Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, udazkena serie historikoetako bigarren beroena izan da

2022-12-16
  • Gainera, urria serie historiko horietako beroena izan da, bai eta lehorrena ere Euskadiko lekurik gehienetan
  • Prezipitazioari dagokionez, mende honetako hirugarren udazken lehorrena izan da

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, udazken meteorologikoa (iraila, urria eta azaroa) serie historikoetako bigarren beroena izan da, eta Euskadiko batez besteko tenperaturaren balioa batez besteko normala baino 2,5 ºC altuagoa izan da. Aldi berean, jasotako euri-kopuruari dagokionez, udazkena mende honetako hirugarren lehorrena izan da. Urriak, zehazki, nabarmen lagundu du kalifikazio horretara iristen; izan ere, erregistroak daudenetik izan den urririk bero eta lehorrena izan da Euskadiko lekurik gehienetan.

Euskalmeten datuen arabera, udazkeneko batez besteko tenperaturak 17-19 ºC inguruan ibili dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 14-15 ºC inguruan, hau da, 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoaren gainetik 2,5 ºC inguru.

Udazken meteorologikoa osatzen duten hiru hilabeteetan mantendu da joera hori, baina aurtengo ezohiko urria izan da azken kalifikazio horretara iristen gehien lagundu duena, anomalia positiboa errekorrekoa, 4,4 ºC ingurukoa, izan baita. Tenperatura altu horien ondorioz, eta lurra oso lehor zegoela eta hego-haizea zakar zebilela kontuan hartuta, hainbat sute sortu ziren, eta Balmasedan sortutakoa nabarmendu beharko litzateke batez ere.

Prezipitazioari dagokionez, udazkenak oso jokabide ezberdinak izan ditu Euskadiko lurraldean, eta oso hezea izan da itsasertzean eta oso lehorra Araba hegoaldean, espero zitekeen prezipitazioaren erdia baino gutxiago bota baitu. Bi eremu horien artean, kantaurialdeko haranetan, jasotako prezipitazio-kopurua normala izan da. Datu horiekin, eta Euskadi osorako, mende honetako hirugarren udazken lehorrena izan da, 2007koaren eta 2006koaren atzetik.

Euri-egunak espero zitezkeenak izan dira gutxi gorabehera, eta 25 euri-egun izan dira Bilbon, 32 Donostian eta 22 Gasteizen.  

Muturreko egoera meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 6 alerta laranja aktibatu zituen udazkenean, horietako 4 basoko sute-arriskuagatik eta beste bi kostaldeko itsasoko arriskuagatik. Bestalde, aktibatutako 60 abisu horietatik 17 basoko sute-arriskuagatik aktibatu zituen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)