Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Neiker-Tecnaliak laborategi mugikor bat abiarazi du abeltzaintzako ustiategien ingurumen eragina murrizteko

2011.eko azaroak 28

Dispositiboak zentro produktiboetan ezarritako ingurumen teknologiak ebaluatzeko balioko du eta berotegi efektuko gas eta amoniako mailak neurtuko ditu

Derio, 2011ko azaroak 28.- Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak ingurumena monitorizatzeko unitate mugikor bat jarri du martxan, abeltzaintzako ustiategietan berotegi efektuko gas eta amoniako igorpenak in situ ebaluatzeko. Neurketen emaitzek produkzio zentro bakoitzean ezarri diren ingurumen teknologiak ebaluatzeko balioko dute, airean eta lurrean duten ingurumen eragina murrizteko helburuarekin. Ekimena Interreg Atlantic Area programak kofinantzatzen du, Europako BATFARM proiektuaren bitartez, EAEko abeltzaintzako etxalde komertzialetan dauden ingurumen teknologiak ebaluatzeko.

Laborategi mugikorra laginak hartzeko eta kontserbatzeko sistemaz hornituta dago, eta gas igorpenak in situ analizatzeko gailuak ditu. Unitateak Gasteiztik hurbil dagoen txerri ustiategi batean ekingo dio bideari aurki, eta hilabete bat inguru arituko da bertan. Ustiategi horretan purinak biltegiratzeko hobian aplikatutako hainbat gehigarriren eraginkortasuna neurtuko da, amoniakoa eta berotegi efektuko gasak murrizteari dagokionez.

Proiektuaren xedea da balorazio sistema objektibo bat aurkitzea abeltzaintzako ustiategietan ezarritako ingurumen teknologien eraginkortasunari buruz, ingurumenari zein ekonomiari dagokienez, Europako Espazio Atlantikoan, zehazki, Espainia, Portugal eta Erresuma Batuan. Horretarako, hainbat etxalde ertainen azterketa zehatza egingo da, aipatu espazioko zenbait eskualdetan. Neiker-Tecnaliarekin batera, proiektu honetako kideak dira Teagasc-The Agriculture and Food Development Authority- (Irlanda), Cemagref (Frantzia), ITG Ganadero (Espainia), Glasgow Caledonian Unibertsitatea (Erresuma Batua) eta Agronomiako Goi Mailako Institutua (Portugal).

Ekimena 2007-2013 Espazio Atlantikoko Nazioarteko Lankidetzako Programa Operatiboaren barruan kokatzen da, eta bereziki interesgarria da, abeltzaintzako ekoizpenaren zati handi bat produkzio eredu intentsibo baten bidez egiten baita, esaterako, txerri aziendan, hegaztietan eta ardi aziendaren zati handi batean. Horrenbestez, abereen hondakinen kudeaketaren arazoa komuna da proiektuan inplikaturiko eskualde guztientzat.

Ekoizpen eredu intentsiboak errentagarritasun ekonomiko handia dauka, baina arazo ugari ditu ingurumenari dagokionez, hala nola atmosferara gas kutsakorrak igortzea (amoniakoa, oxido nitrosoa eta metanoa) eta nitratoekin lurra eta ura kutsatzea.  Proiektua amaitu eta gero, emaitzak oso interesgarriak izango dira abeltzainentzat, izan ere, kutsadura murrizteko teknologia guztien multzotik beren ustiategietarako egokienak aukeratu ahal izango dituzte. Ildo horretan, BATFARM proiektuko kideek software bat garatuko dute abeltzaintzako hondakinei buruz ingurumen teknikarik onenak aukeratzeko.

Abeltzaintzatik eratorritako ingurumen arazoari dagokionez, 96/61/EC Europako Direktibaren helburua da abeltzaintzako ustiategi intentsiboetatik atmosfera, ur eta lurrera egiten diren igorpen guztiak arautzea (40.000 oilo, 2.000 gizentzeko txerri edo 750 zerrama baino populazio handiagoa duten etxaldeak), eta ingurumen baimen integratua ateratzera behartzen du. Direktibak Teknika Eskuragarri Onenak ezartzea proposatzen du, hau da, abeltzainek teknologiarik onenak eta ustiategirako ekonomikoki bideragarriak aukeratu behar dituzte, emisioak prebenitzeko edo mugatzeko helburuarekin.

Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea irabazteko asmorik ez duen erakunde publiko bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dago. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiapenetan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan