Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak emakumeen ahalduntzea eta gizonen inplikazioa aipatu ditu berdintasuna lortzeko funtsezko osagai gisa

2022-12-14

Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera inauguratu du gaur goizean “Gizonak, maskulinitateak eta politika publikoak. Berdintasunarekiko konpromisoa” nazioarteko kongresua Gasteizeko Europa Jauregian.

Kongresuak Emakunderen Gizonduz ekimenaren 15 urteko ibilbidea omentzen du. Programa horren helburua gizonek berdintasunaren alde parte hartzea, kontzientziatzea eta inplikatzea sustatzea da. Proiektu hori, hasiera-hasieratik, emakumeen ahalduntze-lanaren osagarri eta indargarri gisa bideratu zen. Hain zuzen ere, lehendakariak bi osagai horiek nabarmendu ditu berdintasuna lortzeko funtsezkotzat: “Emakumeen ahalduntzea eta gizonek berdintasunarekin duten inplikazioa dira, konbinatuta, berdintasunezko gizarte baterantz eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz aurrera egitea ahalbidetzen diguten bi osagaiak”.

Urkulluk gogora ekarri ditu gizonak berdintasunarekin inplikatzeko nazioarteko agindu eta akordioak, hala nola Beijingo Adierazpena, 2030 Agenda edo Europako Kontseiluak 2014an onartutako Istanbulgo Hitzarmena. Lehendakariaren hitzetan, “Euskadi aitzindaria izan da konpromiso horiek hartzen; gure berdintasun-politika publikoen bidez egin dugu, eta, zehazki, Emakunderen Gizonduz programaren bidez, eta berdintasunaren bide horretan aurrera egiten jarraitzen dugu”.

Aurrera egiteko beste tresna batzuen artean, emakumeen eta Gizon eta Emakumeen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Lege berria nabarmendu du, printzipio orokorren artean jasotzen baitu botere publiko guztiek zeharka sustatu behar dutela gizonek berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka kontzientziatzea, parte hartzea eta inplikatzea. Honekin batera, aipatu du Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako Indarkeriarik Gabeko Bizitzaren aldeko Herri Ituna ere eta euskal gizarte osoa atxikitzera gonbidatu du.

Lehendakariak ezinbestekotzat jo du gizonek bi eremu nagusitan urratsak ematea: “zaintzan eta etxeko lanetan eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren prebentzioan”. Eta beste bat gehitu du: “Berdintasunaren transmisioa”. Bere hitzetan, "belaunaldi berriei erakutsi behar diegu badagoela gizon izateko beste modu bat, badagoela harremanak izateko beste modu bat, berdintasunean oinarrituz”.

Bestalde, Beatriz Artolazabalek adierazi duenez, duela hamabost urte, “Emakundek Gizonduz ekimena sortu zuenean, gure herrian berdintasuna lortzeko ezinbesteko bide bati ekin zitzaion, eta mezu hau helarazi zion gizarteari: gizonen inplikazioa funtsezkoa da berdintasunezko gizartea lortzeko”. Sailburuak  duela 15 urte Gizonduz sortu eta bultzatu zuten pertsonen ekarpen baliotsua eskertu du. Adierazi duenez,  “etorkizunera begira gaude, hurrengo belaunaldia berdintasunarena izatea nahi dugulako, eta etorkizuna erronkaz beteta aurkezten zaigulako”.

Ohartarazi du, halaber, berdintasunaren aurkako diskurtsoak azaleratzen ari direla; izan ere, bere ustez, “berdintasunaren aurrerapenaren sintoma dira, aurrera pausoen aurreko erreakzioa, baina erne egon behar dugu horien aurrean”. Sailburuak gogorarazi duenez, azaroaren 25ean sentsibilizazio-kanpaina bat abiatu da gizonentzat, “desberdintasunaren aurka matxinatzen diren eta gizonen korporatibismoa hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa delako indarkeria geldiarazteko”.

Inaugurazioaren ondoren, maskulinitateen aditu eta Equimundo-ko zuzendari den Gary Barkerrek hitzaldi bat eskaini du politika publikoen bidez gizonekin lan egiteko gakoak emanez, Gizonduz ekimenaren koordinatzaile Ander Bergararekin batera. Ondoren, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Gizonduz-en 15 urteko ibilbideari buruzko datuak eta ondorioak eman ditu mahai-inguru batean. Mahai hori Nafarroako, Kanarietako Emakumeen Instituetako eta Bartzelonako Udaleko Berdintasun zuzendariarekin Eva Isturizekin, Kika Fumerorekin eta Laura Perezekin (EUDELeko Eukene de Miguelek moderatuta) partekatu du. Bere hitzetan, Gizonduz «apustu ausarta» izan zen, gizonekin eta maskulinitateekin lan egitea hain ohikoa ez zen garaian, eta orain baino gehiago zegoen zalantzan. “Hamabost urte geroago, ekimen aitzindari eta erreferente bihurtu da Euskaditik kanpo ere”, esan du.

DOSIERRA:GIZONDUZEK 15 URTE. EGINDAKO BIDEA

Honekin batera, egunean zehar beste mahai inguru batzuk egin dira eta gazteei zuzendutako jarduerak egin dira, Berdinaldia laborategia gunean. Berdinaldiaren ekimena bihar ere egingo da Kongresuaren azken egunean.

KONGRESUAREN PROGRAMA OSOA

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak