Eu

Diru-sarrerak bermatzeko errentaren 3.700 hartzailek lana aurkitu dute azken bi urteotan Enplegu Sailaren bidez

2011.eko azaroak 23

 

  • "Gizarte-babeseko sistemak, prestazioak ez ezik, aukerak ere eman behar ditu batez ere", adierazi du Gemma Zabaletak
  • Lanbideren plan pilotuak 650 kontratazio baino gehiago eragin ditu, eta entsegua izan da 2012ko urtarriletik aurrera Euskal Enplegu Zerbitzuak Diru-sarrerak Bermatzeko errenta kudeatu dezan

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaile diren 3.697 pertsonak lortu dute enpleguren bat azkeneko bi urteotan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sustatutako lan-aktibazioko programen bitartez. Kontrataziorako laguntzei esker, prestazioak jasotzen ari ziren 800 onuradunek eskuratu dute beren lanpostua 2011. urtean. Beste 1.995 langilek gauza bera lortu zuten joan den urtean, 'Euskadi+ 09' planari esker. Betikolan planak, bestalde, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen zuten 252 emakume aktibatu zituen arreta soziosanitarioaren arloan. Eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren plan pilotuari esker 650 kontratu baino gehiago gauzatu dira laguntza behar duen giza talde horrentzat. 

Kontratazio horiek guztiak gizarte-prestazioak enplegua bilatzearekin lotzeko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak duen proiektuaren barruan kokatzen dira, subsidioen kronifikazioa saihestea helburu. Horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren hartzaileen espedienteak kudeatuko ditu datorren urteko urtarriletik aurrera.

Eusko Legebiltzarrak Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen aldaketa bihar onartuko duela aurreikusten da, eta horren bidez prestazio horien kudeaketa osoa Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku geratuko da, laneratzearekin lotu ditzan. Erretiratuak lan-aktibazioko prozesutik kanpo geratuko dira.

"Prestazioak jasotzen dituzten eta lan egin dezaketen pertsonen etorkizuna enpleguan aurkitu behar da, eta ez subsidioan", azpimarratu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. "Gizarte-babeseko sistemak, prestazioak ez ezik, aukerak ere eman behar ditu batez ere, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak garatu dituen programetako datuek erakusten duten bezala".

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu eta Lanbideko Administrazio Kontseiluko presidente denak azpimarratu duenez, "Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileak betikotzea saihesten duen sistema babesten dugu. Horregatik, babes-sistemak sarbidea izan behar du, baina baita irtenbidea ere". Egun Euskadiko 55.000 familiak baino gehiagok jasotzen dute gizarte-prestazioren bat hilero.

Laneratzeko prozesutik kanpo geratzen diren pertsonei dagokienez, Lanbide zuzeneko komunikazioan egongo da toki- eta lurralde-mailako gainerako erakundeekin. "Enplegu-sistema guztiz koordinatuta egongo da gizarte‑zerbitzuekin, elkarren osagarri izan daitezen".

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren plan pilotua

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lan-aktibazioaren eta prestakuntzaren bitartez hartzaileak prestazioen sisteman betikotzea saihestu nahi da. Laguntza horien kudeaketa osoa bere gain hartzeko azken entsegua DBEaren plan pilotua izan da, zeina 2010eko ekainetik 2011ko ekainera garatu baita Lanbideren zortzi bulegotan.

Proiektu horretan 4.317 espediente sortu dira. Horietatik, % 20 baino gehixeago salbuetsita geratu dira erretiratuei buruzkoak zirelako. Gainerakoetatik, Diru‑sarrerak Bermatzeko Errentaren 650 hartzaile baino gehiagok lortu dute lan-kontraturen bat. Beste 1.133k, berriz, lan-aukera hobetzeko ikastaroak egin dituzte, prestazioen sistemak betikotzea saihesteko. Gainerakoei aktibazioko programa pertsonalizatua diseinatu zaie jada, eta prestakuntza hasteko edo lan-eskaintzaren bat jasotzeko zain daude.

Lanbideko Ebaluazio eta Kalitate Arloaren gidaritzapean, DBEaren plan pilotua Bizkaiko hiru bulegotan (Basauri, Erandio eta Portugalete), Gipuzkoako hirutan (Elgoibar, Irun eta Lasarte-Oria) eta Arabako bitan (Agurain eta Amurrio) garatu da. Esperientzia horretan agerian geratu da planeko hartzaileen prestakuntza eskasa. Lanbideko profesionalek emandako txostenaren arabera, "prestakuntza-premia handia dago hartzaileen artean; izan ere, enplegu‑eskatzaileen batez bestekoa baino ikasketa maila nabarmenki apalagoa baitute". Berez, DBEaren hartzaileen % 50ek ez dute ikasketarik egiaztatuta, edo lehen hezkuntza baino ez dute. Horren ildotik, giza talde horri prestakuntza eskaintzea izango da Euskal Enplegu Zerbitzuaren lehentasuna. "Gure helburua Euskadiko hartzaileen % 30ek urtero prestakuntza jasotzea da".

Horrela, programa pilotuaren oinarrietako bat prestakuntza izan da. Garatutako ikastaroak hamalau arlotan banatu dira: gizarte- eta kultur zerbitzuak, merkataritza eta garraioa, ostalaritza eta turismoa, informatika eta elektronika, mantentze-lanak eta ekoizpenerako zerbitzuak, fabrikazio mekanikoa, administrazioa, zehar espezialitateak, ibilgailuak mantentzea, nekazaritza eta abeltzaintza, obra zibilaren eraikuntza, zerbitzuak eta enpresa-sustapena. Guztira 1.133 hartzailek amaitu dituzte prestakuntza-ekintza horiek, lan-merkatura sartzeko dituzten aukerak hobetzeko.

"Mentalitate aldaketa"

Bestalde, plan pilotua baliagarria izan da hartzaileek prestazioak izapidetzeko dituzten ohiturak aldatzeko. Programa pilotua abian jarrai aurretik, % 100ek gizarte zerbitzuetako langileen laguntzarekin betetzen zituzten eskabideak. Parte hartu duten zortzi bulegoen aholkularitza jaso ondoren, % 70k autonomiaz betetzen dute eskabidea.


Erabiltzaileek beraiek egiten duten balorazioari dagokionez, Lanbideko Ebaluazio eta Kalitate Arloak "DBEaren onuradunen mentalitate-aldaketa" nabarmendu du; "izan ere, programa honek ikusarazi die, eskubideak ez ezik, betebeharrak ere badituztela, eta laneratzeko benetako aukerak eskaintzen zaizkiela".  Horren ildotik, programan parte hartu dutenen onarpena "ia % 90ekoa izan da".

Kontrataziorako laguntzak 2011. urtean

Gizarte-prestazioak jasotzen dituzten beste 800 pertsona lan-merkatura sartu dira Lanbidek 2011. urtean kudeatutako kontrataziorako laguntza-programaren bitartez. Laguntza-lerro hori udalei, horien mende dauden erakundeei, irabazi‑asmorik gabeko erakundeei, laneratzeko enpresei eta enpresa arruntei zuzendu zaie.

Laguntzen onuradun izan dira langabeziagatiko kotizaziopeko prestazioa jasotzen ez dutenak edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, baita gazteak ere, krisialdiak erabat ukitzen dituen kolektiboak direlako eta, beraz, Lanbiderentzat lehentasunezkoak direlako. Modu horretan, gutxienez kontratuen % 20 izan dira gizarte-prestazioak jasotzen ari ziren pertsonentzat, eta beste % 35 izan dira 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat.

Betikolan programa

Betikolan programari esker, bestalde, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaile ziren 252 emakume kontratatu dira. Gainera, Betikolan proiektuaren ezaugarri nagusia, garatzen den sektore espezifikoaz gain, aktibatutako pertsonei egin zaien lagun egitea izan da, prestakuntzaren hasieratik kontratazioaren amaierara iritsi arte.

Programa horrek urtebeteko iraupena izan du, eta aurtengo apirilean amaitu da, Euskadiko hogeita hamar udalerritan garatu ondoren. Parte hartu duten herrien artean, besteak beste, ondokoak aipatu daitezke: Bilbao, Gasteiz, Donostia, Agurain, Amurrio, Balmaseda, Basauri, Barakaldo, Bermeo, Eibar, Erandio, Ermua, Lasarte-Oria, Galdakao, Gueñes, Irun, Laudio, Markina-Xemein, Mungia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran edo Zalla.

Euskadi+ 09 Plana

Euskadi+ 09 Planaren bitartez DBEaren 1.995 onuradun baino gehiago sartu ziren lan-merkatura joan den urtean. Ezohiko programa horren diru-laguntzak jaso dituzten kontratuak honako eremu hauekin lotuta zeuden: teknologia berriekin; energia berriztagarriekin; ingurumenarekin; zuntz optiko bidezko banda zabaleko azpiegitura berrien garapenarekin; birziklatzearekin; hezkuntza-arloko eta ikastetxeetako ekipamenduen mantentze-lanekin; kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzearekin; artea eta ondarea berreskuratzearekin; hurbiltasuneko zerbitzuekin; eta landa-ingurunea berreskuratzearekin. 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak