Eman odola!
qrcode

Ihobek 40 urte bete ditu Euskadin ekintza klimatikoa, tokiko iraunkortasuna eta ekonomia zirkularra gidatzen

2023-01-26
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak 40 urte egin ditu gaur, urtarrilak 26
  • Ihobe Euskadiko industria birmoldaketa betean sortu zen, lurzoruaren deskontaminazioaren eta kudeaketa integralaren arloko erreferente gisa Europan
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako sozietate publikoa 2023an Ingurumenaren Euskal Agentzia gisa etapa berri bati ekiteko prestatzen ari da

Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, 40 urte bete ditu 2023an. Erakundeak, bere urteurrena ospatzeko, bere ibilbideari eta lankide izan dituen mugarri, zerbitzu eta sare edo eragile ugariei balioa ematen die. “Lau hamarkada hauetan hemen lan egin duten pertsonek Ihobe erreferentziazko solaskide gisa kokatu dute Eusko Jaurlaritzaren ingurumen politiken diseinuan eta hedapenean”, azpimarratu du Alexander Boto Bastegietak, erakundeko egungo zuzendari nagusiak, urteurren hau dela eta.

Ihoberen historia ingurumena hobetzen eta euskal herritarren bizi kalitate handiagoa lortzen laguntzeko enpresa eta administrazio publikoekin batera egindako lan ibilbidearen emaitza da. Lau hamarkada hauetan, Ihobek ingurumena hobetzen jardun du nagusiki, ingurumen aldagaia euskal politika publikoetan txertatuz, ingurumen jasangarritasuna euskal enpresentzako lehiakortasun elementu bihurtzeko eta lurraldearen garapen jasangarria bultzatzeko. 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoak misio bat eta helburu batzuk finkatu ditu, eta emaitzek hori berresten dute bai kualitatiboki, bai kuantitatiboki. Adibide bezala, 2021ean bakarrik, Ihobek 500 enpresa eta entitate baino gehiago inplikatu zituen ekonomia zirkularrean eta klima aldaketan, ingurumen politikaren integrazio sektorialean 70 milioi euro mobilizatuz eta 148.627 tona berotegi efektuko gas murriztuz, 138.370 tona hondakin eta lur isurtzea saihestuta eta 60,5 hektarea zoru berreskuratzea ahalbidetuta.

Mugarririk garrantzitsuenak

Hasieratik, Ihobek aurre egin zion Euskadin historikoki egon den jarduera industrialak eragindako lurzoruen kutsaduraren arazo larriari, gure lurzoruak ahalik eta hobekien berreskuratzeko eta ahalik eta lurzoru gehien berreskuratzeko ere bai. Mugarri horren ondorioz, ingurumen jarduketarako sozietate publikoa eremu horretan ezagutza teoriko eta praktiko handiena duen Europako agentzietako bat bihurtu zen. 1990eko hamarkadan, Ihobek sentsibilizazio eta dinamizazio kanpaina handi bat hasi zuen euskal enpresa eta eragileen artean, ingurumen ziurtapen prozesuak sustatzeko. Ihobek, orduan, ekoizpen garbiko zerbitzua zabaldu zien enpresei. Ibilbide hori 1996an hasi zen, eta erakundeetan kultura berri bat sustatu zuen, enpresetan egun duten ingurumen jasangarritasuneko estrategien aurreko kontzeptua.  Bereziki TaldeISO lantaldeen bidez ISO 14001 araua bultzatzea izan zen eta, gaur egun, Europako EMAS eta Europako Etiketa Ekologikoa bezalako ziurtagiriak sustatzen jarraitzen ditu, bai eta Erronka Garbia metodologia ere, ekitaldi jasangarriak ziurtatzeko.

Mende berria hastearekin batera, sozietate publikoak orain arte Euskadin egin den ingurumen ingeniaritzako obrarik handienari ekin zion: Argalarioko segurtasun gelaxka, gure iragan industrialak herentziaz utzitako lindanearen arazo larriari erantzuteko azpiegitura bat. Proiektu horietatik abiatuta, gaur egun Ihobe Europako erreferentzia sendoa da, lurzoruak politika, gida, lege eta aholkularitza zerbitzuen bidez deskontaminatzeko beharrezkoak diren tresnen garapenean. Horren froga da Euskadiko 2030 Lurzorua Babesteko Estrategia berria, zeinak, ikuspegi integral batetik abiatuta, lurzoru kutsatuetako ohiko lan ikuspegia gainditu baitu, eta Euskadin zein Estatuan ekimen aitzindaria bihurtu baita.

Aldi berean, Ihobek hondakinekin lotutako arazo zehatzak konpontzen ere lagundu du, hainbat azpiegituraren bitartez, esaterako SOGECARen bidez, Oleaz bidez, zeina urtetan Olio Erabilien Azterketarako Zentro Ofiziala izan baita Euskadin eta ISO 17025 ziurtagiria baitu; bai eta Recipilasen bidez ere. Era berean, Prestige ontziaren hondoratzeak eragindako krisiari aurre egin zion.

Udalerrien eta herritarren eskutik

2002an jada Ihobek udalerri jasangarrien euskal sarearen sorrera eta abian jartzea dinamizatu zuen Euskadin. Orduan, Udalsarea 21 deitzen zen sarea, eta orain Udalsarea 2030. Ia 200 udalerrik, eskualdek eta udalaz gaindiko erakundek osatzen dute sare hau, EAEko biztanleen %98 barruan hartuta, eta beti Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozen toki entitateen jasangarritasun politikak eta ekintza planak dinamizatzera bideratuta dago. Politika horien artean, erosketa eta kontratazio publiko berdearen programa nabarmendu behar da, zeina 2008tik ari baita ingurumen irizpideen garapena lortu nahian, arlo horretan erreferentzia teknikoa izanik. 

Ihobek erabaki foroetan eta ingurumen proiektuetan egindako lanak Euskadik nazioarteko sareetan (ENCORE, Under2 Coalition eta Regions4) duen rola sendotzea ekarri du, eta horrek lurraldea eta Eusko Jaurlaritza ingurumen jasangarritasunean erreferentetzat hartzen laguntzen du.

Herritarrei begira, Euskadiko ingurumen zentroen Ekoetxea sarea kudeatzeko ardura duen erakundea da Ihobe, herritarren kontzientziaziorako giltzarria, bisitariei modu jasangarriagoan bizitzen lagunduko dieten esperientziak eskaintzeko. 2007an Busturiako (Bizkaia) Ekoetxea Urdaibai izan zen sareko lehen zentroa eta, gero, Txingundi eta Azpeitiko (Gipuzkoa) eta Meatzaldeko (Bizkaia) zentroak gehitu zitzaizkion zentro horri. Laster, Gesaltza Añanako (Araba) zentro berria atxikiko zaio sareari.

Euskadi, ekonomia zirkularreko eta ekodiseinuko abangoardian

Europan gero eta erabakitasun handiagoz eta gero eta lasterrago mugitzen ari dira eredu zirkularretarantz, eta Euskadin, berriz, urteak dira arlo horiek ezagutzen direla, eta hori Ihoberen lanari esker da. 2003an jada Ihobe izan zen lehen ekodiseinu arauaren garapenaren eragilea (UNE 150301, egungo UNE-EN ISO 14006), bai eta araua euskal enpresetan arrakastaz ezartzea eragin zuena ere. Ondoren, 2011n, Basque Ecodesign Center ekimena gidatu zuen. Aliantza publiko-pribaturik handiena sortzea gidatu zuen, ekonomia zirkularrean eta ekodiseinuan proiektu ekoberritzaileak diseinatzeko, ezagutza sortzeko eta euskal enpresa handien balio katea trakzionatzeko.

2021etik, Basque Circular Hub Euskadiko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroak kudeatzen ditu Ihobek, non aurreko bi ekimenetan -Ekodiseinu Ikasgela programa (2003-2014) eta Basque Ecodesign Hub (2015-2020)- metatutako esperientzia guztia jasotzen baita. Estatuan eta Europa hegoaldean erreferentea izanik, Basque Circular Hub ekimen paregabea da merkatu prospektibako zerbitzuak, formazio aurreratua, joeren azterketa eta ekonomia zirkularraren arloan ezagutza aditua sortzea eskaintzeko.

Ihobek ekoberrikuntza bultzatu du etengabe euskal enpresa sektorean, eta apustu horrek saria izan du, Euskadi arlo horretan Europako eskualde aurreratuenetako bat dela aitortzea ekarri baitu.

Euskadin dagoen ekintza klimatikoko proiekturik handiena

Ihoberen historia berrienean, sozietate publikoa da Euskadirako ekintza klimatikoko Europako proiekturik handienaren liderra: Urban Klima 2050. EBko LIFE programarekin kofinantzatutako programa da, 2019an hasi zen, 20 entitate inplikatuta daude bertan, eta 20 milioi euro inguruko aurrekontua du.

Ihoberen Ekintza Klimatikoaren arloak lan handia egiten du klima aldaketa beste tresna batzuetan, hala nola lurralde plangintzan, txertatzeko funtsezko tresnak lantzen. Ihobek historia luzea dauka, eta historia horretan nabarmentzekoa da 2002tik urtero egiten duen Euskadiko Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioa, Nazio Batuen aditu taldeak kalkulu metodologia hobetu eta baliozkotuan oinarrituta egiten duena.

2016an Ihobek klima aldaketaren agertoki erregionalizatuak lantzeari ekin zion, espazio eta denbora bereizmen handiagatik nabarmentzen direnak. Agertoki horiek funtsezkoak izan dira beste tresna batzuk egiteko, hala nola udal zaurgarritasunaren eta arriskuaren indizeak, besteak beste.

Aldi berean, itsas mailaren igoerarekin eta kostaldeko arriskuarekin lotutako azterketak egin dira; esaterako, Kostaegoki,  olatuen eta uholdeen hedapena modelizatuz populazioarentzako, ingurune naturalerako, hondartzetarako eta baliabideetarako arriskua identifikatzen duena, eta erakunde eta herritarrentzako karbono aztarna kalkulatzeko beste erreminta eta tresna batzuk, udal inbentarioak edo klima eta energia planak egiteko gida ere bai.

Ihobe, Euskadiko ingurumena hobetzearekin konprometituta dauden pertsonak

Ihobe, Eusko Jaurlaritzako ingurumen kudeaketarako sozietate publikoa den heinean, ezin hobeto posizionatuta dago, Euskadiko sektore ekonomiko nagusien politika ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzen dituen sail batean txertatuta baitago. Egoera honi Euskadin Itun Berdetik eratorritako Europako politiketan oinarritutako susperraldia bultzatzeko beharra gehitzen zaio, sozietate publiko honen azken urteetako lan eremu asko jasotzen dituena, hala nola ekonomia zirkularra, klima aldaketa, lurzoruaren babesa eta biodibertsitatea.

Ihoberen plantilla 74 pertsonak osatzen dute (50 emakume eta 24 gizon), batez besteko adina 44 urtekoa da, eta langileen %78k goi mailako titulazioa dute. Gaur egun, ingurumen kudeaketarako garai berri honetan, Ihobek erronka berriak ditu aurrean: “Aurten aurrerapen berriak espero dira trantsizio energetikorako eta klima aldaketarako legearen tramitazioan, eta, legea onartu ondoren, Ihobe Ingurumenaren Euskal Agentzia berria izango da, eta larrialdi klimatiko betean garapen jasangarria bermatzeko erronka berriak hartu beharko ditu”, azpimarratu du Alexander Boto Bastegietak Ihoberen 40. urteurrena dela-eta egindako hitzaldian.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan