Josu Erkoreka: “Une honetan Euskadin 48 emakumek dute eskolta erasotzaileengandik babesteko”
Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburua, Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Bertan, besteak beste, indarkeria matxistaren inguruan jardun da.
Josu Erkoreka sailburuak adierazi du Estatuko Segurtasun Indarren genero-indarkeriaren aurkako borrokaren arduradunekin deitutako bileran irizpideak bateratu eta neurriak aztertu izana positiboa dela, baina gogoratu behar dela polizia guztiek ez dutela berdin jarduten eta ez dituztela erreminta berdinak. Adibide gisa, emakumeen arrisku maila neurtzeko tresnak ezberdinak direla aipatu du. Euskadin EBA, Etxekoen eta Emakumeen Babesa, sistema erabiltzen da, “dena hobetu daiteke, baina sistema ona dela esango nuke”.
Lehendakariordeak arreta erasotzaileengan jartzearen garrantzia azpimarratu du, “baina, juridikoki arazo bat dago: datuen babeserako eskubidea bermatu behar dela, batez ere datu sentsibleak direnean, pertsonen ibilbide deliktiboei buruzko datuak, esaterako”. Hau horrela, erasotzaileen datuak kasurik larrienetan partekatzearen aukera aztertzen ari dela esan du.
Indarkeria matxistaren aurrean hartzen ari diren neurrien inguruan galdetuta, Segurtasuneko sailburuak azaldu du biktimen babeserako hainbat neurri martxan daudela. Adibide gisa, datu batzuk partekatu ditu: Euskadin 48 emakumek dute eskota erasotzaileengatik babesteko, 206 emakumek bigilantzia dute eta 111 emakumek “bortxa” telefono zenbakia dute eskuragarri zuzenean poliziarekin harremanetan jartzeko. Halaber, erasotzaileak kontrolpean izateko neurriak ere hartzen direna nabarmendu du: 77 eskumutur telematiko daude martxan Euskadin erasotzailean jarraipena egiteko.
Kriminalitatea
Kriminalitatearen inguruan galdetuta, Josu Erkoreka azpimarratu du Euskadi leku segurua dela, baina, Europako esparru askok dituzten arazoak ere badituela. Izan ere, herri handiak ditu Euskadik eta hauetan arriskuak nabarmenagoak dira.
Hala ere, sailburua kezkatuta agertu da labanaren erabilera ugaritzen ari delako gau giroan. “Ernetzen ari den ikusmolde bat, gaua ospatzeko modu bat, labanaren kultura ugaritzen ari da”, adierazi du. Azaldu duenez, ez da bakarrik hemen gertatzen, Estatuko beste tokietan ere gertatzen ari da. “Kontu da fenomenoa ugaritzen ari dela eta erantzuna eman behar zaiola horri”
Polizia jarduna
Metalgintzako greben testuinguruan Ertzaintzak izan duen jarduerari buruz, Segurtasun sailburua azpimarratu du Ertzaintzaren jarduera neurrikoa eta justifikatu izan dela beti. “Kasuren batean zalantza badago salatzeko mekanismoak daude eta epaileak erabakiko du neurriz jokatu den edo ez”, gaineratu du.
Transferentziak
Transferentzien inguruan, Lehendakariordeak gogorarazi du martxoan izan zen bileraren ostean urtea amaitu aurretik beste bilera bat ospatzeko nahia adierazi zuela, baina ez dela posible izan. Hala ere, elkarrizketak eta negoziazioak martxan daudela azaldu du, “baina, argi dago, aurrera egiteko borondate politikoa beharrezkoa dela”. Hauteskundeek indarrean dagoen lege dinamikan ez luketela eraginik izan behar esan du Erkorekak, "baina historikoko eragina izan dutela ikusi da".
De Miguel auzia
Lehendakariordeak azpimarratu du Jaurlaritzak jarduera zuzena izan duela uneoro. “Sententzia argia denean exekutatu eta aplikatu egin behar da, eta hala egingo da”, baieztatu du.
-
2023-01-13
Comentario de Twitter:
Josu Erkoreka: “En estos momentos en Euskadi hay 48 mujeres con escolta para ... - Irekia https://t.co/pwWKSshd6w