Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak diruz lagunduko ditu energia-eraginkortasuna hobetzea xede duten birgaitze-jarduketak

2011.eko azaroak 22

 Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu egin du etxebizitzak birgaitzeko finantza-neurriei buruzko aginduaren aldaketa. Aldaketak honako diru-laguntza hauek aginduaren barnean hartzea du helburu: Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren Txostenak egitekoak, eta eraikinen inguratzaile termikoan (energia-eraginkortasuna hobetzeko xedez) esku hartzekoak.

Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren Txostenak egiteko diru-laguntzak gehienez ere 1.000 eurokoak izan daitezke, eta inguratzailean jarduketak egitekoak gehienez ere 30.000 edo 45.000 eurokoak.

Aldatu den aginduak finantzazio kualifikatua lortzeko sarbidea arautzen du. Zehazki, baldintza bereziko maileguak eta itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango zaizkie jabeen erkidegoei eta pertsonei, birgaitze-jarduketa babestuak egiten badituzte.

Beste datu berri batzuen artean, aginduan jaso da Jaurlaritzak ordainduko dituela 50 urtetik gorako eraikinen eta etxebizitzen ikuskaritza teknikoa egiteko beharrezko txosten teknikoak egiteagatik ordaindu beharreko lan-zerbitzu sariak. Kasu horretan, zerbitzu-sarien %100eko diru-laguntza jaso daiteke, eta gehienezko muga 1.000 eurokoa izango da.

Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren txostenak funtsezko baliabideak dira, eraikitako parkea zehatz-mehatz zein egoeratan dagoen jakin ahal izateko. Hala ere, txosten horiek, duda barik, baliagarriak dira eragileek beren jarduketak bideratu ahal izateko, pertsonen segurtasuna eta ondasunen osotasuna kontuan hartuta.

Gainera, agindu berrian sartu dira eraikinen inguratzailearen egoera (fatxadak, teilatuak, leihoak) hobetzeko diru-laguntzak; eta, horrez gain, egun arte aintzat hartu ez diren irizpide batzuk badaude, alegia, ikuspegi global batetik higiezinaren energia-kontsumoa murrizteari buruzkoak. Horregatik, esku-hartzeak osoa izan beharko du.

Neurri horiek diru-itzulerak ekarriko dizkiete jabeei: batetik, berokuntza sortzeko sistemek energia gutxiago kontsumituko dutelako (hortaz, energia eta dirua aurreztuko dituzte); eta, bestetik, eraikitako parkea modernizatuko dutelako.

Sailaren konpromisoa, berotegi-efektua duten gasen igorpena eta dauden eraikinetan energia-kontsumoa murriztekoa, lehen neurri honetan islatuta dago. Izan ere, neurri honen bitartez, energia-eraginkortasunaren aldagaia sartu da jabeen erkidegoei eta partikularrei ematen zaizkien diru-laguntzetan.

Esku-hartze hori sustatze aldera, lehen aldiz proposatu da laguntzak haztatzeko sistemak hobekuntza-maila kontuan har dezala, diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko.

Egun arte, "2. motako obra" gisa zehaztutako obren artean jasota zeuden energia-eraginkortasuna hobetzeko eraikinean egiten diren moldaketa-obrak, baina ez zegoen zehaztapen gehigarririk ezarrita: higiezinen fatxadetan esku hartzea erabakitzen zuten jabeen erkidegoek diru-laguntza bera jasotzen zuten isolamendu-lanak eginda ala ez.  

Horregatik, bete beharreko irizpide zehatzak ezarri dira diru-laguntza berri horiek jaso ahal izateko. Diru-laguntza berrien bidez, jabeen erkidegoek egun arte jaso ahal zuten gehienezko diru-laguntzen zenbatekoa nabarmen igo da.

- Inguratzaile osoan (%100), alegia, fatxadetan, leihoetan eta aire zabalean dauden forjaketan esku hartzen duten birgaitze-jarduketa babestuetarako diru-laguntza babes daitekeen aurrekontuaren %30ekoa izango da, eta gehienezko muga 30.000 eurokoa, baldin eta lortutako isolamendu-balioak oin berriko eraikin bati, Eraikuntzaren Kode Teknikoa aplikatuta, eskatzen zaizkion balioen baliokideak badira, edo lortutako balioek eskatutakoen %50 ere gainditzen badute.

- %50 hori gainditzen duten jarduketek (Eraikuntza Kode Teknikoa +, CTE+ deritzona) babes daitekeen aurrekontuaren %50eko diru-laguntza jasoko dute, eta gehienezko muga 45.000 eurokoa izango da.

Egun arte, jabeen erkidegoei gehienez ere 3.000 edo 2.000 euroko diru-laguntza ematen zitzaien kasu bi horietan edo higiezina Birgaitze Integratuko Eremu baten barnean edo Eremu horretatik kanpo, hurrenez hurren, baldin bazegoen. Horregatik, nabaria da jarduketa-ildo horri eman zaion bultzada.

Erkidegoetako ordezkarien jarduerak eta esku hartuko duten teknikarien lana errazteko asmoz, atxikitako eranskin batean zehaztu dira laguntzak jasotzea ekar dezaketen hobekuntzak egiaztatzeko erabili beharreko ebaluazio-prozedura.

Hori horrela, bai Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean, bai 2010-2013ko Etxebizitzako eta Hiri Berrikuntzako Planean hartu ziren konpromisoak bete dira. Plan horretan jasota dago, besteak beste, eraikitako parkean esku hartu beharra, etxebizitzen energia-eraginkortasunaren egoera, berokuntza eta etxeko ur beroa sortzeko sistema teknikoen zentralizazioa eta irisgarritasuna hobetzeko.

Birgaitzea

EAEn 50 urtetik gorako 326.000 etxebizitza daude ia 80.000 eraikinetan. Horrek esan nahi du birgaitze-jarduketa ugari egin behar izango direla datozen urteetan.

 Eurostat-ek eman dituen energiaren azken erabilerari buruzko datuek (alorrez alor zehaztuta) diote EB-27 deritzon esparruan kontsumitzen den energiaren %24,58 etxebizitza-alorrean kontsumitzen dela. Dena den, EEEren datuen arabera, Euskadiko etxebizitza-alorrari %10,8 dagokio.

 Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak dionaren arabera, etxebizitzari lotutako energia-kontsumoa honela banatzen da: berokuntzan: %46; ur beroan: %20; etxetresna elektrikoetan: %16; janaria prestatzeko: %10; argietan: %7.

 Bizitegi-eremuko energia-kontsumoa murriztea lortu behar da, energia aurrezteko neurrien bidez, energia-eskaera txikiagotzea helburu duten jarduketak gauzatuz; eta, aldi berean, jarduketa horiei gehitu behar zaie behar bezalako energia-ekipamendu eraginkorrean inbertitzea, eta, energiaren erabilerari dagokionez, bizimodua iraunkorrago bihurtzea; hau da, energia erabiltzeko eta mantentzeko kultura aldatu behar da.

 2010ean, Jaurlaritzak eman zituen diru-laguntzei esker birgaitu ziren 19.497 etxebizitza. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan