Neskak libre izateko eta beldurrik gabe bizitzeko aldarria nagusi aurtengo Beldur Barik lehiaketako lan irabazleen artean

2022-12-02
  • Ondarroa, Gasteiz, Erandio, Bergara, Bilbo, Iurreta eta Donostiako gazteek eraman dituzte aurtengo sariak
  • Sestaon ospatu da topaketa, Beldur Barik Herria 2022 izan delako

 

 

Sestaok 2022ko Beldur Barik Topaketa hartu du gaur arratsalde eta iluntzean eta bertako Musika Eskolan banatu dira Beldur Barik ikus-entzunezko Lehiaketaren sariak. Gazteek emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eta berdintasunezko gizarte baten aldeko jarrera erakutsi behar duten lehiaketako irabazleak Ondarroa, Gasteiz, Erandio, Bergara, Bilbo, Iurreta eta Donostiakoak izan dira eta jorratu dituzten gaien artean nagusia izan da neskak libre izateko aldarria, hain justu, aurtengo Beldur Barik abestiak, Izaroren “Libre” kantak, aldarrikatzen duena. Beldur Barik Topaketa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan, antolatutako programaren barruan kokatzen da.

Arratsaldean zehar gazteek zenbait tailerretan parte hartu dute: autodefentsa feminista, dantzaren bidezko ahalduntzea, neskak eta bideo-jokoak, elikadura osasungarria, rap feminista eta maskulinitateak landu dituzte, besteak beste. Arratsaldeko 19:00etan kalejira batean elkartu dira denak eta. 19:30etan hasi da Beldur Barik lehiaketako sari-banaketa Musika Eskolan. Libe Pradera, Julen Portillo eta Iholdi Beristain gazteek aurkeztu dute aurtengo gala.

Aurten 20 urtera jaitsi da lehiaketan parte-hartzeko adina, hau da 12 eta 20 urte bitarteko EAEko gazteek parte har zezaketen, aurreko urteetan 26 urte arterako gazteek parte har zezaketen eta hala ere, datu oso onak jaso dira, 300 lan baino gehiago aurkeztu dituzte, gehienak taldean egindakoak.

Irabazleak

Lehenengo kategorian, 12 eta 14 urte bitartekoak, izan dira lan gehien aurkeztu dituztenak, ia erdiak (% 44), eta kategoria honetako lan irabazlea ‘Aske bizi’ lana izan da, Ondarroatik. Prozesu lanketa bat egon dela nabaria da lan  eta baita mutilen inplikazioa ere. Aipamen berezia, berriz, ¡Queremos que se nos escuche! lanari esleitu zaio, Gasteiztik iritsi da lan hau, Judimendi-Aranako kale heziketako programatik. Egunero bizi dituzten indarkeria matxisten inguruko hausnarketa sakona egin dutela nabaria da.

Bigarren kategorian, 15 eta 17 urte bitartekoen kategorian (lanen % 36) Gure Gorputzak gureak ote dira?’ lanak jaso du sari nagusia, Erandioko Jado ikastetxetik aurkeztu dute lan hau, eta lanketa sakona egon dela nabaritzen da, eredu eta erreferente ugari erabili dituzte. ‘Bizitzarengatik Borrokan lanari egin zaio aipamen berezia, Bergaratik bidali dute taldeko lan hau eta konposaketa eta kantua beraiek sortu dute.

Eta 18 eta 20 urte bitarteko gazteek aurkeztutako lanei dagokienez (lanen % 15), hirugarren kategorian, Bilbotik aurkeztutako ‘Samsara-Renacer lanak eraman du sari nagusia, oso mezu borrokalaria islatu dute eta ikuspegi historikoa eman diote bideoari, atzetik lan handia egon dela nabaria da. Aipamen berezia, aldiz, Iurretara joan da, ‘Libre Izan Nahi dut, ez Ausart’ lanarentzat. Gaur egun neskek gauean etxera joateko orduan sentitzen duten beldurra islatu dute, irainen erreapropiazioa ikusi da eta bukaeran ahalduntze kolektiboa.

Ikus-entzunezko onenari saria Donostia aldera joan da, ‘Puntuka’ lanak eraman du. Eguneroko indarkeria erakusten du, arropa eta janzkera ahalduntze baliabide gisa erabili dute eta oso lan originala eta artistikoa da.

Azkenik, herri bozkari dagokionez, hau da, beldurbarik.eus webgunearen bidez herritarrek gehien bozkatu duten lana (1007 boto) ‘Rolak Irauli’ izan da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak