Berriak Lehendakaritza

Pirinioetako Lan Elkarteak bere lurraldeko herritarren zerbitzura dagoen mugaz gaindiko lankidetza eredugarria indartzeko konpromisoa berretsi du

2022-11-30
  • Lehendakaria Pirinioetako Lan Elkartearen 40. osoko kontseiluaren buru izan da Arantzazun. Euskadi da gaur egun elkarte horren buru
  • Bilkuran izan dira Akitania Berria, Okzitania, Aragoi, Katalunia, Nafarroa, Euskadi eta Andorrako Printzerriko ordezkaritzak
  • Kontseiluak adierazpen bat onartu du. Adierazpen horretan, besteak beste, adierazi du ez dagoela ados duela urtebete baino gehiagotik hona Pirinioetako muga-pasaguneak ixtearekin, eta konpromisoa hartu du hidrogeno berriztagarria sustatzeko Pirinioez gaindiko lankidetza-protokolo bat bultzatzeko

 Lehendakaria Pirinioetako Lan Elkarteak gaur goizean Arantzazun egin duen 40. osoko kontseiluaren buru izan da, eta, amaitzeko, adierazpen bat onartu du. Adierazpen horretan, besteak beste, Pirinioetako zortzi muga-pasagune urtebetez baino gehiagoz ixtearekin ados ez dagoela adierazi du, eta Estatuen artean Pirinioez gaindiko konexio-azpiegiturak garatzeko egiten ari diren negoziazioak babestu ditu. Aldi berean, eskualdeek eta autonomia-erkidegoek erabakiak hartzeko orduan duten zeregina aldarrikatu du. Era berean, PLEko lurraldeek konpromisoa hartu dute Pirinioez gaindiko lankidetza-protokolo bat bultzatzeko, hidrogeno berriztagarria sustatzeko.

Osoko bilkura horri amaiera emateko ekitaldian, lehendakariak adierazi du Arantzazuko Adierazpena aurrerapauso bat dela lankidetzaren bidean. Hala, lehendabizi, elkartasunaren aldeko lankidetza aipatu du, hau da, EBk Ukrainari laguntzeko neurriak babestea; bigarrenik, trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko lankidetza aipatu du, Pirinioetan hidrogenoaren hub energetikoa eratzea helburu duen energiaren lantalde bat sortzea ahalbidetu duena; eta, azkenik, mugarik gabeko Europaren aldeko lankidetza aipatu du, pertsonen zirkulazio askerako eskubidea aldarrikatzen duena.


Jardunaldiaren beste une batean, Iñigo Urkulluk Pirinioetako Lan Elkartearen Pirinioetako Estrategia defendatu du −2024ra arte indarrean dago estrategia hori−, eta aurreratu du PLE hirugarrenez izendatu dutela INTERREG-POCTEFA 2027 programa kudeatzeko agintaritza. Programa horrek 243 milioi euro ditu, eta lehentasunezko lau ardatzen eta gobernantza berri baten bidez bideratuko dira. “Pirinioetatik eta Pirinioetan, lau helburu politiko lortzeko lan egingo dugu: Europa adimentsuagoa, berdeagoa, sozialagoa, eta pertsonengandik hurbilagoa” –esan du. 

Osoko bilkura inauguratu aurretik, ordezkaritzek Arantzazuko Santutegia bisitatzeko aukera izan dute, Lehendakariarekin, Arantxa Tapia sailburuarekin eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako arduradunekin batera. Ordezkaritza horien buru izan dira: Alain Rousset, Akitania Berria Eskualde Kontseiluko presidentea; Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria; Yann Hélary, Occitanie-eko Conseiller Régional-a; Meritxell Serret, Kataluniako Generalitateko Kanpo Harremanetarako eta Europar Batasuneko kontseilaria; José Luis Pinedo, Aragoiko Gobernuko Lehendakaritza eta Harreman Instituzionaletako idazkari nagusi teknikoa; eta  Maria Ubach, Andorrako Gobernuko Kanpo Arazoetako ministroa. 

Euskadiren buruzagitza

Gaur goizeko saioan, PLEk egindako jardueraren balantzea egin da, joan den abenduan Euskadik mugaz gaindiko lankidetza-organo horren buruzagitza hartu zuenetik.

Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendari eta PLEko idazkari nagusiak aurkeztu du balantzea, eta euskal buruzagitzak ezarritako helburu espezifikoen emaitzak azaldu ditu: POCTEFA 2021-2027 programa berria ezartzearenak; klima-aldaketaren Pirinioetako estrategia garatzearenak; kultura-aniztasuna eta -ondarea bultzatzea eta sustatzearenak; gazteek Gazteriaren Europako Urtearen testuinguruan parte hartzearenak; berrikuntza-ekintzak sustatzearenak; eta klima-aldaketari, kultura-ondareari, osasunari, gazteriari, ekonomia zirkularrari edo hidrogenoaren garapenari buruzko lantaldeak dinamizatzearenak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak