aldatu ditu, babesa lasaitu eta segurtasuna murriztu gabe. Halaber, horren ondorioz, herritarrek agente gehiago ikusiko dituzte kaleetan, eta horrek segurtasuna handitzea ekarriko du, bai benetakoa bai sumatutakoa. Dena den, eta nahitaezko premisa da, orain aldatu dituzten neurriak berehala jarriko dira berriro abian, horren premia izan bezain pronto.

Azken hilabeteotan, Ertzaintzaren unitate batzuk bere jarduerak beste zeregin batzuetara bideratzen hasi dira jada, premisa horiei jarraituz. Laguntza Unitatea, esate baterako, orain arte terrorismoak zuzenean mehatxatutako pertsonen segurtasuna handitzeko ardura esklusiboa izan duena, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko kontrazaintza lanetan ere hasi da. Horien lana zeregin horietara bideratu dutenetik epaileen urruntze-aginduak hautsi dituzten zenbait gizonezko atxilotu dituzte dagoeneko eta mehatxatutako emakumeen segurtasun maila, benetakoa eta sumatutakoa, nabarmen handitu da.

Bigarren helburuari dagokionez, euren segurtasunaren gaineko erabakietan ertzainen parte-hartzea handitzeari dagokionez, gaur onartutako testuak Instrukzioa aldatzeko agente guztien inplikazio handiagoa jasotzen du, eta baita azkartasun handiagoa ere segurtasunarekin lotutako erabakiak hartu eta aginte eskalaren bidez zabaltzerakoan. Horretarako, "53. Instrukzioaren Batzordea" sortu da Ertzaintzaren unitate guztietan; kide guztien parte-hartze, proposamen eta iradokizun guztiak jaso eta, Unitate eta Alorretako Kontseiluen bidez, Zuzendaritza Operatibo eta Segurtasun Sailburuordetzara helarazteko, aldaketak ahalik eta epe motzenean praktikan jartzeko.

Era berean, beste organo paralelo bat sortuko da, Ertzaintzaren Kontseiluan (erabakiak hartzeko erakunde paritarioa, Sailaren eta sindikatuen ordezkariak dituena). Batzorde mistoa izango da, eta ordezkari sindikalek sortutako proposamenak bideratzeko ardura izango du, horiek ere arinago eta zuzenago hel daitezen Segurtasun Sailburuordetzara.

Herrizaingo Sailaren iritzian, gaur onartutako erreforma aurrerapauso handia da Ertzaintzaren baliabideak herritarrei zerbitzu hobea emateko aprobetxatze aldera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)