qrcode

Beatriz Artolazabal: “Emakume ijitoak aldaketaren eragile zarete, bizitzen eta sustatzen ari zareten eraldaketagatik eta ijito gazteagoei uzten ari zatzaizkieten ondareagatik”

2022-12-21
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, EAEko Gazte Ijitoen VI. Topaketa Irekian parte hartu du
  • EAEko hiru lurraldeetako ijitoen erakundeek elkarrekin garatu dute Bideratu Roma programa, eta Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren laguntza du
  • Programaren helburua da 13 eta 18 urte bitarteko gazte ijitoen autonomia pertsonala sustatzea eta, horretarako, zenbait gairen inguruko ezagutzak eta trebetasunak berenganatzea, besteak beste: berdintasuna, adimen emozionala, osasuna, enplegua edo teknologia berriak

 

Vitoria-Gasteiz, 2022/12/21

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Vitoria-Gasteizen, EAEko Gazte Ijitoen VI. Topaketa Irekian parte hartu du, Bideratu Roma programaren esparruan.

EAEko hiru lurralde historikoetako ijitoen erakundeek elkarrekin garatu dute Bideratu Roma programa, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren laguntzarekin. Programaren helburua da 13 eta 18 urte bitarteko gazte ijitoen autonomia pertsonala sustatzea eta, horretarako, zenbait gairen inguruko ezagutzak eta trebetasunak berenganatzea, besteak beste: berdintasuna, adimen emozionala, osasuna, enplegua edo teknologia berriak.

Garatzen duen jarduera bakoitzean, Bideratu Roma programak zeharkako ikuspegi bat integratzen du eta, haren bidez, gazte ijitoen parte-hartzea ikuspegi feministatik sustatzen du. Emakumeen ahalduntze indibiduala, kolektiboa eta politikoa, indarkeria matxisten inguruan sentsibilizatzeko eta prebenitzeko jardueren bidez, AMUGE EAEko Emakume Ijitoen Elkartearen oinarrietako bat da; elkartea, Secretariado Gitano fundazioarekin batera, gaurko topaketaren antolatzailea da.

Artolazabalek azaldu duenez, “emakume ijitoek bazterkeria anitza jasaten dute, gizarte patriarkal bateko emakume izateagatik eta gizarte-aurreiritzi ugari jasaten dituen gutxiengo etniko batekoak izateagatik”. Hori dela eta, sailburuak nabarmendu du zer garrantzitsuak diren AMUGEk abian jarri duen “Maskulinitate alternatiboak ijitoen komunitatean programa aitzindaria” edo emakume ijito nagusien prestakuntza eta topaketa sustatzeko ekimenak. Horiek guztiak “funtsezkoak dira ijitoen herriaren beraren barrutik aldaketaren eragile gisa”, esan du, bizitzen eta sustatzen ari diren “eraldaketagatik” eta neska ijito gazteagoei uzten ari zatzaizkieten “ondareagatik”.

Gaurko topaketan, EAEko zenbait puntutako gazte ijitoek haien prestakuntza- eta lan-esperientziak partekatu dituzte. Hala egin dute, besteak beste, Adrián López Gizarte Hezkuntzako ikasleak eta Eli Jiménez Logistikako Goi-mailako Graduko ikasleak.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradun nagusiak 2022an Eusko Jaurlaritzaren EAEko ijitoen herriaren artean egon den etengabeko lankidetza ospatu du.

Hori horrela, azken hilotan izan diren topaketa batzuk ekarri ditu gogora, hala nola: irailean, Busturian, hainbat eremutako eta lanbide-profiletako hogeita hamar bat emakume batu zituen lan-jardunaldia, Berdinaldia entzute aktiboari buruzko ekimenaren barruan; hura sailburuak sustatu du, “aldaketa bizkortzeko” asmoz eta “benetako berdintasun eraginkorra lortzeak planteatzen dituen erronka handien inguruko mezu berritzaileei” forma emateko asmoz. Era berean, Genero Antigitanismoaren Nazioarteko lehen Biltzarra ere aipatu du; hura AMUGEk eta Romi Berriak antolatu zuten eta Emakundek bultzatu; orduan, Bilbon, Europako eta Latinoamerikako zenbait herrialdetako emakume aktibista erromani batu ziren.

Ijitoen Herriarekiko Euskal Estrategia

Beatriz Artolazabalek 2022-2026ko Ijitoen Herriarekiko Euskal Estrategia aipatu du; hura aurtengo martxoaren 21ean aurkeztu zen, jendaurrean, Arrazagatiko Bazterketa Ezabatzeko Nazioarteko Egunean bertan.

Dokumentu horrek, azaldu duenez, “aurreko bi estrategiekin jarraitzen du eta haiek zabaltzen ditu; horretarako, erakundeek eta ijitoen entitateek bi hamarkadotan Eusko Jaurlaritzak eremu horretan izandako esperientziaren eta dituen politika esplizituen eta positiboen inguruan ikasitako guztia jasotzen du”.

Ijitoen Herriarekiko Euskal Estrategia, sailburuak azpimarratu duenez, EAEn Ijitoen Herriaren sustapen integralerako eta gizarte-partaidetzarako Kontseiluarekin “elkarlan zuzenean” prestatu da, eta haren helburu nagusia da “emakume eta gizon ijitoek ijito izate hutsagatik jasan izan duten eta jasaten duten bazterkeria historikoa eta egiturazkoa atzean uztea”.

Antigitanismoa Europako Batzordeak identifikatu eta aitortzen du, eta ijito askori eragozten die haien funtsezko eskubideak erabat eta eraginkortasunez baliatzea; gainera, indarkeriaren, gorroto-diskurtsoaren eta estigmatizazioaren bidez adierazten da. Hori dela eta, Europako eta Estatuko beste gidalerro batzuekin bat etorriz, estrategia horren xedea da Antigitanismoaren aurkako etorkizuneko EAEko Itun Sozialaren oinarriak finkatzeko jarraitu beharreko ekintza-ildoak ezartzea; itun horren bitartez, Artolazabalek nabarmendu duenez, “ijitoen gizarte-ongizatea eta partaidetza EAEko gainerako herritarren gizarte-ongizatearen eta partaidetzaren parean jarri nahi ditugu”.

Hiru ardatz estrategikoren inguruan dago antolatuta ekintza-plan hau (errespetua, gizarte-sustapena eta aitorpena), eta funtsezko 7 eremu ditu oinarri: osasuna, etxebizitza, gizarte- eta lan-inklusioa, berdintasun eraginkorra, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, kultura eta identitatea eta hezkuntza.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak