Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia aurkeztu du

2022-12-07

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Jonan Fernandez, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarekin batera. Berak, Gazteen Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia aurkeztu du. Orain, bi hilabeteko epea ireki da ekarpenak jasotzeko eta martxoan onartzea aurreikusten da.

Jonan Fernandezek azaldu duenez, emantzipatzeko adina aurreratzea helburu estrategikoa eta lehen mailako lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat, atzerapenak gazteen bizi-proiektuen garapena hankaz jora jartzen baitu, eta desoreka demografikoari laguntzen baitio. Horrela, Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren helburua da emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtera murriztea 2030ean, eta emantzipazio-tasa, 25 eta 29 urteen artean, egungo % 39,5etik % 50era igotzea. Horretarako, 10 trakzio-proiektu eta 26 ekimen osagarri biltzen ditu, 5 eremutan egituratuta: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzako emantzipaziorako laguntza bat nabarmendu du berritasunen artean. Bere ezaugarriak xehetasun-azterketaren fasean daude. Ondorioak martxoan ezagutuko dira.

Honekin batera, neurri nagusiak honako hauek dira:

  • 13.500 enplegu sortzea 2023-24an, Gazteen Enplegurako Talka-planaren sei programen bidez, eta beste 14.000, enplegu-programa orokorren eraginez.
  • Gazteentzako kupoa handitzea etxebizitza-sustapen publikoetan, eta alokairurako laguntzak 300 eurora arte handitzea.
  • 2023an, erronka demografikoko planean aurreikusitako gazteentzako mailegu-programaren oinarriak prestatzea.
  • Trapezistak programa, familia-sarerik ez duten gazteei laguntzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) 18 urtera arte eskuratzeko adina murriztea, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira.
  • Erresilientzia. Emantzipazio-ibilbideak bultzatzeko aholkularitza-zerbitzua eratzea.

Testuinguru honetan, hamargarren trakzio-proiektuak gazteriarekin eta gazteriaren aldeko herri-ituna bultzatzea planteatzen du. “Gazteriarengatik, herriarengatik eta etorkizunarengatik adostasun zabalena komeni da. Jaurlaritzak ikuspegi horrekin lan egingo du”, adierazi du Fernandezek.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Jaurlaritzak Segurtasun sailak proposaturiko dekretu berri bat onartu du Ertzaintzari, Euskadiko udaltzaingoei eta merezimenduzko ekitaldiak egin dituzten pertsona eta erakundeei dominak, zorionak eta gainerako ohorezko kondekorazioak ematea bateratzeko. Errekonozimendu horien bidez, segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handia duten jarduerak saritu nahi dira, bai eta Ertzaintzaren edo udaltzaingoen onerako edo prestigiorako den jarduera erabakigarriagatik ere.

Gainera, Jaurlaritzak 4 milioi ta erdi euro bideratuko ditu Euskadiko udalen bitartez gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak egiteko. 179 langabek parte hartu ahal izango dute proiektu horietan. Deialdi honetan 12 udalek onartu eta sustatutako enplegu-programa finantziatuko dira eta udal horiek dira: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Arrasate, Bermeo, Errenteria, Irun, Leaburu, Sestao, Eibar, Soraluze eta Elgoibar.

Arrantza-sektoreari aparteko laguntzak ematea onartu du gaurkoan Gobernuak, lehiakortasunari eusten laguntzeko eta Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoak arintzeko. Aparteko laguntza honen zenbatekoa 4 milioi eurokoa da, eta gasolioaren kostuak finantzatzeko erabiliko da zehazki. Bozeramaileak adierazi duenez, Gobernuaren ustez, funtsezkoa da gure lehen sektoreak Ukrainako gatazkaren ondorioz jasandako eragina minimizatzen saiatzea, eta horregatik akordio bat hartu zuen apirilean hainbat eremu ekonomikotan gerrak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialak arintzeko. Horrela, 143 milioi euroko funts ekonomiko bat sortu zen, Errusiak Ukrainan egindako inbasioak euskal ehun ekonomiko osoan dituen ondorioei aurre egiteko, eta horien artean dago orain arrantzaleei aktibatu zaien kopurua.

Halaber, Gobernu Kontseiluak Luzaro enpresari 25 milioi euroko abala ematea onartu du gaur, Europako Inbertsio Bankuaren aurrean aurkezteko. Kreditu-lerro hau Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen garapena babesteko eta inbertsio-proiektuetarako finantzaketa-bideak errazteko da.

Hezkuntza arloan, adostu da zuzeneko dirulaguntza bana ematea UPV/EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari hiru eremu hauetako programak eta ekintzak finantzatzera bideratzeko: eraldaketa digitala unibertsitatean, Unibertsitatea+Hezkuntza proiektuak eta osasun-ikasketetako programak. Hiru dirulaguntza hauen batura ia 4 milloi eurokoa da.

Etxebizitza gaiei lotuta, Irungo Aleiko esparruan alokairu-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen sustapen bat garatzeko Irungo Udalarekin hitzarmen bat sinatzea baimendu da. Akordio horri esker, Etxebizitza Sailak 60 babestutako etxebizitza eraiki ahal izango ditu, eta hartzaileak Gipuzkoako udalerri horretan erroldatutako pertsonak izango dira nagusiki.

Gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran, Euskadiko Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretua onartu da, Euskadiko arreta soziosanitarioa ehuntzen duten harreman profesional, antolamenduzko eta interinstituzionalen konplexutasuna jasotzen eta kudeatzen duen dokumentua. 2021az geroztik, Euskadik Arreta Soziosanitarioko Estrategia bat du, gaur onartutako gobernantza-dekretu honek zeregin hori antolatzen du, eta arreta soziosanitarioaren errealitateari aurre egiten dio, errealitate eta erronka konplexuekin, hala nola bizi-itxaropenaren igoerarekin, jaiotza-tasaren jaitsierarekin eta, nabarmenki, biztanleriaren pixkanakako zahartzearekin.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • 2022-12-08

    Los jóvenes no necesitan limosna, los jóvenes necesitan un gobierno que mire por que tengan un trabajo digno y duradero, vivienda digna y accesible, no necesita limosnas para que luego tengan que cobrar la RGI que genera deudas y tengan que volver a casa de sus padres endeudados por una ayuda que el gobierno utiliza para estafar.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak