Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Atzerriko inbertsioak, 40.000 lagun baino gehiago enplegatzen dituenak, Euskadirenganako konfiantza mantentzen du

2011.eko azaroak 24

 

Atzerriko inbertsioak, 40.000 lagun baino gehiago enplegatzen dituenak, Euskadirenganako konfiantza mantentzen du

 

  • - Invest in the Basque Country estrategiaren barruan, Bernabe Unda Industria sailburua atzerriko kapitala duten ia 350 enpresetako ordezkariekin elkartu da beren kezkak argitzeko.
  • - Konpainiek esan dute Euskadik baduela "inbertsiorako tresnarik" eta Euskadiren alderdi erakargarrienak direla logistika, azpiegiturak eta enpresari nahiz langileen seriotasuna.
  • - Konpainia horiek 8.700 milioi euroko fakturazioa dute, hau da, Euskadin sortzen den negozio bolumenaren ia %9. Argi geratu da atzerriko kapitalak Euskadirenganako konfiantza izaten jarraitzen duela, filialetako zuzendaritza-karguen %97 bertakoak baitira.
  • - Inbertsiogileen foroak Aholkularitza Batzorde bat sortzea adostu du Eusko Jaurlaritzaren eta atzerriko enpresen arteko aldizkako komunikazioa mantentzeko.

 

Atzerriko kapitala duten Euskadiko enpresek Euskadirenganako konfiantza izaten jarraitzen dute eta beren konpromisoari eutsi diote. Halaxe ikusi da gaur atzerriko konpainien 326 filialetako ordezkariek Bernabe Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin izan duten topaketan. Hainbat datuk frogatzen dute atzerriko kapitalak Euskadirenganako konfiantza izaten jarraitzen duela, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpe dagoen SPRI (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) sozietateak eginiko inkesta baten arabera, datu horietako bat da filialetako zuzendaritza-karguen %97 bertakoak direla. Gainera, %82k adierazi dute beren negozioa espero bezala edo hobeto doala eta %70 gustura daude Euskal Administrazioak emandako laguntzarekin. Atzerriko kapitala duten eta Euskadin kokatuta dauden enpresen %80k hamar urte baino gehiago dauzkate.

 

Gaur Bilbon eginiko bileran enpresa horietako hamabost zuzendaritza-kargu elkartu dira Unda sailburuarekin, Juan Goicolea Berrikuntza eta Teknologia sailburuordearekin eta Tomas Orbea SPRI Taldeko zuzendari nagusiarekin. Hauxe izan da Eusko Jaurlaritzak eta atzerriko inbertsiogileek Invest in the Basque Country estrategiaren baitan izan duten lehen harremana. Martxoan aurkeztutako zerbitzu hau atzerriko inbertsioak biltzeko atal bat da. Atal bat, atzerriko inbertsioak sistematikoki eta profesionalki bilduko dituena, kontuan hartu behar baita orain arte lan hori ez dela egin sistematikoki.

 

Inbertsioa erakartzeaz gain, Invest in the Basque Country egitasmoaren beste helburu garrantzitsu bat da Euskadin instalatuta dauden atzerriko enpresei etengabeko arreta ematea, hau da, aftercare edo instalatu ondorengo zaintza egitea, eta hain zuzen horretarako antolatu da gaur Eusko Jaurlaritzaren eta atzerriko konpainien arteko topaketa hau.

 

Estatistika Institutu Nazionalak (INE) emandako azken txostenaren arabera, atzerriko kapitala duten Euskadiko 326 enpresek 40.100 lagun baino gehiago enplegatzen dituzte, hots, EAEn lanean dauden langileen %7 eta enpresa horien negozio bolumena 8.700 milioi eurokoa da, EAEn sortutako negozio guztiaren ia %9a.

 

Zuzendaritza-karguek esan dute Euskadik baduela "inbertsioaren alde egiten jarraitzeko tresnarik".Denak bat datoz esatean Euskadiren alderdi erakargarrienak direla  logistika, azpiegiturak eta enpresari nahiz langileen seriotasuna. Argi esan dute erraztasun guztiak eman zaizkiela erakundeekin harremanetan jartzeko, baina arduraturik agertu dira multinazionalen barruko lehiagatik.

 

 Bernabe Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak azpimarratu du Invest in the Basque Country estrategia Eusko Legebiltzarrak onartutako Enpresen Lehiakortasunerako 2010-2013 Planaren jarduera ildoetako bat dela. Nazioartekotzeko ardatzetako bat da "inbertsioarentzat, talentuarentzat eta turismoarentzat erakargarria den eskualdearen irudia proiektatzea". Undak esan duenez, gaur egungo testuinguru ekonomikoan inbertsio berriak oso txikiak dira bai Euskadin eta bai Europan. Horregatik, "zuzeneko atzerriko inbertsio berriaren zati handi bat lehendik kokatuta dauden atzerriko enpresetatik dator". Sailburuak adierazi du Euskadik "baduela zer eskaini atzerriko inbertsiogileentzat" eta eredutzat jarri ditu EAEko produkzioaren eraldaketa prozesu arrakastatsua, langileen kualifikazioa eta beti zintzoak izan diren eskarmentudun kudeatzaileak. "Beren ideiak eta planak ezagutu nahi ditugu. Behar adinako irizpideak eta epaitzeko elementuak eduki nahi ditugu ez bakarrik Euskadin dituzten inbertsioak mantentzeko, baita ere inbertsio horiek handitzeko", baieztatu du.

 

Tomas Orbeak atzerriko kapitala duten enpresei eginiko inkestaren zenbait alderdi garrantzitsu azpimarratu ditu, besteak beste, zeintzuk diren hemen ezartzera bultzatu zituzten arrazoiak: azpiegitura teknologiko onak eta tokiko hornitzaile sareak.

 

Inbertsiogileen foroan Aholkularitza Batzorde bat sortzea adostu dute, zeinaren bidez aldizkako komunikazioa mantenduko baita Eusko Jaurlaritzaren eta atzerriko kapitala duten enpresen artean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)