Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Eusko Jaurlaritzak landare inbaditzaile baten aurrerakadari aurre egiteko sarea bultzatuko du kostalde atlantikoan

2011.eko azaroak 25

Teknikariek Landare horrek benetan eragiten dituen kalteak ikusteko, bisitaldi gidatua egin dute Urdaibaiko biosferaren erreserbara

Inguru atlantikoan Baccharis halimifolia landarearen hedapena saihesteko gakoetako batzuk prebentzioa, herritarrak sentsibilizatzea, haren jokabideari buruzko informazioa ematea eta administrazioen arteko lankidetza estuagoa dira. Hala azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak gaur «Natura 2000 sareko espezie inbaditzaileak» jardunaldian, Euskadiko Biodibertsitate zentroan, Busturian (Bizkaia).

Ingurumeneko sailburuorde Arantza Leturiondok inauguratutako jardunaldian ehun bat bioaniztasun aditu izan dira, baita udaletako eta bestelako administrazio publikoetako teknikariak ere. Landare horrek benetan eragiten dituen kalteak ikusteko, atzo bisitaldi gidatua egin zuten Urdaibaiko biosferaren erreserbara.

«EAEko biodibertsitateari eragiten dioten espezie inbaditzaileetako asko lurralde mugakideetan ere ohikoak dira, eta askotan, inguruko herrialdeetan eta eskualdeetan dute jatorria. Arazo globala da, beraz, eta horregatik, erantzuna globala izan behar da», adierazi zuen Ingurumeneko sailburuordeak jardunaldiaren inaugurazioan.

Baccharisaren aurkako sarea

Jardunaldiaren aurretik, joan den asteazkenean, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaritzak bilera egin zuen Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioko eta Arku Atlantikoko eskualdeetako gobernuekin (Galiziakoa, Extremadurakoa eta Frantziakoa).

Izan ere, Baccharis halimifoliaren egoeraren segimendua egiteko eta informazioa trukatzeko epe luzeko sarea sortu dute landareagatik kaltetutako eskualdeek. Bilera horretan eskualde guztiek landare inbaditzaile horri aurre egiteko esperientziak azaldu zituzten.

Euskadiren kasuan, Ingurumen Sailak eta Ihobe sozietate publikoak arazoaren datu garrantzitsuenak, kaltetutako inguruak, ondorioak, desagerrarazteko erabilitako metodologia ohikoenak eta gauzatutako proiektuak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuten.

Zehazki, Ingurumen Sailak eta Ihobek 1.860.000 eurorekin abiarazi duten Life proiektuaren bidez, Natura 2000 sarearen hiru tokitan (Urdaibain, Lea ibaiaren estuarioan eta Txingudiko paduretan), 300 hektarea baino gehiagotan, izurritea desagerrarazteko eta Europako zuzentarauek babestutako habitatak eta espezieak leheneratzeko gauzatzen ari diren jarduerak azaldu dituzte.

Landare inbaditzailea

Baccharis halimifolia Ipar Amerikako hego-ekialdeko kostaldeko zuhaixka bat da. Europara XIX. mendean ekarri zuten apaingarri gisa. Gazitasuna eta uholdeak ondo jasaten dituenez, azkar naturalizatu zen eta Europako kostalde atlantikotik hedatzen hasi zen. Egokitzeko gaitasun handia du, azkar hazten da (30-40 cm urtean, lehen urteetan) eta ale eme bakoitzak hazi kopuru handia sortzen du (milioi eta erdi hazi baino gehiago), horregatik, landare inbaditzaile bikaina da eta urtez urte inbaditutako eremua handitzen du.

Gehien kaltetutako eremuak Atlantikoko estuarioak eta padurak dira. Jatorrizko landaredia, batez ere lezkadiak eta ihitzak, ordezkatzen du azkar. Sortzen duen sustrai sistemak lohiz betetzen ditu hezeguneak, eta horrek eragin zuzena du ekosistemen dinamika hidrikoan.  Hau da, paisaia eraldatzen du, eta estuarioen produktibitatea txikitzen du.

Espeziearen ondorioek hegaztiei ere eragiten diete, askok lezkadiak eta ihitzak, putzuz betetako edo ia betetako inguruak behar baitituzte elikatzeko, atseden hartzeko eta ugaltzeko.

Geografikoki, ondorio larrienak jasan dituen ingurua Europako arku atlantikoan dago, Bretainiatik Galiziara. Gune nabarmenenak Kantabriako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Akitaniako eta Frantziako erdi aldeko kostalde atlantikoko estuarioetan daude, eta horien mugakide diren eskualdeetan inbasioa hasiera faseetan dago.

90eko hamarkadaren amaieratik eta 2000. urtetik aurrera, proiektu ugari gauzatu dituzte landare inbaditzaile horren eragina txikitzeko eta hedapena geldiarazteko. Bakoitzak emaitza batzuk lortu ditu eta askok landarearen hedapena geldiaraztea lortu dute, baina habitatak leheneratzea ere.

Iruzkin bat
  • @AlburenSL
    2011.eko azaroak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @IngurumenEJGV: Vídeos de la jornada "Especies Invasoras en la Red Natura 2000" http://t.co/fMnrOQu8 #biodiversidad #life

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Arantza Leturiondo