Filmazpit zinema-programa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
Filmazpit izeneko zinema zabaltzeko ekimen berria aurkeztu du gaur Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia eta Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema-unitateko zuzendariarekin batera, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Agerraldi honetan, euskaraz azpidatzitako pelikulen filmategia eta webgunea sortu eta zabaltzeko programaren berri eman da.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako zinema zabaltzeko programa da Filmazpit, eta gaur aurkeztu dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Donostia Kultura arduratuko da programa kudeatzeaz, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalerarekin batera, eta 123.357 euroko aurrekontua izango du 2011n; kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzak 95.800 euro jarri du.
Horrenbestez, diru-laguntza horren bidez, euskaraz azpidatzitako ikus-entzunezko hamar programa ekoitziko dira. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren bost zinemaldi aukeratu dira: Giza Eskubideen Zinemaldia (Donostia, apirilean); Animabasauri (Basauri, apirilean); Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea (Donostia, urrian); ZINEBI (Bilbao, azaroan) eta Mendi Zinema (Vitoria-Gasteiz, abenduan).
Programa honen bidez, pelikula horien euskaraz azpidatzitako jatorrizko bertsioak doako kultur emanaldi ez komertzialetan emateko eskubideak erosiko dira, hiru urterako gutxienez. Horrekin batera, Donostiako Tabakalerako web-atarian webgune berezia garatuko da; Filmazpit programaren barruan dauden filmen katalogoa eta doako erabilerarako sortuko diren euskarazko azpidatzi guztiak aurkitu ahal izango dira bertan kultur teknikari, erakunde edo norbanakoei artxiboak deskargatzeko aukera eskainiz.
Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, "sailburuordetzaren lehentasunezko ildoen artean euskarazko kultura kontsumoa indartzea dago, euskal kulturaren industriari, ekoizleei eta sortzaileei erreparatuz". Filmazpit programak ezaugarri horiek guztiak betetzen ditu, eta etorkizunean ere jarraipena izateko bokazioz jaio da. "Euskararen erabilera indartzeaz gain, euskararen irudiari prestigioa ematea ere bada Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lehentasunezko helburuak".
Helburu horiek lortzeko, besteak beste, "ikus-entzunezkoaren alorrak egun duen garrantzia eta pisu espezifikoa kontuan izanik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2009an eman zion hasiera ikus-entzunezko materialetan euskara sustatzeko egitasmoari", azpimarratu du Auzmendik.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskara sustatzeko konpromiso argia agertu du beste behin, eta alde horretatik, "gure ustez, gizartearentzat interesgarria izateaz gain, helburu publikoa lortzera zuzendutako egitasmoa da Filmazpit. Horrenbestez, eta beste hainbat alorretan bezala, zinemaren inguruan izan daitezkeen proiektu berriek ere gure laguntza eta babesa jasoko dute".