Berriak
Eu

Generoko indarkeriaren aurkako politikek tratu txarrak jasotako emakumeen esperientziaren araberakoak izan behar dute

2011.eko azaroak 25

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da

Patxi López lehendakariak emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizartearen alde deitutako elkarretaratzean hartu du parte, bost minutuko isilunea eginez, Eusko Jaurlaritzako beste ordezkari batzuekin batera Lakuako egoitzan (Gasteiz).

Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Hori dela-eta, Jaurlaritzako kideak Lakuako egoitzaren aurrean elkarretaratu dira. Ekitaldian, Patxi López lehendakariak ez ezik, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, Mariola Serrano Generoko Indarkeriaren Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendariak, eta María Silvestre Emakundeko zuzendariak ere parte hartu dute.

Mariola Serranok emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko erakundeak egiten ari diren lana nabarmendu du, baina izurri hau ezabatzeko are gehiago egin beharra dagoela ere gaineratu. «Generoko indarkeria bizi izan duten emakumeei ahotsa eman eta entzun behar diegu, eta beren esperientziak aintzat hartu behar ditugu arlo honetako ekintzak egiteko orduan», adierazi du.

Serranok gogorarazi duenez, indarkeria gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren «adierazpen nagusia» da; horregatik, berdintasun osoa lortzeko, hezkuntza, prebentzioa eta kontzientzia-hartzea landu beharra dagoela azpimarratu du. Aipatutako horiek emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko tresna eraginkorrak direla adierazi du.

María Silvestre Emakundeko zuzendariak, berriz, emakumeenganako indarkeria gizarte osoaren arazoa dela adierazi du; halaber, nabarmendu du kontua ez dela «arreta edo babesa jartzea, baizik eta gure balioak, kulturak eta gure herentzia aldatzea, eta bestearenganako begirunearen alde lan egitea».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)