Berriak Kultura

Gallartako Bodovalle aire zabaleko meategia sailkatutako kultura-ondasun (monumentu-multzo izendapenaz) deklaratzeko Dekretua onetsi dute (2011-11-22(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko azaroak 22

Dekretua, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) Gallartako Bodovalleko aire zabaleko meategia Monumentu-multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena

Gobernu Kontseiluak gaur egin duen bileran onetsi egin du Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) den Gallartako Bodovalleko aire zabaleko meategia sailkatutako kultura-ondasun (monumentu-multzo izendapenaz) deklaratzeko Dekretua. Halaber, Sailkatutako Ondasunaren deskripzio formala egin dute, kultura-ondareari buruz indarrean den legeriak aurreikusten dituen ondorioetarako, eta horren babes-araubidea onetsi dute.

Bodovalleko aire zabaleko meategia mozketa geologiko handi bat da, 700 metroko luzera, 350 metroko zabalera eta 150 metroko sakonera (itsasoaren mailatik -37 m-tara) du. Bizkaiko meatze-arroan aire zabalean zen azken ustiategia ez ezik, handiena ere bada. Concha 2.a, Manuelita, San Miguel, San Benito eta Ser meatzeen emakidetan dago. XIX. mendearen amaieratik ustiatzen ziren aipatutako meatze horiek.

Aire zabaleko meategiak zein horiekin lotutako elementuek lehen mailako kultura- eta industria-paisaia osatzen dute; leku horretan elementu ukigarri eta ukiezin batzuek elkarri eragiten diote. Ezinbesteko elementu dira Euskadiko industrializazio-prozesua meatze-eremu nagusienean nola burutu zen ulertzeko. Bodovalleko bikaintasunari, kokapenari eta geo-aniztasunari esker, multzoa euskal eta kantabriar arroko burdinaren mineralizazioaren eredu bihurtu da.

Hona hemen monumentu-multzoan sartzen diren elementu eta eraikinak:

  • Babes bereziko mailarekin: Bodovalle aire zabaleko meategia eta geologia elementuak, Orconera trenbidearen lur-berdinketako obra (San Miguel meatzetik ateratako mineralak Lutxanako kaiera eramateko aireko tartetik), +48 kotan zegoen galeriarena ahoa (Concha II.etik Cadegaleko kiskaltze labeetaraino joaten zen trenbiderako sarrera), plano inklinatua, jardinera eta beraiekin lotutako elementuak eta Ezequiela Meatzeko gaztelutxoa.
  • Oinarrizko babes mailarekin: Gallarta zaharreko meatzarien etxeak eta hiltegiaren jatorrizko eraikina (gau egun Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa da).
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan