Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskadik eta Japoniak harremanak areagotuko dituzte, aurten sektore anitzetan garatuko diren proiektu berrien bitartez

2023-01-17
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakariak eta Japoniako enbaxadoreak Euskadi Japonia 2023 programa aurkeztu dute gaur Ajuria Enean. Ekimen horren helburua da lankidetza indartzea eta Euskadi Basque Country sustatzea Japonian
  • Urrian Basque Week egingo da Tokion; kaleko jarduerak espazio itxietan garatuko diren beste batzuekin tartekatuko dituen egitarau zabala izango du ekitaldi horrek

Euskadik eta Japoniak harreman estuagoak izango dituzte Euskadi Japonia 2023 ekimena abian jartzearekin. Ekimen horren helburua da bi herrialdeek dagoeneko dituzten harreman estuak indartzea eta proiektu eta lankidetza berriak sortzea erakundeen, enpresen, kulturaren, gastronomiaren eta turismoaren arloetan.

Aurreikusitako jarduera-programa gaur goizean aurkeztu dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Takahiro Nakamae Japoniako enbaxadoreak, eguerdian Ajuria Enea jauregian izan duten bileraren ondoren.

Lehendakariak gogorarazi du Japonia Euskadi Basque Country 2025 Estrategian lehentasunezkotzat jotzen dela eta iaztik Euskadik Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren enpresa- eta merkataritza-bulego bat duela Tokion; eta horren ondoren, aurten garatuko diren 40 ekimenetako batzuk aipatu ditu lehendakariak.

Hala, erakunde-mailan, aurreikusita dago Fukushima edo Mie prefekturen gobernadoreek Euskadira bisita egitea; izan ere, Euskadik elkar ulertzeko memorandum bana sinatu du haiekin.

Kulturaren arloan, jarduera berriak tartekatuko dira, hala nola Euskadiko eta Japoniako erakusketa eta zinema-zikloak, eta dagoeneko errotuta dauden jarduerak egingo dira, hala nola Euskara eta Euskal Kulturako Lektoretza, Tokyo University of Foreign Affairs-en ematen dena.

Finantzen arloan, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du inbertitzaileei bisita instituzionala egitea, Euskadiko Bonu Jasangarriaren programa aurkezteko.

Berrikuntzaren arloan, Japoniako zenbait prefekturatako ordezkariek bisita bat egingo dute Euskadira, automobilgintzan, hidrogenoan eta adimen artifizialean lankidetza-eremuak identifikatzeko.

Garapen ekonomikoaren arloan aurten gauzatuko dira Euskadiko eta Japoniako enpresen misioak. Helburua da garapenerako interesak eta proiektuak identifikatzea; enpresa-jardunaldiak antolatzea Euskadin eta Japonian; eta Caprice proiektua sendotzea, Osakan eta Tokion misio zuzenak antolatuz.

Bestalde, Basque Week egingo da Tokion urriaren 13tik 20ra bitartean, eta, jarduera kultural eta gastronomikoen bidez, Euskadi Basque Country japoniarren artean sustatzeko balioko du aste horrek. Hala, egun horietarako egitarau zabala izango da, kaleko jarduerak espazio itxietan garatuko diren beste batzuekin tartekatuko dituena.

“Gure helburua da lehendik dauden proiektuak sendotzen eta elikatzen jarraitzea, Japonian interesa duten euskal eragile guztiei laguntza emanez. Halaber, Euskadi Basque Country gizarte japoniarrari hurbiltzea; eta, era berean, Japonia eta haren kultura, Euskadiri.

Eskerrak eman nahi dizkiot enbaxadore berriari egindako bisitagatik eta ekimen hauei emandako babesagatik” esan du amaitzeko.

 

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak