Euskadiko futbol amateurraren ligak kiroltasunez jokatzen dira eta 10etik 8,46ko puntuazioa jasotzen dute
- Futbol amateurrean 2021-2022 denboraldian izandako indarkeriaren monitorizaziotik ateratako datuak dira
- Kirol profesionalari dagokionez, 2022an 184 zehapen-espediente ireki dira, gehienak borrokengatik, erasoengatik edo irainengatik
- Datuak gaur aztertu dira, Kiroleko Indarkeriaren aurkako Euskal Batzordearen bileran.
Kiroleko Indarkeriaren aurkako Euskal Batzordea bildu gaur goizean 2022ko jardueraren balantzea egiteko. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria izan da, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagarekin batera, bileraren buru. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Segurtasun saileko Joko eta Ikuskizunen zuzendaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, EUDEL, Euskal Kirol Federazioen Batasunak, federazioek edo kirol esparruan zeresana duten hainbat adituk osotzen dute Kiroleko Indarkeriaren aurkako Euskal Batzordea. Hauek dira Batzordearen helburu nagusiak: euskal kirolean dagoen indarkeriaren egoerari buruzko informazioa ematea, kirol jardun egokia bultzatzea, indarkeriazko jarrera eta jokabideak prebenitzea eta kirol jardunari lotutako balioen hezkuntza bultzatzea.
Kiroltasuna
Kiroleko Indarkeriaren aurkako Euskal Batzordean, Euskadiko Futbol Federazioarekin lankidetzan egiten den futbol amateurreko indarkeriaren monitorizazioari buruzko datuak aztertu dira. Monitorizazio-sistema horren bidez, indarkeria-mota desberdinetako portaerak prebenitu nahi dira, bai parte hartzen duten taldeetako jokalarien eta entrenatzaileen aldetik, bai haien inguruko zaleen aldetik. Monitorizazio programa honetan ebaluatzen diren futbol lehiaketak bi liga dira: Hirugarren Mailako 4. Multzoa eta Jubenilen Liga.
2021-2022 denboraldian, lehiaketak berriro antolatu dira 2020-21 denboraldiaren aurreko sasoien antzera, eta 37 talde eta 652 partida ebaluatu dira (partiden % 100). Partidaren kiroltasun-puntuazioa arbitroak jartzen du, partida ebaluatzeaz arduratzen denak. Emaitzak aztertu ondoren, ondorioztatu da Euskadiko futbol amateurreko ligak kiroltasunez jokatzen direla, eta kirol-ligak direla. Kiroltasunari dagokionez, puntuazioa 8,46koa izan da 10etik. Puntuazio hori aurreko denboraldietakoa baino apur bat txikiagoa da (8,48 2019-2020 denboraldian eta 8,65 2020-2021 denboraldian), baina kontuan izan behar da pandemiak markatutako denboraldiak direla biak.
Gainera, kiroltasunik gabeko partida kopuruak behera egin du aurreko denboraldiekin alderatuta: 2019-2020 denboraldian, epaileek kiroltasunik gabekotzat jo zituzten partiden % 18 izan ziren; 2020-2021 denboraldian, % 7; eta 2021-2022 denboraldian, ebaluatutako partiden % 7.
Kirol profesionala
Bileran, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak aurkeztutako 2022ko jarduera memoria ere aztertu da (2022ko abenduaren 1era arteko datuak). 2022an 184 zehapen-espediente ireki dira kirol profesionalean. 2020 eta 2021. urteak kirol-estadio eta esparruetan publikoaren sarrera mugatuta edo kasu batzutan, debekatuta egon da eta horrek eragina du urte horietako datuetan. Honako hauek dira aurreko urteetako zehapen-espedienteetako datuak:
URTEA |
ZEHAPEN-ESPEDIENTE KOPURUA |
2019 |
115 |
2020 |
27 |
2021 |
18 |
2022 |
184 |
Datuen arabera, espediente bat irekitzeko arrazoi nagusiak borrokak/erasoak/ordena publikoa asaldatzea (68 espediente), kirol-esparruetan alkohola sartzea eta kontsumitzea (55 espediente), drogak kirol-esparruetan sartzea eta kontsumitzea, 30 espediente eta objektuak eta material piroteknikoa jaurtitzea (11 espediente) izan dira. 2022an hasitako espedienteen % 100 futbol-partidetan egin dira.
Irekitako 184 zehapen-espedienteetatik % 92 norbanakoie eta % 8 klubei ireki zaizkie. Lurraldeka, datuak honako hauek dira: Araban 2 pertsona eta 2 klubi ireki zaie espedientea; Bizkaian 39 pertsona eta 4 klubi, eta Gipuzkoan 129 pertsona eta 8 klubi. Gainera, 52 espediente ireki zaizkie Estatutik datozen pertsonei, eta sei, berriz, atzerritik datozenei. Genero-ikuspegitik, partikularrei irekitako zehapen-espedienteen % 95 gizonezkoei irekitakoak dira.
Formazioa
Kirolarte monitorizazio-programari lotuta, eta Euskadiko Futbol Federazioaren babespean garatzen diren ligen barruan, unitate didaktikoak garatzen ari dira, jokalarien eta teknikarien tolerantzia-, errespetu- eta fair-play balioetan prestakuntza areagotzeko. Denboraldi honetan zehar, Kirolaren Euskal Eskolak programan parte hartzen duten 12 talde guztien talde teknikoen eskura jarri du Oinarrizko futbolean balioak sustatzeko plataforma. Plataforma hau gida didaktiko bat da, eta talde teknikoei tresna praktikoak ematen saiatzen da, kirol-jardueran parte hartzen duten eragile guztiekin balioen garapena landu ahal izateko.
Era berean, programan parte hartzen duten taldeei tailer bat egitea proposatu zaie, aurrez aipatutako plataformaren funtzionamendua azaltzeko eta taldeko kideekin balioak garatzera bideratutako entrenamenduaren adibide praktiko bat egiteko.