Berriak Kultura
Eu

Euskadiko erakunde guztiek bat eginda ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna

2011.eko azaroak 29

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan komunikabideen aurreko agerraldia egin du abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta. Abenduaren 3rako Euskadiko hiru hiriburuetan antolatu diren ekitaldiez gain, aurtengorako bereziki EJak antolatutako euskararen aldeko pilota partida aurkeztu du.

Abenduaren 3a da datorren larunbatean, Euskararen Nazioarteko Eguna. 1949. urtean sortu zen Eusko Ikaskuntzaren baitan eta euskararen balio unibertsala aldarrikatzen da. Aldarrikapen hori kolore ezberdinetako eragile guztiek batera egingo dute, Eusko Jaurlaritzak, Diputazioek eta Udalek, guztiek batera ospatuko baitute Euskararen Nazioarteko Eguna. Batasun hori dela-eta gustura agertu da Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi: "Behin eta berriz esan dugu, ahalik eta adostasun sozial eta politikorik handiena daukan hizkuntza politika garatu nahi dugula gure gizartean dauden eragile sozio-politiko desberdinekin negoziatuz eta haien partaidetza integratuz".

Auzmendik gaineratu du, Euskadiko hizkuntza politika mundu guztian goraipatu dutela eta beste hizkuntza txiki askorentzako jarraitzeko moduko eredua izan dela: 30 urtetan euskara dakitenen kopurua % 22 izatetik % 37,5 izatera igaro da, hau da, ia bikoiztu egin da. Sailburuordearen ustez hori ez da izan alderdi baten edota Gobernu baten lorpena soilik, gizarte osoarena baizik.

Datorren larunbaterako Euskadiko hiru hiriburuetan antolatu den egitarau betea aurkeztu du Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik, berarentzat abenduaren 3a ez ezik, egun guztiak direla euskararenak aldarrikatu ostean: "Euskararen nazioartekotasunaren nahiz hizkuntzaren beraren defentsa egiteko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hainbat egitasmo antolatzen lagundu die hainbat entitate edo elkarteri".

Donostian, "Euskara iruditan" izena duen Sareko argazki mosaiko erraldoia eratuko da. Bertan, mota guztietako adierazleak bildu daitezke, adibidez: euskaraz dagoen udal agerkari zahar baten argazkia, lehen ikastola eta gau eskola baten argazkia, egungo txosten baten argazkia, errotulu batena... Honez gain, azaroaren 30tik abenduaren 3ra jada ezaguna den Mintzodromoa antolatuko da Boulevardean jarriko den karpan.

Gasteizen berriz, abenduaren 2an Xabier Leteren omenezko kontzertua antolatu da eta larunbatean, Euskararen Nazioarteko Egunean, GazteHitz! kontzertu erraldoian honako musika taldeek hartuko dute parte: Lain, Kerobia, EH-Sukarra, Txapelpunk, Gatibu... Bilbon, azken urteetan bezala, Banden Lehia egingo dute, euskarazko musika talde ezberdinen artean.

 

Euskararen aldeko pilota jaialdia

Abenduaren 2an, ostirala, hurrengo egunean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, euskararen aldeko pilota jaialdia jokatuko da Donostiako Atano III. pilotalekuan, 22:15ean. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako jaialdian, Xala eta Laskurain, Bengoetxea VI.aren eta Barriolaren aurka ariko dira partida nagusian, eta bertaratzen diren guztiek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Helburua, ahalik eta euskaltzale gehien bertan egotea da euskarari arnasa eta bultzada eman diezaioten eta jada 1.500 sarrera banatu dira.

Euskal kulturan eta bertako herritarren artean pilota erabat errotutako kirola izanik, gainerako kirol guztien ordezkaritzat hartu nahi izan da, kirolaren alorra ere, Euskararen Nazioarteko Egunean euskararekin bat dagoela adierazteko. Horrexegatik, partida nagusia jokatu aurretik euskararen aldeko adierazpena irakurriko dute pilotariek kantxan bertan. Euskara bizirik nahi dutela aldarrikatzeaz gain, herritar guztiok euskara dagoen tokira eramatea lortu dugula azalduko dute, eta hitz emango dute euren hondar alea jarriko dutela euskara elkarrekin are urrunago eramateko.

Prentsaurrekoa amaitzeko, Lurdes Auzmendik eskerrak eman dizkie pilota partida jokatuko duten lau pilotariei: "Gizarte honetako zati handi batentzat erreferenteak zarete, beraz, benetan eskertzen dizuet gaur hemen Eusko Jaularitzaren ekimenarekin bat egin izana euskararen aldeko partidan. Mila esker eta aurrerantzean era honetako ekimenetan parte hartzen jarraitzera animatzen zaituztet"

Iruzkin bat
  • @Oarsoaldea
    2011.eko azaroak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Euskadiko erakunde guztiek bat eginda ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna. http://t.co/2fB0Mo1W

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Viceconsejera de Política Lingüística