Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza sailak 29,3 milioi euro bideratu ditu Arabako eta Bizkaiko eskola-garraioa kontratatzeko (Gobernu Bilera 2022-12-20)

2022-12-20
  • Eskola-garraioko 199 ibilbide Bizkaian eta beste 140 Araban kontratatzeko lehiaketa publikoa irekiko du Hezkuntza Sailak

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Araba eta Bizkaiko Lurralde Historikoetan dauden Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko baimena ematea. Zerbitzu hau bederatzi plaza baino gehiagoko edukiera duten ibilgailuekin eskainiko da –gidariarena barne dela- Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko ikasleei zuzenduta.

  • Arabako Lurralde Historikoan 10.692.756 euro bideratuko dira, eskola garraioko 140 ibilbide kontratatzeko. Ikasturte honetan, Arabako ikastetxe publikoetan ikasten duten 3.040 neska-mutil garraiatzen dira egunero, guztira 39 ikastetxeri zerbitzua ematen dieten 140 ibilbideetan.
  • Bizkaiko kasuan, zenbatekoa 18.634.944 eurokoa da, 199 ibilbide kontratatzeko. Lurralde horretan, egunero, 102 ikastetxe publikotan ikasten duten 7.614 ikasle garraiatzen dira.

Ibilbide horietako bakoitzak lote bat osatzen du (kontratu bat). Kontratuek 20 hilabeteko iraupena izango dute, uztaila eta abuztua kontuan hartu gabe, eta luzatzeko aukera izango da.

Ibilbide hauen esleipenerako lehiaketan parte hartu nahi duten garraio enpresek, zerbitzua garatzeko beharrezko den administrazio-baimena izan beharko dute. Horrez gain, eskola-garraioko eta adin txikikoen garraiorako segurtasun baldintzei buruz indarrean den araudiak ezartzen dituzten gutxieneko baldintzak ere bete beharko dituzte.

Eskola-garraioko zerbitzu osagarriak hezkuntzarako sarbidearen unibertsaltasuna bermatzen du. Hezkuntza Sailak kudeatzen duen eskola garraioa erabiltzeko eskubidea dute bizilekutik ikastetxera 2 kilometro edo gehiagoko distantzia duten ikasleek, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan. Gutxieneko distantzia hori 4 kilometro edo gehiagokoa izan beharko da DBHko bigarren zikloan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan, eta 500 metrokoa besterik ez mugikortasun urriko ikasleen kasuan.

Lizitatu beharreko ibilbide kopuru altua aintzat hartuta, eta enpresa txiki eta ertainei kontrataziorako sarbidea errazteko helburuz, lurralde historiko bakoitzeko kontratazio-espediente bat lizitatuko da. Gipuzkoako zerbitzuaren kontratazioa datozen asteetan onartuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko