Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak 2.215 eskari jaso ditu etxebizitzen, lokalen eta eranskinen titulartasun osoa azalera-eskubidean eskuratzeko

2011.eko azaroak 23

 

Sailarentzat, ekimenak erantzun oso ona jaso du

 

Etxebizitza Sailak 2.215 eskari jaso ditu etxebizitzen, lokalen eta eranskinen titulartasun osoa azalera-eskubidean eskuratzeko. Lurraldeka, 490 izan dira Araban, 940 Bizkaian eta 785 Gipuzkoan. Jabeen %33,86k aurkeztu du eskaria lurzoruaren jabetza eskuratzeko.

Aurkeztu diren eskarietatik, 1.834 dira baldintza guztiak betetzen dituztenak eta Sailak onartu dituenak. 20 milioi euro inguru bilduko ditu horrela Gobernuak, eta babestutako alokairua sustatzeko bideratuko ditu.

Etxebizitza Sailak sustatutako bigarren eragiketa hau ekainaren 1ean hasi eta uztailaren 31an amaitu zen eta 6.541 eraikini zuzenduta zegoen (1.826 Araban, 2.670 Bizkaian eta 2.045 Gipuzkoan). Horietako gehienak 2003a geroztik eraikitakoak dira eta behin betiko sailkapena daukate.

Diru-sarrera mugak ezarri ziren lurzoruaren jabetza osoa eskuratzeko, 25.000 euro araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzen edo etxebizitza sozialen kasuan eta 39.000 euro araubide orokorreko etxebizitzen kasuan.

Sailaren aurreikuspenak gainditu egin dira, izan ere, bai lehenengo eragiketak eta bai bigarrenak oso harrera ona izan dute babestutako etxebizitzen jabeen aldetik, eta are gehiago egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Ekimena, beraz, arrakastatsutzat jo daiteke.

Lurzorua erosi dutenek euren etxebizitzaren edo eranskinaren jabetza osoa eskuratu dute. Horrela, 75 urte igarota ez diote Administrazioari eraikina itzuli beharko eta eraikina ez da apurka-apurka balioa galtzen joango erosi zeneko 75 urteak hurbiltzen joan ahala. Hori guztia, gehieneko prezioak kalkulatzeko 2010eko Aginduan bilduta dauden azalera-eskubideko etxebizitzen gehieneko prezioa kalkulatzeko oinarrien arabera. Aginduan jasotakoaren arabera, azalera-eskubide horren balioa hutsa izango da haren indarraldia agortzen denean.

Lurzoruaren balioa zehazteko, eraikinaren balio osoa kalkulatu da, eta gero zenbateko horri %10 gehitu zaio, lurzoruaren eragin-balioa dela-eta. Ordaindu beharreko azken prezioa jabetza horizontalaren partaidetza-kuoten arabera esleitu da, eta kuotari BEZa gehitu zaio.

Eragiketaren %100 estaltzeko eta izapidetze gastuetarako Jaurlaritzak epe luzerako finantzazioa eta interes baxua eskaini die lurzorua erosi nahi izan duten guztiei.

Prozesu horri ekiteko aukera Etxebizitzaren aldeko Itunean adostu ziren ekintzetako bat izan zen, eta Itun hori 79 erakunde sozialek eta ekonomikok sinatu dute dagoeneko.

Lehenengo eragiketa 2010ean zehar egin zen, 2003a baino lehenagokoak ziren eta behin betiko sailkapena ez zeukaten  etxebizitzei zuzenduta egon zen. Guztira, 13.193 etxebizitza ziren eta Etxebizitza Sailak 3.621 eskari izan zituen, hau da %27,45, nahiz eta, azkenean, 1.759 erosketa gauzatu ziren. Eragiketa horretan Etxebizitza Sailak bildutako zenbatekoa 17,1 milioi eurokoa izan zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan