Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik 91 enpresa "berde" sortu ditu azken bost urteotan

2011.eko azaroak 23

 

Euskadik 91 enpresa "berde" sortu ditu azken bost urteotan

 

  • - Industria Sailak babestutako proiektu ekintzaile berri guztien %15 dira.
  • - Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordeak "Ekintzailetza berdearen papera eta eskualde bakoitzaren garapenean duen rola" jardunaldia inauguratu du.
  • - Jardunaldi hau Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordeak Europa 2020 estrategiari buruz eztabaidatzeko urtero antolatzen dituen Open Days topaketen barruan dago.

 

Azken bost urteotan Euskadin 91 enpresa "berde" sortu dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (EBZ) bidez emandako laguntza eta babesari esker. Hala, sortutako enpresa guztien (615) %14,8 berdeak dira. Datu hori "Ekintzailetza berdearen papera eta eskualde bakoitzaren garapenean duen rola" jardunaldian jakinarazi da gaur, Gasteizko Europa Jauregian. Sailak berak antolatutako ekimen hau Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordeak (CdR) Europa 2020 estrategiari buruz eztabaidatzeko antolatzen dituen Open Days topaketen barruan dago.

 

 Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordeak eta Javier Maroto, Gasteizko alkateak inauguratu dute jardunaldia. Gasteiz "Europako Hiriburu Berdea 2012" izendatua izan da duela gutxi eta beraz eszenatoki ezin egokiagoa da mota honetako ekitaldi bat antolatzeko. Ihobe ingurumeneko sozietate publikoak ere lagundu du egitasmo hau aurrera eramaten.

 

Ekintzaileei, enpresariei eta ekintzailetzako eragileei zuzendutako ekitaldi hau Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordeak (CdR) urtero antolatzen duen Open Days ekimenaren barruan dago. Ekimen horretan Europako hainbat hiritako 10.000tik gora lagun elkartzen dira Bruselan Europa 2020 estrategiaren inguruan eztabaidatzeko. Estrategia horren helburuak dira energiaren %20 aurreztea, energi kontsumoaren %20 energia berriztagarrietatik ateratzea eta negutegi efektua eragiten duten gas isuriak %20 murriztea. Estrategiak helburutzat du baita ere 20 eta 64 urte bitarteko herritarren %75 lanean egon daitezela eta EBko BPGaren %3 I+G-n inbertitzea.

 Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordeak argi adierazi dio Ferrán Tarradellas, Europako Batzordeko Enpresa eta Industria Zuzendaritza Nagusiko Ekintzailetza Unitatearen ordezkariari Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezko konpromisoa dela ekintzaileei laguntzea.

Jardunaldiaren ostean emandako hitzaldian eta Industria Sailak enpresa "berdeak" sortzearen alde eginiko apustuari dagokionez, Garmendiak esan du  gaur egungo aldaketa aro honetan oso garrantzitsua dela "karbono baxuko ekonomiaranzko norabidea hartzea, non ekintzailetza berdea balio bereizlea izango baita hazkunde ekonomikorako, ongizate sozialerako eta gure ingurumen baliabideak kontserbatzeko. Ekintzailetza berde deituriko horretan  iraunkortasunaren merkatura zuzendutako proiektuak sartzen dira, baina baita ere "berde" kontzeptua inplementatzen dutenak, edozein dela ere negozio horien esparrua".

Industria eta Energia sailburuordeak honelaxe deskribatu du EkoEuskadi 2020 estrategia: tresna transbertsal bat da, zeinari esker eraginkortasunez inplementatuko baita iraunkortasun kontzeptua, zuzenean lotuko delarik eraginkortasunarekin eta lehiakortasunarekin. Bestalde, Tarradellasek esan du Europan ETEen sorrera eta proiektu berritzaileak bultzatzeko laguntza eta programa batzuk daudela, karbono baxuko ekonomiarantz bideratuta daudenak eta Europa 2020 estrategiaren inguruan egituratzen direnak. Eta baita ere azaldu du ekintzaile berdeek  hazteko, ezartzeko, finkatzeko eta inbertitzeko aukerak dituztela laguntza eta programa horiek baliatzen badituzte.

Arestian sortutako ekimen nazionalen txandan ekintzailetza berderako giltzarriak azaldu dira. Lehenik eta behin, Forética enpresak Germán Granda zuzendari nagusiaren eskutik aurkeztu du Enterprise 2020, lehiakortasun iraunkorraren arloko negozio eredu berritzaileak garatzeko plataforma.  Bruno Ruiz, Biodiversidad Fundazioko nazioarteko teknikariak ezagutzera eman du Emprendeverde sarea, ekintzailetza berdean interesatuta dauden ekintzaile, eko-inbertsiogile edo eragileei zuzendutako lehenengo laguntza plataforma. Amaitzeko, Ander Elgorriaga, IHOBEko Produkzio eta Kontsumo Iraunkorreko kudeatzaileak IHOBE euskal sozietate publikoa ordezkatu du, liderra ingurumen politiken, eko-diseinuaren eta eraikuntza iraunkorraren aplikazioan. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordeak eta Javier Maroto, Gasteizko alkatea