Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak zenbait lankidetza-hitzarmen berritu ditu gizarte-erakunde batzuekin, babespeko zentroetan gazte eta adingabeei asistentzia emateko (Gobernu Bilera 2022-12-20)

2022-12-20
  • 974.371 euroko kostua, guztira
  • Luzatu da Barakaldoko familiako elkargunearen zerbitzua kudeatzeko hitzarmena

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio zenbait erakunderekin eta hezkuntza-elkarterekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak 2023. urterako luzatuko direla, hiru lurraldeetan adingabeen babespeko zentroetan asistentzia-neurriak emateko; kostua, guztira, 7.794.371 eurokoa izango da. Era berean, Sailak Barakaldoko Udalarekin familiako elkargunearen zerbitzua kudeatzeko hitzarmena luzatuko du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Berriztu hezkuntza-elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena 2023rako luzatuz, Gipuzkoako eguneko zentroarentzako asistentzia bultzatzen da. Eguneko zentroari asistentzia emateko edo asistentziarako betebeharra duten zaintzapeko askatasunerako neurriak gauzatzeko akordioa da. Konpentsazio ekonomikoa 35.398 euroan finkatu da, hilabete oso bakoitzeko, 2023an; urtean, guztira, 424.777 eurokoa da.

Eusko Jaurlaritzaren eta Irsearaba - Gizarte Inklusiorako Institutuaren arteko lankidetza-hitzarmenak adingabeen epaitegiek Araban ezarritako ingurune irekiko neurriak gauzatzea bultzatzen du (zaintzapeko askatasuna, gizarte- eta hezkuntza-eginkizunak betetzea, tratamendu anbulatorioa, gizartearentzako lan egiteko zigorra eta asteburuko egonaldiak etxean bertan). Urteko konpentsazio ekonomikoa, guztira, 253.410 eurokoa da.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Birgizarteratze Institutuak sinatutako hitzarmenaren luzapenaren –Aramaioko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Txema Finez hezkuntza-zentroetan adingabe eta gazteak gizarteratzeko eta egoitza-harrerarako neurriak gauzatzeko– ondoriozko kopuru ekonomikoa 2.260.635 eurokoa da; 188.386,25 euro hilabete oso bakoitzeko, 2023. urtean.

Berriztu hezkuntza-elkartearen lankidetza-hitzarmena luzatu egingo da, 2023ko abenduaren 31ra arte, Bizkaiko Urgozo hezkuntza-zentroan adingabe eta gazteen egoitza-harrerako eta gizarteratzeko neurriak gauzatzeko, eta kopuru ekonomikoa 1.123.813,8 eurokoa izango da –93.651,15 euro hilabete bakoitzeko–.

Gaztaroan Ekin elkartearekin Arabako Andoiu/Gorbeia hezkuntza-zentroan neska adingabe eta gazteen egoitza-harrerarako eta gizarteratzeko neurriak gauzatzeko luzatutako hitzarmenak erregimen irekian, erdi-irekian edo itxian –terapeutikoak barne– kautela-neurri bat edo neurri irmo bat bete behar duten 16 neska adingabe eta gazteren egoitza-harrerarako eta gizarteratzeko baldintzak arautzen ditu, edo hezkuntza-taldeko bizikidetza-neurriak edo adingabeen epaitegiek ezarrita hezkuntza-taldean egoteko asteburuko egonaldia.  Konpentsazio ekonomikoa 145.151,9 euroan finkatu da, hilabete oso bakoitzeko, 2023an; urtean, guztira, 1.741.823 eurokoa da.

Eusko Jaurlaritzak eta Berriztu hezkuntza-elkartearen artean Arratia hezkuntza-zentroan adingabe eta gazteen egoitza-harrerarako eta gizarteratzerako neurriak gauzatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren luzapenak honako hauek arautzen ditu: iraupen laburreko erregimen irekian, erdi-irekian edo itxian –terapeutikoak barne– barneratzeko kautela-neurri bat edo irmo bat bete behar duten 20 adingaberen edo gazteren egoitza-harrerarako eta gizarteratzeko baldintzak, edo hezkuntza-taldeko bizikidetza-neurriak edo hezkuntza-taldean egoteko asteburuko egonaldia. Kostu ekonomikoa 2.169.913 eurokoa da. 

Barakaldoko Familiako Elkargunea

Barakaldoko udalak ere luzatu egin du epaileak agindutako kontsultaren bidezko Barakaldoko familiako elkargune-zerbitzua kudeatzeko hitzarmena. Urtean 140.000 euro dira, 2023. urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko