Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskadin, gazte batentzat babestutako etxebizitza baten alokairua edo hipoteka soldataren % 30 baino gutxiago da, baina merkatu librean, % 50 baino gehiago (Gobernu Bilera 2022-12-27)

2022-12-27

Gaur aurkeztu da Gazteen Euskal Behatokiaren “Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2021” txostena.

Txosten honetako datuek berresten dute garrantzitsua dela gazteen emantzipazio-adina aurreratzen laguntzeko estrategia espezifiko bat bultzatzea.

Estrategia hori martxoa amaitu baino lehen onartuko da, eta horrekin zehaztuko da 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzako emantzipaziorako laguntza ekonomikoa.

Laguntza hori, bateragarria izanik Gaztelagun Programako alokairu-laguntzekin, emantzipazioari babes garrantzitsua emango dio.

Halaber, martxotik aurrera, gazteentzako informazio, orientazio eta laguntza pertsonalizatuko zerbitzua zabalduko da.

Joan den abenduaren 7an aurkeztu zen Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia. Emantzipatzeko adina aurreratzea du helburu, batez ere gazteen enpleguan, etxebizitzan eta errentan esku hartzen duten neurrien bidez. Dokumentu hori ekarpenak jasotzeko aldian dago, otsailaren 7ra arte.

Gaur aurkeztu da Gobernu Kontseiluan Gazteen Euskal Behatokiak egindako “Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2021” txostena. Lan honen helburua 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazte batentzat bakarrik emantzipatzea zer den baloratzea da, etxebizitza erosita edo alokatuta.

Azterlan honetan jasotako datuek –Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren dokumentazioan txertatuko direnak– berretsi egiten dute gazteen emantzipazioa errazteko eta emantzipazioa gertatzen den adina aurreratzeko estrategia espezifiko bat hedatzeko beharra eta garrantzia.

Txostena egiteko, etxebizitza librea eta etxebizitza babestua eskuratzeko kostua islatzen duten hamabi adierazle hartu dira kontuan, jabetzan zein alokairuan. Kostu teorikoa da; izan ere, salgai edo alokairuan dauden etxebizitzen batez besteko prezioetatik, gazteen batez besteko soldatetatik eta hipoteka-maileguen baldintza estandarretatik abiatzen delako (erosketaren alde eginez gero), kasuistikak indibidualak alde batera utzita.

Datuak eta horien bilakaera Euskadi osoaren eta lurralde historiko bakoitzaren arabera aurkezten dira. Gainera, sexuaren eta adin-taldeen arabera bereizita agertzen dira, eta, hori posible denean, Espainia osokoekin alderatzen dira. Hona hemen datu aipagarrienetako batzuk:

  • Etxebizitza eskuratzeko kostuak behera egin du 2021ean, 2020aren aldean, Euskadiko gazteen artean; izan ere, soldaten igoera merkatu libreko etxebizitzen salerosketa- eta alokairu-prezioen igoera portzentualki handiagoa izan da.
  • Etxebizitza librea jabetzan eskuratzeko kostua, hau da, 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko pertsona batek merkatu librean etxebizitza bat erosteko hipotekaren lehen hilekoa ordaintzera bideratu beharko lukeen hileko soldata garbiaren ehunekoa, jaitsi egin da % 57tik 2020an % 52,9ra 2021ean. Adinean gora egin ahala, soldatek ere gora egiten dute, eta, beraz, eskuratzeko kostua txikiagoa da, bai erostea bai alokatzea aukeratzen bada, nahiz eta merkatu libreak 30-34 urte bitarteko pertsonak etxebizitza ordaintzeko gainzorpetze-egoeran jartzen dituen.
  • Jaitsiera txikiagoa da alokairuko etxebizitza librea eskuratzeko kostuaren kasuan; soldatapeko gazte batek 2021ean alokairuko errenta ordaintzeko erabili beharko lukeen hileko soldata garbiaren ehunekoa % 51,1 da, aurreko urteko % 52,7a baino puntu eta erdi txikiagoa. Gipuzkoako gazteek egin behar diote aurre kostu handienei merkatu librean sartuz gero, batez ere erosteko, lurralde horretan etxebizitza libreak garestiagoak direlako.
  • Etxebizitza librea eskuratzeko kostu horiek gainditu egiten dituzte finantza-erakundeek eskatzailearen kaudimena zehazteko ezartzen dituzten ehunekoak, hau da, soldata garbiaren % 30. Gainzorpetzetzat jotzen dena ere gainditzen dute, % 40tik aurrera. Datu horiek erakusten dute 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek zailtasunak dituela bakarrik emantzipatzeko batez besteko soldata kobratzen duenean.
  • Etxebizitza babestuak, erosketan zein alokairuan, askoz ere kostu onargarriagoak ditu soldatapeko gazteentzat. 2021ean, etxebizitza babestu bat bakarrik erosteko hileko soldata garbiaren % 28,8 erabili behar zen hipoteka ordaintzeko, eta etxebizitza babestu bat alokatzeko soldata garbiaren % 28,1 erabili behar zen hileko alokairu-errenta ordaintzeko. Ehuneko horiek bakarrik emantzipatzeko aukera ematen dute, % 30eko zorpetze-muga gainditu gabe.

Emantzipazio-estrategia eta gazteei laguntzeko zerbitzua sortzea dira Eusko Jaurlaritzaren bi lehentasunak 2023an

Europako Batzordeak 2022a “Gazteriaren Europako Urtea” izatea ezarri zuen. Gaur aurkeztutako txostena Eusko Jaurlaritzak aurten hartutako erabakiak berresten dituen beste argudio bat da. Euskadin, hamabi hilabete hauetan, mugarri garrantzitsuak izan dira gazte-politikei dagokienez.

Martxoaren 10ean onartu zen Gazteriaren lehen Legea. Ekainaren 21ean, Gobernu Kontseiluak Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia onartu zuen. Horrekin lerrokatuta, joan den abenduaren 7an Gazteen emantzipazioa laguntzeko estrategia espezifikoa aurkeztu zen.

Urrian, Gazteria Zuzendaritza Lehendakaritzaren egituran integratuta geratu zen, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren barruan, gazteriaren, emantzipazioaren eta erronka demografikoaren politiken sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioa sustatzeko, zeharkako ikuspegi batekin.

Gobernu Kontseiluak gaur egindako bileran, Lehendakariak azpimarratu du 2023ko gazte-politiken lehentasunak, Gazteriaren Legearen aurreikuspenen ildotik, bi direla: emantzipazio-estrategia onartzea eta garatzea eta GAZ (Gazte-ibilbideak abiarazteko zerbitzua) hedatzea.

Lehenengo lehentasuna emantzipazio-adina aurreratzeko baldintza egokien ekosistema bat eratzea da. Ildo horretan, martxoa amaitu baino lehen, Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia behin betiko onartzea aurreikusten da. Horrekin definituta geratuko da 25-29 urteko gazteentzako emantzipaziorako laguntza ekonomikoa. Ildo horretan, eta 2024ra begira, lehentasuna izango du prestazio ekonomiko hori arautzeak eta abian jartzeak. Gaztelagun programako alokairu-laguntzekin bateragarria izango da, eta babes garrantzitsua emango die gazteen autonomia- eta emantzipazio-prozesuei.

Bigarren lehentasuna da gazte-sistemaren berezko baliabide-sarea pixkanaka indartzea. Arlo horretan, nabarmentzekoa da martxotik aurrera “GAZ: Gazte-ibilbideak abiarazteko zerbitzua” abian jartzea. Emantzipaziorako eta gazteen mugikortasunerako informazio, orientazio eta laguntza pertsonalizatuko online zerbitzua da. Osagarri gisa, arreta presentziala bultzatuko da udalekin lankidetzan arituz. Udalek Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatutako proiektu pilotuen bidez emango dute zerbitzu hori. Joan den abenduaren 16an aurkeztu zen aurrez aurreko zerbitzu hauetako lehena, Bilboko Udalarekin adostuta.

Iruzkin bat
  • Argazkia Sorgin
    2022-12-28

    ¿Y para los que no somos tan jóvenes y tenemos hijos? Y los no tan jóvenes que hoy gracias a la farsa de la guerra de la OTAN contra Putin ven como sus hipotecas suben y tendrán que dejar su vivienda, ¿Que piensan hacer? ¿Comunas? La indecencia del gobierno la misma que la indecencia de la banca

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko