Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Plana onartu da. Plan horrek 33,9 milioi euroko ekarpena egingo dio Next-GenerationEU Europako Funtsen turismo-sektoreari
Gaur, Turismoko Konferentzia Sektorialaren ondoren, Turismoko bigarren Lurralde Plana onartu da, 2 lerrotan antolatuta. Alde batetik, Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planak, eta, bestetik, Enogastronomiako Turismo Plan Nazionala osatuko duten proiektuak. Ezohiko bigarren deialdi honetara 17 PSTD aurkeztu dira Euskadin, beste horrenbeste toki-erakunderi dagozkienak. Laguntza-lerro honetan 10 proiektu hautatu dira, 26.270.000 euroko inbertsioa jasoko dutenak.
2 foru-aldundik, 4 udalek eta 4 udalerri-mankomunitatek egindako proiektuak dira. 3 hiri-helmuga, natura-gune 1, berezko nortasuna duten 4 landa-helmuga eta kostaldeko 2 landa-helmuga turistiko dira.
Enogastronomia Planak 51,4 milioi euro izango ditu, eta horietatik 7,6 milioi gaur onartu diren Euskadiko 2 proiektuetara bideratuko dira.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak nabarmendu duenez, bere Sailak Euskadiko turismo-eragileekin (aldundiak, udalak, eskualdeak eta mankomunitateak) izandako koordinazioaren emaitza dira proiektu horiek, bai eta garapen turistikoko agentziekin eta Turismo Ministerioarekin eta Estatuko Idazkaritzarekin batera egindako lanaren emaitza ere.
Lurralde Plan hau Espainiako Gobernuaren Jasangarritasun Turistikoaren Estrategiaren parte da, eta 615 milioi euro bideratuko ditu Next Generation EU berreskurapen-funtsetatik. Euskadik 67 milioi jasoko ditu 3 deialditan 2023ra arte; 2021eko lehen deialdian 24 milioi jarri ziren.
Sektore turistikoaren modernizazio- eta lehiakortasun-planean edo Espainiako Gobernuaren Berreskuratze-, Eraldatze- eta Erresilientzia-planaren 14. osagaian sartutako inbertsiorik garrantzitsuena da, eta 3.400 milioi euroko zuzkidura du sektore turistikoari zuzendutako zuzeneko eta berariazko inbertsioetarako.
Javier Hurtado Turismo sailburuak bilera bat izango du datorren ostiralean, 1: 00etan, plan honen hartzaile diren toki-erakundeekin, Donostiako Miramar jauregian. Komunikabideei irekitako topaketa honek Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Planak ahalbidetuko dituen inbertsio zehatzak eta proiektuak zehatz-mehatz azaltzeko balioko du.
Euskadirako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planak ondorio eraldatzailea lortu nahi du helmugen modernizazioan, lurralde-kohesioa eta turismo-garapen orekatua indartuz, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren babespean.
Aukeratutako destinoak, proiektuaren egokitasuna barematzeko irizpideari dagokionez, honako hauek dira: Vitoria-Gasteiz, Santurtzi, Barakaldo, Geoparque de la Costa Vasca, Tolosaldea, Uribe, Valdegovía-Añana, Ordizia eta bide berdeekin eta meatze-paisaiekin lotutako 2 proiektu, bat Arabakoa eta bestea Gipuzkoakoa. Arabako Errioxako eta Donostiako proiektuak Enogastronomiako Turismo Plan Nazionalaren esparruan hautatutakoak dira.