Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorri elkarteak Klis-Klasikoak liburu-bilduma aurkeztu dute

2011.eko azaroak 25

Klis-Klasikoak izeneko liburu-bilduma aurkeztu dute Bego Muruaga Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendariak, Aitziber Alonso Galtzagorri euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteko lehendakariak eta Ibon Egaña bilduma honen atzean dagoen batzordearen kideak gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzarekin Galtzagorri elkarteak bideratzen duen liburu-bilduma da Klis-Klasikoak. Bilduma honek euskarazko haur eta gazte literaturan sumatzen zen gabezi handi bati erantzuten dio, eta bere helburu nagusia haurrentzako eta gazteentzako euskarazko liburu onak, kalitatezkoak egitea da, historian zehar ezinbestekoak bihurtu direnak gurera ekarri eta modu egokian plazaratzea.

Euskarazko eta haur eta gazte literaturako liburu klasikoak berrargitaratzeaz gain, literatura unibertsalean klasikoak diren eta euskaraz oraindik modu duinean ez ditugun liburuak kaleratu nahi dira. Izan ere, euskarazko irakurtzeko zaletasuna sustatzeko ezinbestekoa da euskarazko kalitatezko liburuak eskaintzea.

Horren haritik, gaurko honetan honako liburu hauek aurkeztu dira: Txan Fantasma, Maria Goikoak batbirulau, Indianoa eta Pinotxoren abenturak. Txan Fantasma  Elkar argitaletxeak kaleratu du; beste hirurak, berriz, Igela, Alberdania eta Ereinek elkarlanean. Liburu horietan hainbat egilek, idazlek, itzultzailek eta ilustratzailek hartu dute parte: Mariasun Landa, Jokin Mitxelena, Gregorio Muro, Anjel Lertxundi, Koldo Biguri, Garazi Goikoetxea, Antton Olariaga, Jon Zabaleta eta Francisco Fructuosok, besteak beste.

Liburu hauen hautaketa eta prestaketa lanetan Haur eta Gazte Literaturako profesional ezberdinek osatzen duten batzorde bat aritu da. Asun Agiriano bibliotekariak, Ibon Egaña literatur kritikari eta unibertsitateko irakasleak, Dani Maiz ilustratzaileak, Inazio Mujika argitaldariak, Itziar Zubizarreta idazle eta irakurzaletasuna sustatzen adituak eta Patxi Zubizarreta idazleak hartu dute parte hain zuen ere aipatu batzordean.

Liburu guztien diseinu-zuzendaritza, berriz, Antton Olariaga eta Elena Odriozolaren esku geratu da. Eta lan honetarako Concetta Probanza ilustratzailearen kolaborazioa ere izan dute. Liburu guztien zuzenketa lanak berriz, Mitxel Muruak gauzatu ditu.

Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak aditzera eman duenez, "2011 urte honetan bi egitasmo burutuko ditugu bi erakundeen artean, Eusko Jaurlaritzaren eta Galtzagorriren artean. Lehenengoak 0-6 urte arteko haurrengan irakurketa ohiturak bultzatzeko helburua zuen, eta Bularretik Mintzora izeneko kanpaina da. Gaur aurkezten ari den Klis-Klasikoak izenekoa da bigarrena, eta kasu honetan, haur eta gazteei euskarazko kalitatezko liburuak eskaintzea du helburu. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak ere bere laguntza eman nahi izan du, eta guztira ia 100.000 euro jarri du aurten bi proiektu horiek gauzatzeko".

Izan ere, haur eta gazteek nazioarte-mailako hainbat autore klasiko ezagutzeko, beste hizkuntzetara jo behar izaten dute. "Haur eta gazte-literaturan mundu-mailan ezinbestekoak diren lanak falta zaizkigu, hortaz, euskaraz; hain zuzen, hori ekiditeko, gaur aurkezten ari garen bilduma sortu da. Haur eta gazteen adin-tarte guztiak hartzen dituen bilduma: 4-8, 9-12 eta 12-16 urte arteko gazteei begira antolatutakoa", azpimarratu du Bego Muruagak.

Gaurkoan lau liburu hauek aurkeztu dira, baina datozen urteotarako proiektu honek jarraipena izango duela aitortu dute bi erakundeek eta, hala, 2012. urtean ere liburu gehiagok argia ikusiko dute. Klis-Klasikoak bilduma honekin Galtzagorrik eta Eusko Jaurlaritzak bat egiten dute honako bi helburu hauetan: bata, euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea, eta bestea, euskarazko irakurzaletasuna piztea haur eta gazteen artean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan