Berriak Herrizaingoa

Ertzaintzaren irudi korporatiboa arautzen duen Instrukzioa onartu dute

2011.eko azaroak 29

Agenteen irudiarekin, uniformitatearekin, herritarrei emandako laguntzarekin eta material ofiziala kontserbatzearekin lotutakoak zehazten ditu arauak

Miguel Buen Segurtasun sailburuordeak Ertzaintzaren Irudi Korporatiboaren inguruko Instrukzioa onartu du gaur. Uniformitatearekin, agenteen irudiarekin, herritarrekiko harremanarekin eta polizia ekipamendu eta egoitzen mantenu egokiarekin lotutako alde guztiak zehaztuko ditu barne arau horrek. Polizia Legean edo gai horiek arautzeko ezarritako Aginduetan bildutako jarraibideak eguneratu dituzte Instrukzio honen bidez.

Gaur onartutako Instrukzioak Ertzaintza bezalako erakunde baten eta hori osatzen dutenen irudi publikoaren garrantzia aitortzen du, funtsezkoa baita ondo funtziona dezan eta gizarteak erabat onar ditzan. "Funtzio operatiboaz, gertakarien aurrean parte-hartzeaz edo zerbitzuak emateaz gain, Ertzaintza osatzen duten langileek ordezkari eta harreman bideratzaile gisa eginkizun oso garrantzitsua dute: kidegoaren irudia dira kanpora begira".

Uniformitatea

Arauak lau aldetatik begiratzen dio irudi korporatiboari. Horietako lehenengoa janzkerari dagokio, eta uniforme bakoitza (operatiboa, bulegokoa eta galakoa) noiz eta nola erabili zehazten du (azkena, protokolozko ekitaldietan bakarrik). Idatzian ezartzen denez, "uniformeak polizia kidegoak identifikatzea errazten du, eta, halaber, horien irudia modernizatzea eta horien irudia ulertzea ahalbidetzen du... eta profesionaltasun, konfiantza, sinesgarritasun eta eraginkortasun balioen erakusgarri da".

Ertzainen irudi publiko egokia bermatze aldera, arauak derrigor bete beharreko xedapen batzuk ezartzen ditu uniformeen erabileraren inguruan. Hartara, esaterako, jantzi ofizialen gainean pinak, ikurrak eta gisa horretako objektuak jartzea debekatzen du, jantzi ofizialetan ezin dela arropa pribaturik erabili jasotzen du eta jantzi ofizialen gaineko jarraibide batzuk zehazten ditu (nikia prakaren barrutik, lepoa ondo tolestuta, buzoaren kremailera gehienez ere 10 cm zabalik, etab.).

Instrukzioak, gainera, kaleko uniformearekin gorra eraman behar dela zehazten du, txapela eta uniforme tradizionalaren gainerako jantziak bulegoan bakarrik erabili ahal direla esaten du eta buruko jantzien erabilera arautzen du (gorra lan operatiboetarako eta txapela bulegoetarako). Gala uniformea ekitaldi zeremonialetara mugatzen du, eta berorren gainean bakarrik jarri ahal izango dira kondekorazioak.

Horrez gain, agenteen irudi egokia ez ezik, Instrukzioko xedapenek horien segurtasuna ere jorratzen dute oinarri-oinarrian. Hortaz, suaren kontrako buzoaren zangoak boten gainetik jarri behar direla esaten da, horrela suaren aurkako babes osoa izateko, edo ohiko kamiseta dotaziokoa, suaren aurkakoa, izan behar dela, horren ordez zenbait kolore jakinetako batzuk ere jarri ahal izango badira ere. Aurpegi estalkiari helduta, dotaziokoa bakarrik erabili ahalko da (suaren kontrakoa da hori ere), eta egoera arriskutsu batzuetan jarduteko nahitaezkoa izango da hori janztea.

Instrukzioaren arabera, unitatearen buruek izango dute jantziak ondo erabiltzen direla gainbegiratzeko eta, hala behar izatekotan, xedapenak interpretatzeko ardura.

Irudia eta itxura pertsonala

Instrukzioak arautzen duen hurrengo puntua agenteen irudiari eta itxura pertsonalari dagokiena da: "Ertzaintzak sortu zenetik bertatik igorri nahi izan dituen balioak (Profesionaltasuna, konfiantza, sinesgarritasuna, zintzotasuna...) ezingo dira itxura, estetika edo jarreraren arloan egiten diren kanpo adierazpenen kontrakoak izan".

Arlo honek higienearekin eta itxura pertsonalarekin lotutako hainbat esparru mugatzen ditu, hala nola ilea beti garbi, bilduta eta buru jantzia jartzeko arazorik sortzen ez duela izan beharra, ile luzea motots batean bilduta eraman beharra, bizarra ondo eginda edo, izatekotan, bizar edo bibote txukuna izatea, emakumeek makillaje diskretua jartzea, etab. Gainera, testuan esaten denez, ezin da tatuajerik agerian izan, ezta, forma edo tamaina direla eta, zerbitzurako traba edo nola herritarrentzat hala agenteentzat berentzat arriskutsuak izan daitezkeen lepoko, eskutur, belarritako, piercing edo bestelako apaingarririk eraman. Halaber, ezingo da sakelako telefonorik edo tankera horretako objektu pribaturik erakutsi.

Irudiarekin lotuta, zerbitzuan egiten diren etenaldiak edo zerbitzuan bertan kontu pertsonalak egiteari dagozkionak arautu dituzte. Hain zuzen ere, zerbitzuan ari diren ertzainek ezin izango dute bulego, saltoki eta horrelakoetan kontu pertsonalik egin, establezimendu publikoetan kafea edo bestelako edariak (alkohola inoiz ez) hartzeko 10 minutuko gehienezko denbora baimenduko da, patruiletan erretzea, elikagaiak hartzea, beharrizanik gabe autoa toki bazterrekoetan uztea, aisialdirako ikus-entzunezko gailuak eta irakurgaiak erabiltzea debekatzen da, besteak beste.

Polizia agurra

Gaur onartutako araudiak ezartzen duen hirugarren zatia polizia agurrarekin eta herritarrekiko harremanekin lotuta dago. "Agurra, kortesia adierazpena eta pertsonenganako gizarte hezkuntzaren eta errespetuaren manifestazioa den heinean, derrigor egin behar dute Ertzaintzako kideek".

Instrukzioan zehazten denez, uniformea daramaten agenteek zutik jarri eta eskuin eskua buruko jantzira hurbildu behar dute, "egun on, buenos días" edo dagokion formula erabiltzen duten bitartean, haiengana zuzentzen diren herritarrak agurtzeko. Keinu hori elkarrizketa bukatutakoan ere egin behar da. Agenteak zuka hitz egin beharko du, elkarrizketan manera onak eta adeitasuna erakutsi beharko ditu eta herritarra esaten ari dena adi entzun beharko du. Toki itxietan, agenteek buruko jantzirik ez badute, berdin jokatuko dute, baina ez dute eskuz agurrik egingo.

Agurra beti egin beharko da, herritarrekin, nagusiekin, menpekoekin, maila bereko lankideekin edo agintariekin egon. Gainera, Euskadiko, Espainiako edo beste Erkidego edo Estatu bateko ereserkiak entzuten ari direnean agur keinuari eutsi egin beharko diote.

Polizia egoitzak

Xedapenen laugarren eta azken blokea materiala eta egoitza publikoak zaintzearekin lotuta dago. Ertzain-etxeetan, "...herritarrei eman behar zaien kalitate, seriotasun eta profesionaltasun irudiarekin bat datozen itxura eta nortasun korporatiboaren estandar batzuk eskatu behar dira".

Hemen, agenteek polizia egoitza (bereziki herritarrak artatzera zuzendutako guneak) kontu handiz zaindu eta kontserbatu behar dutela jasotzen du arauak, egoera ezin hobean daudela baieztatu behar dutela, eta, edonola ere, edozein akats ikusiz gero horren berri eman behar dutela berehala. Arauak, ibilgailu ofizialak ere hartzen ditu bere barnean, eta dotazioko altzari ofizialei ez dagozkien osagarri edo apaingarriak jartzea debekatzen du.

Bukatzeko, Instrukzioak gogoratu egiten du laneko edozein jakinarazpen edo informazio partikular iragarki oholetan bakarrik jarri ahal dela.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak