Kontroleko osoko bilkura

2022-12-02

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, aurrekontu-prozesuari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ahal duen guztia egin duela 2023ko aurrekontuetarako herri itun bat lortzeko. “Gure borondatea ez da aldatu, aurten eta aurreko urtean aurrekontuak adostea izan da gure helburua”, adierazi du. 

Aurrekontu errealista eta bideragarria lantzeko oinarri sendoak jarri direla azpimarratu du Urkulluk. “Aurrekontu ausarta eta hedakorra:  1.100 milioiko gehikuntza duena. Aurrekontu soziala: ia % 80a  gizarte-politiketara bideratuta;  500 milioi gehiago Osasuna eta Hezkuntza sailetan”, gehitu du. Gainera, iaz EH Bildurekin itundutako urte anitzeko partidak ere sartu direla aipatu du: 30 milioi Osakidetzan eta 336 plaza berri lehen arretan; 15 miloi gizarte-politiketan eta Lanbiden. 

Horrela, Lehendakariak gogorarazi du aurrekontuen prozesua ez dela oraindik amaitu. Aurkeztu diren emendakinak aztertzen ari  direla azaldu du eta adostasunak lortzeko atea irekita jarraitzen duela adierazi du. “Dena den, ez da beharrezkoa besteei leporatzen saiatzea aurrekontu-itun bat lortzeari uko egin izana. Ausartak izan behar duzue, eta argi eta garbi adierazi behar duzue hitzarmenetik kanpo egotea erabaki duzuela”, amaitu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ikastetxe pribatu-itunduetan kuotak kobratzeari buruz.

Iñigo Urkulluk gogorarazi du hezkuntzarako sarbidean doakotasuna bermatzeko neurri zehatzak apirilaren 7an sinatutako hezkuntza-akordioan jasota daudela 11. eta 12. puntuetan, ekitateari eta bereizketaren aurkako borrokari buruzkoak; Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren 34. artikuluan; eta Kongresuan onartutako oinarrizko araudiaren 2. paragrafoa, 88. artikuluan. “Derrigorrezko hezkuntzaren doakotasuna gauzatzeko baliabide publikoak ematea dagokigu”, adierazi du.

Hezkuntzarako sarbidean doakotasuna lortzeko beharrezko neurriak inplementatzeak dakarren prozesuaren konplexutasunaz jabetuta, Lehendakaria prest agertu da ikastetxeekiko konfiantza-, konpromiso- eta erantzunkidetasun-esparru bat ezartzeko, eta Legeak onartu ondoren zehaztuko duenera pixkanaka egokitzeko jarduerak garatzeko.

Gainera, jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egiteko sistemak indartzen ari direla ziurtatu du. “Prozesu berri bat martxan jartzen ari gara. Kuoten kontrola indartzeko neurriak hartuko ditugu. Lehenik eta behin, inbentario bat egiten ari gara zehatz-mehatz identifikatzeko zer kuota mota kobratzen ari diren, eta soilik hezkuntzakoak ez diren kuotak baimentzeko. Bigarrenik, webgunean argitaratuko ditugu, haurra ikastetxe batean matrikulatzen duenak jakin dezan zer kuota mota kobratzen dituen eta zer helburu duen. Hezkuntzakoak ez diren zerbitzuengatik borondatezko kuotak izango dira”, azaldu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, zergen jaitsiera arduratsuari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du, Euskadin, pandemia sortu zenetik, eskura dauden ahalmen guztiak erabili direla zergen bidez familiei, autonomoei eta enpresei laguntzeko. “Neurriak adostu, onartu eta abiarazi ditugu eta neurri berriak hartzen jarraituko dugu”, esan du.

Gainera, datorren urtean zerga sistemaren ebaluazioa egiteko konpromisoa hartu dela gogorarazi du, eta ebaluazio hori egin ondoren, eta etorkizunera begira behar ditugun baliabideak aztertu ondoren, neurri berriak adosteko eta onartzeko konpromisoa erakutsi du. “Ez dugu ezezkorik eman; hori bai, erabaki bakoitza bere momentuan eta bere lekuan. Momentua datorren urtea izango da; eta lekua, Lurraldeetako hiru Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzar honekin batera”, gehitu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gobernuko kideen, goi-kargudunen, behin-behineko langileen eta Euskadiko sektore publikoko gainontzeko zuzendaritza-karguen Etika eta Gobernu Onaren Kodea betetzeari buruz.

Urkulluren esanetan, argi dago goi-kargudunek, behin-behineko langileek eta zuzendaritza-karguek Kode Etikoa betetzeko konpromisoa dutela. “Gobernuak Batzorde Etikoak kasu bakoitzean emandako gomendio eta ebazpen guztiak bete dituela eta beteko dituela berma diezazuket. Hori da gure konpromisoa eta erantzukizuna”, azpimarratu du.

Jakinik Kodeak eta haren jarraipen- eta ebaluazio-sistemak ez dutela bermatzen etikoki gaitzesgarriak diren jokabiderik ez egotea, Lehendakariak ziurtatu du Jaurlaritzak modu proaktiboan jokatzen jarraituko duela, gainbegiratze- eta kontrol-sistema guztiak hobetuz. “Gobernu honentzat lehentasunezkoa da bere karguen osotasunarekin eta herritarrei helarazten zaien konfiantzarekin zerikusia duen oro. Horregatik, gure Kode Etikoa aitzindaria eta erreferentea da Gobernantza Onaren esparruan”, adierazi du.

Interpelazioa, Eraitz Saez de Egilaz Ramos EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Gazteen emantzipazioa gauzatzeko gazte arloko politikak eraldatzeko dauden asmoei buruz.

Lehendakariak nabarmendu du emantzipazioa sustatzea lehen mailako lehentasuna dela politika publikoetarako eta, horregatik, gazteen emantzipazioan egiturazko aldaketak bultzatzen jarraitzeko asmoa duela Eusko Jaurlaritzak. Hala, urte honi dagozkion lau adibide jarri ditu, denak ere egiturazko aldaketak: Gazteriaren Legea eta Erronka Demografikoaren Estrategia onartu dira, Gazteria Zuzendaritza Lehendakaritzara joan da, eta datorren astean aurkeztuko da Gobernu Kontseiluan Gazteen Emantzipazioa Bultzatzeko Estrategia. 

Azken honi erreferentzia eginez, Urkullu azaldu du legegintzaldi honetako programaren konpromisoen artean ezartzen dela gazteen emantzipaziorako estrategia espezifiko eta zeharkako bat bultzatzea. Estrategia horrek 2030 urteari begira ekimen eta jarduera berriak biltzen ditu, batez besteko adina murrizteko eta emantzipazio-tasak handitzeko xedearekin, gazteen autonomia-prozesuei eusten bizkortuz eta lagunduz. Bide honetan, bideragarritasuna eta jasangarritasuna bermatu behar direla adierazi du Lehendakariak.

“Denbora daukagu herri honetako gazteei mesede egingo dien akordio on bat ehuntzeko. Herrialde-helburu bat da, eta lehen mailako lehentasun bat. Merezi du ahalik eta adostasun zabalena bilatzen saiatzea. Lankidetza eraikitzaile eta propositiboan parte hartzera gonbidatzen zaitut, Euskadiren orainaldirako eta etorkizunerako hain garrantzitsua den gai honetan adostasun hau eraikitzeko”, amaitu du.

Galdera, Laura Garrido Knörr euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, "soilik bai da baietz" legeari buruz.

Lehendakariak positibotzat jo du lege honek dakarren espiritua, baina lege honen aplikazioan nahi ez diren ondorio jakin batzuk izan direla adierazi du. Egoera horri premiazko irtenbidea bilatzearen alde agertu da Urkullu, batez ere, legearen helburua bermatzean oinarritutako konponbidea: emakumeei babes handiagoa eskaintzea. Haren arabera, irtenbide hori doktrinaren bateratzearen bidez bilatu behar da, bai legearen aldaketaren bidez, bi ekimenen bidez aldi berean.

Epe laburrean, jurisdikzio-organoek berehala interpretazio bakarrera iristeko beharra adierazi du. Epe ertainean, legea eta horrek izan ditzakeen nahi gabeko ondorioak arretaz aztertu behar dira, Lehendakariaren iritziz, aldaketa beharrezkoa balitz ere. Eta, epe luzera, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiarekin lanean jarraitzeko beharra planteatu du, genero-ikuspegidun prestakuntza etengabe hobetzeko.

“Epe labur, ertain eta luzera, batzen gaituen helburua bultzatzen jarraitu behar dugu: berdintasunean aurrera egitea eta emakumeei babes hobea eta handiagoa bermatzea”, azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak