Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Labrazako Parke Eolikoak eskuratu du Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena, eta Azazetakoa berehala egongo da

2023-01-17

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera. Tapiak proiektu eolikoen izapidetzean izandako aurrerapenen berri eman du. 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak jakinarazi du Labrazako Parke Eolikoak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena jaso duela eta Azazetako proiektuari dagokiona berehala egongo dela. “Urrats hori jauzi garrantzitsua da azpiegitura horiek izapidetzeari dagokionez, etorkizunean Euskadiko laugarren eta bosgarren parke eoliko bihur baitaitezke. Zalantzarik gabe, Euskadiko energia-politikan garrantzi berezia duen mugarri baten aurrean gaude, eta oraindik energia eolikoaren sorrera aktibatzeko denbora falta bazaigu ere, aurrerapauso garrantzitsua da”, adierazi du Tapiak.

Arabako Oion udalerrian kokatuko den Labrazako Parke Eolikoak 8 aerosorgailu izango ditu eta 40MW energia sortzeko ahalmena izango du. Azpiegitura Aixeindarrek sustatzen du. Bi erkidego ezberdinei, Euskadiri eta Nafarroari, eragiten dien proiektua denez, ministerioen tramitazioa behar izan du, eta aldeko txostena jaso berri du. Azazetako Parke Eolikoak ere 8 aerosorgailu aurreikusten ditu eta 40MW energia sortzeko gaitasuna izango du. Alegría-Dulantzi, Iruraiz Gauna, Donemiliaga, Arraia Maeztu eta Bernedo udalerrietan kokatuko da, Araban. Aixeindar da kasu honetan ere sustatzailea.

Tapia sailburuak adierazi duenez, gaur egun Euskadik kontsumitzen duen energiaren % 10 sortzen du, eta helburua 2030erako % 15era iristea da, iturri berriztagarriak erabiliz. “Jakin badakigu gai honetan ezin izango garela erabat buruaskiak izan, baina ahalegin handiagoa egin behar dugu energia garbiaren sorrera areagotzeko. Hori lantzen ari gara, nahiz eta oraindik nahiko genukeen ratioetatik oso urrun egon”, esan du.

Hori horrela, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak etorkizunean energia berriztagarrien beste modalitate batzuen beharra azpimarratu du, eta, horretarako, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial bat prestatzen ari da. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) Euskadiko lurraldea antolatzeko tresna bat da, eta ingurumena edo kultura bezalako balio babesgarriak hartzen ditu kontuan.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak, 2023ko ekitaldirako, Ikerketa eta Garapeneko Zeharkako trakzio proiektu kolaboratiboak diseinatzeko laguntza-programaren deialdia onartu du, Euskadi 2030 Zientzia,Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan. Bozeramaileak azaldu duenez, 1.200.000 euro bideratuko dira zeregin honetara Lehendakaritzako Berrikuntza Funtsetik eta hiru atal hauetan sailkatuko dira proiektuak: Zahartze Osasuntsua, Mugikortasun Elektrikoa eta Ekonomia Zirkularra. 

Gainera, Gobernu Kontseiluak Arabako eta Bizkaiko zortzi enpresaren kanpoko larrialdietako planak onartu ditu gaurkoan, enpresa hauetan gerta litezkeen eta enpresen kanpoaldean eragina izan dezaketen istripuei aurre egiteko. Enpresa hauek dira: BAHÍA DE BIZKAIA GAS, WEYLCHEM BILBAO eta ESERGUI (hirurak Zierbenan kokatuak), DEKITRA  eta GENERAL QUÍMICA (biak Lantaronen), MAXAM OUTDOORS (Galdakaon), ACEROS INOXIDABLES OLARRA (Loiun) eta REPSOL BUTANO (Santurtzin).

Gobernu Kontseiluak, halaber, baimendu du gaur 2023rako 565 milioi euroko gastua xedatzea, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrera jasotzeko eskubidea duten pertsonen diru-sarrerak bermatzeko. Denak hain zuzen ere, Lanbidek leihatila bakarrean ematen dituen prestazioen multzoa. Iaz baino % 20 gehiago da zeregin honetan aurten gastatuko dena eta horren badu bere zergatia: enpleguaren hobekuntza laguntza hauen onuradun gutxiagotan islatzen da (Lanbidek funtzio hori bere gain hartu zuenetik izan den zifra baxuenean) baina urtarriletik aurrera % 8,5eko igoera aplikatu behar da, eta apiriletik aurrera, abenduan onartutako legea indarrean sartzearen ondorioz, osagarri batzuk indartu egin dira, beraz, diru-kopuru handiagoa aurreikusi behar izan da. Beraz, honetan oinarritzen da 565 milloi izatea Lanbidek zeregin honetarako behar duen kopurua. Kopuru handia baina hemendik aurrera hilez hil banatzen joango dena.

Bestetik, ia bost milioi euroko partida onartu du gaur Kontseiluak hirugarren sektoreak 2023an, gizartean esku hartzeko eremuan egingo dituen jarduerak sustatzeko. Zupiriak azaldu duenez, lehentasuna izango dute pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatzeko eta babesteko jarduerak, nagusiki esperimentazio- edo berrikuntza-osagai bat dutena. Eta ekintza-mota horiek gizarte-inklusioaren eremuan, familiaren babesaren eta haur eta nerabeentzako arretaren eta babesaren eremuan kokatzen dira, bai eta etorkinen integraziora eta, oro har, kulturartekotasunera ere.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)