Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2022/12/16)

2022-12-16

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osakidetzaren egoerari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez Osakidetza osatzen duen kolektibo zabalaren gobernantza eraginkorrak eskumenen definizio zehatza, funtzioen banaketa zehatza eta erabakiak hartzeko egitura zehatza behar ditu. Horrela, adierazi du Osakidetzaren gobernantza eredua gardena eta parte hartzailea dela. “Kudeaketa-eredua BAT da eta ekintza-batasuna, oreka eta sareko lana bermatzen ditu. Euskadik herri-ikuspegia eta efizientzia dituen osasun-zerbitzua du. Osakidetza erakunde bat da, Herrialde baterako osasun publikoko zerbitzu bat”, adierazi duenez.

“Zailtasun eta arazoak ditugu, zalantzarik gabe. Beti izan ditugu, baina zure galderari erantzunez: Osakidetzaren gobernantza-ereduan, arduradunetan eta profesionaletan konfiantza osoa daukat. Denok Osakidetzaren zerbitzuaren kalitatea, arreta eta antolaketa hobetzen jarraitzeko xedea partekatzen dugu eta denon artean bideratuko ditugu konponbideak”, esan du Lehendakariak. Hori da hain zuzen ere Osakidetzaren Plan Estrategikoaren xedea: testuinguru berrian osasun zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzen jarraitzea.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osakidetzan irekitako krisiari buruz.

Lehendakariak azaldu duenez, erakundeetan maiz gertatzen dira kargu-uzteak, aldaketak edo dimisioak, eta, orain arte, aldaketa horiek ez dituzte inolako eraginik izan herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan. “Ziur naiz aldaketa hauekin ere berdina gertatuko dela. Guztion lehentasuna da herritarrei eskainitako arreta bermatzea eta hobetzen jarraitzea”, esan du. Horrela, Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak konpromiso osoa duela osasun publikoarekin. “Gure Programan dago, gure Aurrekontuetan, eta gure gizarte-politiken DNAren parte da”, adierazi du.

Hala, Urkulluk ziurtatu du Osakidetzak Eusko Jaurlaritzaren erabateko babesa duela, eta horren erakusgarri, 2023ko ekitaldirako aurrekontuan jasotako partida batzuk aipatu ditu: Osakidetzaren aurrekontua 4.600 milioitik gorakoa izango da; pertsona bakoitzeko 2.100 euro inbertituko dira osasun publikoan; egiturazko plantilla 31.000 pertsonatan kokatuko duten 919 plaza aurreikusten dira; inbertsio berriak aurreikusten dira Basurtuko Ospitalean, Bolueta, San Ignacio, Urduliz, Sondika edo Zallako osasun-zentroetan; protonterapia-zerbitzua eta inbertsio berriak aurreikusten dira Donostia Ospitalean eta Alde Zaharreko, Altzako, Loiolako, Tolosaldeko, Ordiziako, Bergarako, Elgoibarko edo Aretxabaletako osasun-zentroetan; Arabako Unibertsitate Ospitalearen eta Alde Zaharreko osasun-zentroen bigarren fasea aurreikusten da….“Hori da, Gorrotxategi anderea, Eusko Jaurlaritzak osasun publikoarekin duen konpromisoak herritarrengan izango duen “eragin positiboa””, adierazi du Lehendakariak.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Osasun Sailaren krisi larriari eta horrek Osakidetzan duen eraginari buruz.

Iñigo Urkullu azpimarratu du Osasun Saila ez dela ari  krisi larri bat jasaten eta Osakidetzaren zerbitzu publikoa bere horretan mantentzen dela. “Nire balorazioa da Osakidetzak “hazkunde krisi” bat bizi duela”, zehaztu du.

Hala ere, Lehendakariak onartu du hobetzen jarraitu behar dela, eta “horregatik jarri dugu martxan hausnarketa ireki bat, profesionalekin batera etorkizuneko estrategia adosteko eta bideratzeko, horregatik onartu dugu Osakidetzak inoiz izan duen aurrekonturik handiena, horregatik jarraitzen dugu, egunean egunean, eskaintzen dugun arreta hobetzen”, adierazi du.

Duela bi urte et erdi hasi zen pandemian jarraitzen badugu ere, Lehendakariak esan du osasun publikoaren zerbitzua bermatuta dagoeka gizarte osoarentzako eta pertsona bakoitzarentzako; eta osasun publikoa hobetzearen aldeko jarrera indartu egin dela, Euskadin eta mundu osoan. “Helburu horietan aurrera egiten jarraitzeko ahalegin guztia egiteko konpromisoa berresten dugu gaurkoan”, gehitu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko ondoz ondoko krisien kudeaketari buruz.

Lehendakariak positibotzat jo du Gotzone Sagardui sailburuak legegintzaldi honen hasieratik gidatutako kudeaketa.

Legegintzaldi hau 2020ko irailean hasi zen, pandemian sei hilabete generamatzanean. Orain bi urte eta hiru hilabete bete dituzte legegintzaldiak eta pandemiak. Hainbat datu aztertu ondoren, Urkulluk ondorioztatu du Euskadi test gehien egin dituen erkidegoen artean dagoela; txertaketa-emaitzak Europako altuenen artean daude; eta hildako pertsonen hazkunde txikiena izan duen erkidegoetako bat dela. Lehendakariaren iritziz, euskal osasun-sistemak, bere profesional guztiek, Osakidetza osoak eta Osasun Sailak aurrekaririk gabeko ahalegin gizatiar eta operatiboa egin dute. “Lan handia egin dute, eta apartekoaren eskakizunei eta ohikotasunaren beharrei erantzun diete”, gaineratu du.

Hala, Iñigo Urkulluk adierazi du osasun-zerbitzuak Jaurlaritzaren lehentasuna direla, “osasuna delako euskal herritar guzti-guztiei dagokien ondasun komuna. Gure ondasun komuna da”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)