Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Aminetu Haidarrek giza eskubideen 2011ko René Cassin saria jaso du

2011.eko azaroak 30

Idoia Mendiak eman du saria, eta xedea Aminetu Haidarrek «Mendebaldeko Saharako giza eskubideen defentsan» egindako lana aitortzea da.

René Cassin sarietako epaimahaiak «sahararrek giza eskubideen aldeko defentsan egindako borroka» aintzatetsi du, eta Aminetu Haidar jarri du eredu. Lehendakaritzan Euskadiko sahararren ordezkaritzari arreta zabala egin diote. Bertan, Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak emakumeek eta teknologia berriek «mundu globalizatuaren demokratizazioan aldaketaren motor gisa» duten garrantzia azpimarratu du. «Aminetu tanta bat da; tanta bat ilusioz, ahaleginez, konpromisoz eta negoziatzeko borondatez defenda daitekeen uste sendoen itsasoan». Aminetu Haidarrek, lehendakariari eta euskal herriari eskerrak eman ostean, Espainiako Gobernuari eta nazioarteari esku hartzeko eskatu die, Marokoko armadaren «etengabeko errepresio basatia» geldiarazteko. «Saharako herriari eskubide oinarrizkoenak ukatzen zaizkio, autodeterminazioa kasu, Marokoren inbasio bidegabe eta bortitzarengatik eta nazioartearen isiltasun konplizearengatik», salatu du Haidarrek.

Ekintzaile honen irudiak garrantzi handia hartu du mundu osoan. 1987 eta 1991 artean kartzelan egon zen, non zegoen inork ez zekiela. 2005ean, larri zauritu zuten manifestazio batean. Ospitalean zegoela, atxilotu eta presondegira eraman zuten, eta hainbat hilabete eman zituen bertan. Gose greba bat egin zuen espetxean, eta horrek ikaragarri ahuldu zuen haren osasuna. Giza eskubideen Sajarov sarirako hautagaia izan zen, eta zigorra betetzen zuen bitartean, Iheslariei Laguntzeko Espainiako Batzordeak asilo eskubidearen alde eta iheslariekiko elkartasunaren alde antolatzen duen Juan Maria Bandres saria eman zion.

Epaimahaiaren arabera, ekintzailea «Saharako herriaren ordezkaria da». Eusko Jaurlaritako Justizia eta Herri Administrazioko sailburu Idoia Mendiak Giza Eskubideen 2011ko René Cassin saria emango dio Aminetu Haidarri, Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defendatzailea denari.

Duela gutxi, Solidar GKEen nazioarteko batasunak Silver Rose saria eman dio, askatasunaren alde eta giza duintasunaren alde egindako lanagatik. 2009ko azaroan, New Yorken Train Fundazioaren Adore Zibilaren 2009ko saria jaso ostean bere herrira itzultzen ari zela, Marokoko poliziek eta segurtasun indarrek Aaiungo aireportuan (Mendebaldeko Saharako lurralde ez autonomoa) atxilotu zuten. Ondoren, Aaiundik kanporatu zuten, eta beste gose greba bati ekin zion Lanzaroteko aireportuan.

Epaiaren irizpenak nabarmentzen duenez, Haidar «Saharako herriak giza eskubideen defentsan egindako borrokaren ordezkaria da. Eginkizun zaila eta arriskutsua da inondik ere, errealitateak behin eta berriz erakusten baitigu nola Marokoko agintariek nazioarteko zuzenbidearen defendatzaileek aitortutako eskubideak urratu eta adierazpen eta bilera askatasuna eta elkartzeko askatasuna murrizten dituzten».

Epaimahaiak nabarmentzen duenez, eskubideen aldeko defentsa hori are zailagoa eta arriskutsuagoa da «Saharako emakumeentzat; izan ere, funtsezko betekizuna dute ohiko bizimoduaren garapenean, eta giza eskubideen zapalketa larriak jasan dituzte eta jasaten dituzte gaur egun».

Sari hau Aminetu Haidarri emateko orduan, epaimahaikideek Mendebaleko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideen aldeko ekintzaileen ordezkaria dela hartu dute kontuan.

Hauexek dira epaimahaiko kideak: Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazioko sailburua, M. Victoria Cinto Justiziako sailburuordea, Inés Ibáñez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendaria, José Ángel Cuerda, Edmundo Rodríguez, María Oianguren, Silvia Escobar eta Gorka Landaburu.

Sariaren xedea da publikoki aitortzea ibilbide pertsonal edo profesionalaren bidez giza eskubideen sustapen, defentsa eta hedapenarekin duten konpromisoa adierazten duten pertsona edo kolektibo horiek. Horrez gain, ohorezko saria da, aitortza publikoa, eta, sariarekin batera, 16.550 euro ematen zaizkio saridunari.

Sariaren izendapena René Cassinen oroimenari zor zaio. Baionan jaio zen Cassin, 1887ko urriaren 5ean. I. Mundu Gerrako esperientzia tragikoak izugarri markatu zuen; harrezkero, gerra horretako soldaduen eta biktimen defendatzaile sutsua izan zen. 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko sortzaile nagusietako bat izan zen, eta halaber berebiziko garrantzia izan zuen 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmena idazteko garaian. 1968an Bakearen Nobel Saria eman zioten, giza eskubideen alde egindako lan nekaezinagatik, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua sortzeko erabili zuen saria.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)