
Lehendakariaren iritziz, nazioartekotzea «ezinbestekoa» da krisialdia gainditzeko
Nazioartekotzea eta I+G+B etorkizunaren oinarri dira EAEko enpresentzat
Lehendakariak aitortu duenez, Euskadik egoera zaila bizi du, inguruan «finantza nahasmendua» dago eta zerga bilketaren beherakadak «gerrikoa estutzera behartzen gaitu»; halere, «zenbait gauzetan ez dago zuhurkerian ibiltzerik; ez dugu zekenkerian ibili behar, eta nazioartekotzea horietako bat da. Horregatik, 2012ko aurrekontuetan arlo honetarako partidak %6 handitu ditugu», adierazi du Lehendakariak.
Nazioartekotzea «betebeharra» eta krisialdia gainditzeko «irtenbiderik onena» izateaz gain, «hazteko berme sendoa» ere bada, erantsi du gaur Patxi López Lehendakariak.
Arabako Merkataritza Ganberak antolatuta, Jardines de Uleta hotelean (Gasteiz) parte hartu du lehendakariak Arabako Enpresen Nazioartekotzerako XXVI. sariak banatzeko ekitaldian. Lópezekin batera, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak, Merkataritza Ganberako buruak, Arabako ahaldun nagusiak, eta Gasteizko alkateak ere parte hartu dute.
Lehendakariak hitzaldian adierazi duenez, Euskadin «merkatu global horretan lehiatzen jakin badakigu», eta iragarri du aurtengo lehen seihilekoan esportazioek %15 baino gehiago gora egin dutela. Adierazi duen bezala, enpresek bide hori jarraitu behar dute eta EAEko garai berria «baliatu» behar dute; izan ere, «Indarkeriaren eragozpenik gabeko Euskadik kanpoan ahalmen handiago izango du, negozio-aukerak kanpoan bilatzeko nahiz ekonomia bultzatzen duten atzerriko inbertsioak erakartzeko». Lan horretan, halaber, enpresek Eusko Jaurlaritzaren babes osoa edukiko dute, arlo honetako jarduerak «biderkatuko» baititu.