Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gizarte-prestazioak enpleguarekin lotzen dituen lehenengo autonomia erkidegoa da Euskadi, Alemaniakoaren antzeko ereduaren bitartez

2011.eko azaroak 24

 

  • Eusko Legebiltzarrak Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen erreforma onartu du, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren gestio osoa Lanbideren esku utzi du, prestazio hori laneratzearekin lotzeko
  • "Gizarte-babeseko sistemak, laguntzak ez ezik, aukerak ere eman behar ditu. Ez al da zuzena subsidioaren eta enpleguaren artean aukeratzea galaraztea?, adierazi du Gemma Zabaletak 
  • Kudeaketa-formula berriak izapidetze bateratua eta eraginkorragoa ahalbidetuko du, baita kontrol handiagoa ere, iruzurrari aurre egiteko

  

Eusko Jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen erreforma onartu du gaur. Aldaketa horren bidez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) eta Etxebizitza Prestazio Osagarriaren (EPO) kudeaketa osoa Lanbideren esku geratuko da, prestazioak langileen laneratzearekin lotu ditzan.  Horrela, urtarrilaren 1etik aurrera, gizarte-prestazioak enplegua modu aktiboan bilatzearekin edo lan-merkatura sartzeko prestakuntzarekin lotzen dituen Estatuko lehenengo erkidegoa izango da Euskadi.

Aldaketa Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sustatu du, eta Gemma Zabaleta sailburuak babestu du gaur goizean erreforma hori Legebiltzarrean. "Mugarri bat izango da Euskadiko gizarte-babeseko politikan", azpimarratu du bere hitzaldian.  Gaur egun, 55.000 pertsonak jasotzen dute Euskadin Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Haien artean, erretiratuak onuradunen herena dira, eta lanerako aktibaziotik salbuetsita egongo dira.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko eta Lanbideko teknikari espezializatuak lanean aritu dira azken urteetan eredu hori garatzen, Estatuan aitzindaria baita, eta bere lerro nagusietan bat baitator Alemanian 2005. urtetik arrakastaz aplikatu den Hartz IV programarekin, non, hemen bezala, prestazioak laneratzearekin lotzen diren.

Sailburuak gaineratu duenez, "erreformarekin sustatzen dugun Diru‑sarrerak Bermatzeko Errentaren sistemak bizi osoko iraupena ezartzen du, Estatuan beste inolako prestaziok egiten ez duen moduan; baina, horrez gain, enplegurako aktibazioarekin lotzen du". Euskadik Estatuko diru-ekarpen handienak egiten ditu arlo horretan, 658 euro ematen baititu hilean DBEren hartzaile bakoitzeko.

Gaur arte, DBE eta EPO hiru administrazio desberdinek kudeatu dituzte: udalek (herritarrek zuzenean jotzen dute haietara, espedientea izapidetzera), aldundiek (haiek ematen diote oniritzia espedienteari) eta Jaurlaritzak (hark ordaintzen du). "Legearen erreforma horrek", zehaztu du Zabaletak, "bi administraziori kentzen die prestazioa kudeatzearen zama, gizarte- eta lan‑arloen artean dagoen tarte konplexuari arreta emateko duten esparru zabalari hobeto erantzun ahal izan diezaioten". Puntu horretan, Euskadiko udaletako oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta aldundien lana eskertu du sailburuak, "haien ahaleginagatik eta arduragatik".

Kudeaketa-formula berria datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko da, herritarrari izapidetze bateratua, arinagoa eta eraginkorragoa eskaintzea ahalbidetuko du eta, batez ere, DBEri eta EPOari dagokien enplegurako pizgarri izaera finkatuko du. Azken bi urteotan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Lanbidek bultzatutako programei esker, prestazioen 3.700 hartzailek lana aurkitzea lortu da.

Horrela, Enpleguko sailburuak azpimarratu duenez, erreforma horren oinarria "enplegua gizarteratzearen osagai bihurtzea da". Horrez gain, Zabaletak nabarmendu duenez, "gizarte-babeseko sistemak, prestazioak ez ezik, aukerak ere eman behar ditu, batez ere. Ez al da zuzena subsidioaren eta enpleguaren artean aukeratzea galaraztea?

Bestalde, Lanbideren kudeaketari esker sistema gardenagoa izango da, eta prestazioaren kontrola handiagoa izango da, iruzurra eragozteko. Horrela sistema are eta solidarioagoa izango da. Enplegu-sailak 400 milioi euro inguru erabiliko ditu prestazio horiek ordaintzeko, aurrekontuetan jasotakoak baino 70 gehiago. "Autogobernuaren historian egin den elkartasun-ahalegin handiena izango da", gogorarazi du Zabaletak. Estatu osoan gutxieneko errentetan egiten den gastuaren % 40 Euskadiko sisteman egiten da.

Diru-sarrerak Babesteko Errenta ohiko diru-sarrerekin oinarrizkotzat jotzen diren bizi-mailara iristeko nahikoa ez duten pertsonei zuzenduta dago. "Helburu horretarako ditugun baliabideak zuzentasunez administratzeko, oso zorrotzak izan behar dugu haien kudeaketarekin", azpimarratu du sailburuak.

Horregatik, laguntzak eskatzen dituzten pertsonek egiaztatu beharko dute beren diru-sarrerak ez direla iristen oinarrizko beharrizanei erantzuteko onartuta dauden gutxieneko mailetara, eta lan-merkatura sartzeko prestasun osoa dutela erakutsi beharko dute. Lanbideko lan-orientatzaileek lan-merkatura sartzeko ibilbide pertsonalizatua egingo diete, behar dituzten prestakuntza ikastaroak emango dizkiete, eta ekintza guztien garapena gainbegiratuko dute. Lanbidek Euskadiko zortzi udalerritan garatu dituen DBEren plan pilotuan 1.133 hartzailek amaitu dituzte bere prestakuntza-ikastaroak, eta beste 650ek lana aurkitu dute.

Legearen erreformak beste hainbat berritasun ekarri ditu, laguntza behar handiena dutenei zuzendutako baliabide horien banaketa ahalik eta zorroztasun handienaz egin dadin.

  • DBEren onuradunek ere gizartearen garapenari lagundu beharko diote, ahal duten neurrian. Horretarako, DBE eskuratzeko eskubidea egiaztatzen dutenak ez badira lanean ari edo ez badaude prestakuntza‑programetan sartuta lan-merkaturako trebakuntza optimizatzearren, lan sozialetan jardun beharko dute egoerak hala eskatzen duenean.
  • DBE eskuratu nahi dutenek eta Euskadin erroldatuta urte bat eta hiru bitarte daramatenek laguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak bete beharko dituzte eta, horrez gain, lan-bilaketan aktibo izateko konpromisoa agertu beharko dute, alegia, Estatuan gutxienez bost urteko lan-bizitzako historia egiaztatu beharko dute.
  • Hartzaile bakar batek ere ezin izango dio lan bati uko egin. Hori dela-eta, prestazioa kenduko zaie lan-eskaintza egoki bati, bakoitzaren ahalbidearen araberako eskaintza bati, uko egiten dieten titularrei.
  • Soldata txikiak dituzten hainbat langileren kasuan, DBE soldaten osagarri izaten da; kasu horietan, lan-kontratu bat aurkeztu beharko dute hori guztia egiaztatzeko. Zigorrak ezarriko zaizkie lan-kontraturik sinatu gabe langileak kontratatzen dituzten enplegu-emaileei. Neurri horrekin batera, Lan Ikuskaritzaren plan bat ere abiaraziko da.

"Egungo legeari egindako ekarpen berri horiei esker argi geratuko da DBE ez dela sartu eta bertan geratzeko lekua. Enplegua galduz gero, azken babesleku izan beharko luke". Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gaineratu duenez, "gizarte-prestazioen politikek sinesgarritasuna irabazi behar dute, eta hori lortuko da euskal gizarteak konfiantza badu sisteman ez daudela iruzurraren profesionalak direnak. Eta horregatik egiten dugu Lege honen erreforma, ezinbestekoa delako".

Euskadiko diru-sarrerak bermatzeko prestazioen estaldura Estatuko lehenengo postuan dago.  Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, Espainiako errenta-titular guztien % 38 eta gastuaren % 40 baino gehiago metatzen da, nahiz eta pobrezia-arriskuan dauden espainiarren % 2,4 baino ez den bertan bizi.

Suediaren edo Austriaren mailan

Adibidez, Katalunian, garapen-maila handiko autonomia erkidegoa izan arren, 160 milioi euro gastatzen dira (sei milioi biztanlerekin eta prestazio horren 34.000 hartzailerekin), eta Euskadin, berriz, 400 milioi euro inguru erabiltzen dira DBEn, bi milioi biztanlerekin eta 55.000 hartzailerekin.

Euskadin pobrezia-arriskuan dauden familien % 100ek jasotzen dituzte gutxieneko errentak; Espainiako gainerako erkidegoetan, berriz, batezbestekoa % 20aren ingurukoa da.

Europar Batasunari erreparatuz, gutxieneko errenten osagarriei buruzko Euskadiko eredua, DBEren bitartez gauzatutakoa, babes-sistema aurreratuagoak dituzten herrialdeetakoekin parekatu liteke. Adibidez, Euskadiko ereduan bi seme-alaba dituzten gurasoek osatutako bizikidetza‑unitateentzat ezarritako gutxieneko diru-sarreren prestazioen zenbatekoak Suedian, Finlandian eta Austrian ezarritako maila berean daude.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)