Berriak Lana eta Enplegua
qrcode

Gobernu Kontseiluak baimendu du 565 milioiko gastua erabiltzea 2023an Lanbideren prestazioetarako (Gobernu Bilera 2023-01-17)

2023-01-17

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak baimendu du gaur 2023rako 565 milioi euroko gastua xedatzea, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrera jasotzeko eskubidea duten pertsonen diru-sarrerak bermatzeko, horiek baitira Lanbidek leihatila bakarrean ematen dituen prestazioen multzoa. 

Zenbateko osoa % 20 gehiago da 2022an kontzeptu berberengatik gauzatutakoaren aldean (467,1 milioi euro); izan ere, enpleguaren hobekuntza DSBEren titular gutxiagotan ere islatzen da, Lanbidek funtzio hori bere gain hartu zuenetik izan den zifra baxuenean, baina urtarriletik aurrera % 8,5eko igoera aplikatzen da, eta apiriletik aurrera, abenduan onartutako legea indarrean sartzearen ondorioz, osagarriak hobetuko dira adingabeak eta pentsiodunak dauden kasuetan, eta egoera ahulean dauden beste pertsona batzuei sarbidea errazten zaie. 

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kasuan, urte honetarako aurreikusitako zenbatekoa 312 milioi eurokoa da, 2022an enplegatutakoak baino hamar gehiago, eta honela banatzen dira: Araban 56,38 milioi, Gipuzkoan 70,77 milioi eta Bizkaian 184,83 milioi. 

Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriari dagokionez, aurreikuspen osoa 80 milioi eurokoa da: 14,51 milioi Araban, 19,63 Gipuzkoan eta 45,84 Bizkaian. 

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerari dagokionez, Gobernuak 173 milioi euroko gastua baimendu du 2023rako (2022an 87,5 milioi izan ziren, ekitaldi horren erdiari zegozkionak, ordainketak ekainera arte ez baitzituen Lanbidek bere gain hartu). Aurrekontu hori honela banatuko da: Araban 34,19 milioi, Gipuzkoan 42,55 milioi eta Bizkaian 96,24. 

Prestazio multzo hori hilero ordaintzen denez, urte osoko zenbatekoa baimendu da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, hura kudeatzeko eta ordaintzeko ardura duen organoak, finantzaketarako baliabide ekonomikoak eskura dituela bermatzeko. 

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 18/2008 Legean jasota daude, eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera, berriz, 19/2021 Legean. Apiriletik aurrera, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legea aplikatuko da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko