Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Andrés Zearretak Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren 2023rako aurrekontua eta formakuntza-plana aurkeztu ditu

2022-12-16
  • Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea buru dela egin den bileran, 2023rako aurrekontua, 22 milioikoa, aurkeztu dute
  • Zuzendaritza Batzordeak Euskadiko Segurtasun Sistema osatzen duten kolektiboentzat aurreikusitako urteko jarduera-plana onartu du

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea buru dela egin da gaur goizean Arkauteko Zuzendaritza Batzordearen bilera, eta bertan “2022ko Jardueren Memoria” azaltzeaz gainera, 2023rako aurreikusitako “Urteko Jarduera Plana” aurkeztu dute. Plan horretan Ertzaintzarentzat, udaltzaingoentzat, larrialdietako zerbitzuentzat, Babes Zibilarentzat eta Segurtasunaren Euskal Sisteman parte hartzen duten beste eragile batzuentzat antolatzen diren ikastaroak jasotzen dira.

Jarduera horien artean, nabarmendu daiteke Ertzaintzaren eta udaltzaingoen hirugarren promozio bateratua sartuko dela eta Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako suteen prebentzio- eta itzalketako zerbitzuetako suhiltzaile-kategorian sartzeko lehenengo ikastaroari emango zaiola hasiera.

22 Mill/€-ko AURREKONTUA

Proiektu horiek gauzatzeko, Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak datorren urterako aurrekontua aurkeztu dio Arkauteko Zuzendaritza Batzordeari. Aurrekontua 22 milioi eurokoa da, eta aurten baino 2,8 milioi euro gutxiago izango ditu, beraz, batez ere 1. kapitulua, langile-gastuena, gutxitu izanaren ondorioz, ikasle-kopurua txikiagoa izango baita.

Hala ere, 1 Mill/€ gehiago izango ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren 7. kapituluak, inbertsio errealenak. Horren arrazoia da datorren urtetik aurrera egingo diren hainbat eta hainbat obra. Horien artean, nabarmentzekoa da Euskadiko Babes Zibileko taldeak eta suteak itzaltzeko baliabideak prestatzeko instalazio bat eraikitzeko abian jarriko den proiektua.

Entrenamendu-dorre bat izango da, 23 metroko altuerakoa, suteak itzaltzeko eta salbamenduko taldeen gaikuntza hobetzeko eta altuerako erreskateko maniobren praktikak egiteko. Eraikinak erdisotoak, eskailerak, hegalak, plano inklinatuak, eta abar izango ditu landa-baldintza errealak antzeratzeko. Proiektu handinahikoa da, eta larrialdi-egoera kritikoetan espezializatutako pertsonen formakuntza praktikoa ahalbidetuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)